2013-09-17

Euskaratik urdura, gauero hazkura! میں ہر رات کھجلی کے طور پ ر اردو باس

Shameer, aurrera” esan eta sei lagun hurreratu dira kontsultara: aita, ama, azken honen besotan gure sei hilabetetako pazientea eta bere hiru anai-arreba nagusiak (lau, sei eta zortzi urtetakoak).

Jatorri pakistaniarra duen familia da, baina iada badira bi urte Elgoibarrera etorri zirela bizitzera eta ez dute inora bidaiatu. Amak ez du ulertzen gaztelaniarik, aitak hitz gutxi batzuk eta nik ez dut sekula urdua ikasi. Aitak esan dit “todo noche mucho llorido”. Gau guztia negarrez egongo ote zen? orain behintzat Shameerrek ez dauka min izatearen itxurarik, irriparre galantak egiten bait ditu ama begiratzen duen bakoitzean. Aitak keinu bidez gainontzekoek ere hazkura dutela esan nahi didala uste dut. Zazpi gaude kontsultan, hiru heldu elkar ulertu nahian, hiru ume euren artean urduz hizketan eta oraindik hitzegiten ez duen bularreko haurra. Egia esan oso ondo portatzen dira umeak, baina iada hasi naiz izerdi patsetan. Eta bat-batean zortzigarren bat sartu da kontsultara, Lurdes, pediatriako erizaina, munduko erizain jator eta onena. Elgoibarko ume guztiak ezagutzen ditu eta nola ez baita hauek ere. “Ene, egunon familia, zer moduz?” esan du halakoan eta hiru umeek elkarren atzetik “ondo”, erantzun dute. Hasi da eurekin hizketan elgoibartarrez eta hortxe nire sorpresa! primeran ulertzen dute hirurak, baita hitzegin ere. Nire buru hauste erdiak bat-batean konponduta! Zortzi urteko Husnain itzultzaile lanetan jarrita, hasi gara euskaratik urdura saltoka eta ondoko historia klinikoa egitea lortu dugu:

6 hilabeteko bular-haurra duela bi hilabete azaleko garau txiki hauekin hasi zen, pixkanaka gero eta gehiago agertzen joan dira gorputz guztian zehar sakabanatu arte. Hazkura handia eragiten diote, batez ere gauean. Garauak txikiak (2-5 mm ingurukoak) eta eritematosoak dira. Toki batzutan hazka egitearen ondoriozko lesioak nabari dira. Etxeko gainontzeko beste bost bizilagunek ere garau berdinak dituzte, baina Shameerrek gainontzekoek ez bezala buru-azal, oinazpi eta esku-ahurretan ere badauzka. Hona hemen irudiak:




Zein da zure iritzi diagnostikoa?


Irati Bizkarra. Natxitu (Ea).
Pediatra. Elgoibarko Osasun Zentrua.


5 comentarios:

  1. Gabon
    holan ikusita, eta familiako beste bizilagunek be garau berak daukiela jakinda, sarna dala esango neuke
    Hor, samaren atzekaldean ikusten dodana, surkoak edo dirala emoten dabe, naz eta samea sarnako ohiko lekua ez izan
    Hurrengora arte

    ResponderEliminar
  2. Egun on!

    Mila esker Irati ekarri diguzun kasu honengatik, eduki klinikoaz gain, komunikazio, gizarte, eta familia kontuak dituena. Lan ederra.

    Eskerrik asko Anónimo baita zuri ere, zure iritzi diagnostikoa ematearren. Izan ere, Iratik bost aukera utzi zizkigun eta horien artean badago hazteria edo sarna, baina zer deritzozue beste aukerei, guztiz bazter daitezke, eta hala bada zergatik?

    Azkenik, anónimo guztiei eskaera bat egin, utzi zuen izena mesedez, parte-hartzearen
    saria baitaukagu ere. Mila esker.

    Zein da zure iritzi diagnostikoa?
    1. Dermatitis herpetiformea
    2. Hazteria
    3. Psoriasia
    4. Sifilia
    5. Dermatitis atopikoa

    ResponderEliminar
  3. Kaixo lagun Aitor naiz, ados nago anonimoarekin :P

    ResponderEliminar
  4. Iker Villanueva20/9/13 10:44 a. m.

    Kaixo danoi eta zorionak Iratiri kasu klinikoarengatik. Ni be anonimoarekin eta Aitorrekin ados: nire ustez hazteria da familiak dekona.
    Nahiz eta umeak lesioa duen lekua ohikoa ez izan, nire ustez ohearekin kontaktuan dekon lekua denez, hortik etorri ahal zaio kutsaketa.
    Ondo ibili!!

    ResponderEliminar
  5. Parkatu. lehengo anonimo naz. izaskun. Badaezpadan
    Gero arte

    ResponderEliminar

 

BAGA BIGA BLOG! Copyright © 2011 | Template design by O Pregador | Powered by Blogger Templates