2013-01-14

SORBALDA MINDUA LEHEN MAILAKO ARRETAN

BAGA BIGA BLOG! GAIAK. SORBALDAKO TENDINOPATIA.

Sorbalda mindua-ren izenpean kokapen honetan mina eragiten duten hainbat arazo biltzen dira. Sorbalda minduaren prebalentzia %7-34-ekoa da ikerketa ezberdinen arabera. Maiztasun handiagorekin azaltzen da adinarekin batera eta baita paziente diabetikoetan ere. Ariketa fisiko edo ogibide batzuekin lotuta egon ohi da.
Hala bada, lehen mailako arretan ematen diren %1,2 kontsulten arrazoia da sorbalda mindua eta sistema muskulu-eskeletikoaren 3. patologia dugu maiztasunean, gerriko eta lepoko gaitzen atzetik.
Azken datu esanguratsua, kasuen %60an minak urte bete edo gehiago iraun dezake ikerketa batzuen arabera.



Sorbaldako mina pairatzen duen gaixo baten aurrean, lehen eta behin, min horren jatorria zein den ikertu behar da. Izan ere, sorbaldako minak jatorri ezberdinak izan ditzake. Sorbaldako giltzadurarekin zer ikusia dutenak dira ohikoenak baina badaude sorbaldan mina ematen duten beste tokietako patologiak.

Sorbalda minduaren arrazoiak
 
Giltzadura ingurukoak (periartikularrak)
  • Tendoietako patologiak: Biratzaileen mahukatxoaren tendinitisa, Tendoien haustura, Tendinitis kaltzifikatua
  • Bursaren patologia: Akromio-azpiko bursitisa
Giltzadura bertakoak
  • Kapsulitis itsaskorra
  • Artritis glenohumerala: erreumatoideoa, infekziosoa, mikrokristalek eragindakoa (hezueria, kondrokaltzinosia)
  • Artrosi glenohumerala (postraumatikoa edo endekapenezkoa)
  • Nekrosi abaskularra
  • Neoplasiak, metastasiak
Extrinsekoak: Jatorria sorbaldatik kanpo dagoenean.
  • Neurologikoa: C5 eta C6 nerbio sustraien konprimaketa, Nerbio supraespinosoaren konprimaketa, bizkar-hezur muineko gaitzak, Herpes-Zosterra, orno-zerbikaletako arazoak.
  • Sabelaldekoa: Gibel edo behazun gaitzak, Mesotelioma, diafragma azpiko absezua
  • Bularraldekoa: Goiko lobuluko neumonia, Pancoast-en tumorea, biriketako tronbo-enbolismoa, Neumotoraxa.
  • Kardiobaskularra: Miokardioko infartu akutua, Besapeko zainen tronbosia, Aortaren disekzioa
  • Besteak: Polimialgia erreumatikoa, fibromialgia, distrofia sinpatiko-reflexua.
Hurrengoetan oinarriturik autoreak egindako taula: Guía clínica de Hombro doloroso. fisterra.com eta Alejandro Tejedor, José Luís Miraflores Carpio, Pedro Caba Doussoux. Hombro Doloroso AMF 2005;1(2):63-74.

Diagnostiko zuzena egiteko Anamnesiak garrantzi handia izango du eta hurrengoak kontutan hartu behar dira:
  • Ogibidea, eta ea lanean mugimendu errepikariak egiten dituen.
  • Kirola eta ariketa fisikoa.
  • Izandako traumatismoak, noiz eta zer tratamendu jaso zuten.
  • Minaren ezaugarriak. Gaixotasun edo sintoma sistemikorik azaltzen diren.
  • Pazienteren aurrekari patologikoak

Arreta berezia izan behar da gaixotasun larria adierazi dezaketen alarma zeinuen (Red flags) aurrean:
  • Pisu galera edo minbiziaren aurrekariak.
  • Sukarra, hotzikarak edo ondoeza
  • Sentsibilitate/indar galera
  • Giltzaduraren deformitatea edo hau oso handituta egotea.
  • Arnas edo zirkulazio arazoak

Miaketa fisikoa garrantzi handiko izango da eta diagnostiko zehatza lortzen lagunduko digu.   
Ikus Sorbaldako tendinopatiaren miaketa fiskoa.


Badira diagnostikora heltzen lagundu dezaketen froga osagarriak. Hala nola, erradiografia sinplea, ekografia edo erresonantzia magnetikoa.
Erradiografia sinpleak hausturak, luxazioak edo giltzadura glenohumeral, akromioklabikular zein esternoklabikularreko artrosia bereizten lagun diezaguke.
Ekografiak, berriz, sentsibilitate eta espezifikotasun altuak ditu biratzaileen mahukatxoaren haustura osoak edo partzialak bereizteko. Bai ekografiak eta bai erresonantzia magnetikoak pareko zehaztasuna eskaintzen dute biratzaileen hausturaren diagnostikorako, lehenengoa kostu-eraginkorragoa izanik. Rutten MJ, Spaargaren GJ, van Loon T, de Waal Malefijt MC, Kiemeney LA, Jager GJ. Detection of rotator cuff tears: the value of MRI following Ultrasound. Eur Radiol. 2010;20(2):450-7

TRATAMENDUA
Tratamenduari dagokionez, era mailakatuan burutuko da, lehen mailako arretako medikuaren eskura dauden aukerekin hasiz eta beste espezialistekin koordinatuz: fisioterapeuta, errehabilitatzailea, erreumatologoa edo traumatologoarekin.
Tratamenduaren helburuak: mina gutxitu, mugikortasuna era goiztiarrean hobetu eta funtzio galera ekiditea.

Atsedena.
Giltzadurararen atsedena eta mina eman edo gaitza eragin duten mugimendu errepikariak mugatzean datza. Hasierako faseetan eta min handia dagoen kasuetan besterik ez dira baliagarriak eta atseden funtzionala ez da 48-72 ordu baino gehiagotan luzatuko.

Analgesiko edo Antiinflamatorioak.
Lehen aukera terapeutikoa dira. Ez dago ikerketarik bien artean zeinek eraginkortasun handiagoa duen argitzen duenik. Epe-laburrean erabili behar dira. Kontuz ibili behar da luzaroan hartuz gero. Ez dago ebidentziarik antiinflamatorio lokalak erabiltzea gomendagarri egiten duenik.

Ariketak eta Fisioterapia.
Aukera ezberdinak daude alor honetan. Gai honi buruz hurrengo egunetan gehiago eta era sakonagoan arituko dira.
Sorbaldaren mugikortasuna mantenduta dagoenean, mugimendu aktiboen ariketak gomendatu daitezke pazienteak etxean egin ditzan, funtzionaltasuna mantentzeko helburuarekin.

Kortikoide eta anestesiko lokalen infiltrazioa.
Bigarren lerroko tratamendua izango da biratzaileen mahukatxoaren tendinitisa tratatzeko. Ezin daiteke burutu biratzaileen mahukatxuaren hausturaren susmoa egonez gero. Glukokortikoide edo anestesiko lokala edo bien injekzioan datza, giltzadura barnean edo honen inguruan. Honen helburua, hantura eta mina murriztearekin batera erasandako giltzaduraren funtzionaltasuna berreskuratzea da. Minak eragindako mugitu ezina eta honen ondoriozko funtzio galeraren zirkulua etetea, hain zuzen ere. Infiltrazioa egin eta gero atseden funtzionala gomendatu behar da. Infiltrazioek sorbalda minduarengan duten eragina ezagutzeko egindako entsaiuen berrikusketa eta metaanalisiek emaitza kontrajarriak erakusten dituzte, nahiz eta batzuek bere erabilera gomendatzen duten. Eraginkorragoak dira fase akutu edo subakutuan, arazo kronikoetan baino. Orokorrean teknika honek ez du arazorik sortarazten, baina eragin desiragaitzak ager daitezke: Injekzio tokian mina, azalaren atrofia edo despigmentazioa, infekzioa eta tendoiaren haustura. Hipergluzemia eragin dezake eman eta 48 ordutara, beraz paziente diabetikoetan arreta berezia izan behar da. Triamcinolona edo metilprednisolona, lidokainarekin batera erabili ohi dira, eta ez dira urtean 3 infiltrazio baino gehiago egingo. Lehenengoak eraginik izan ez badu ez da gomendatzen hau errepikatzea.

Infiltrazioa nola egin?


Lehen mailako arretatik noiz bideratu behar den beste arreta mailetara?
  • Biratzaileen mahukatxoaren hausturaren susmoa dagoenean.
  • Diagnostiko zehatz batera heltzeko zailtasunak daudenean.
  • Ezarritako tratamenduari erantzunik ez dagoenean.
  • Giltzadura glenohumeralean ezegonkontasuna azaltzen denean.
  • Sorbalda izoztua edo kapsulitis itsaskorra.
  • Alarma zeinuen aurrean.


Mikel Baza Bueno.
Familien eta Komunitateen Medikua.

Bibliografia.
1. Guía clínica de Hombro doloroso. fisterra.com  
2. Alejandro Tejedor, José Luís Miraflores Carpio, Pedro Caba Doussoux. Hombro Doloroso AMF 2005;1(2):63-74.
3. HOMBRO DOLOROSO Enfermedad del manguito rotador y Capsulitis retráctil. Isabel Amiano Echezarreta; Javier Barrera Portillo; Iván Carbajo Martínez. Rehabilitación – Hospital de Zumarraga. 2008
4. Rutten MJ, Spaargaren GJ, van Loon T, de Waal Malefijt MC, Kiemeney LA, Jager GJ. Detection of rotator cuff tears: the value of MRI following Ultrasound. Eur Radiol. 2010;20(2):450-7 
5. Rotator cuff tendinopathy. Stephen M Simons, MD, FACSM; David Kruse, MD. Uptodate Dic 2012 

GALDEKETA

Zuen iritzia ezagutzeko honako galdeketa prestatu dut, Familia Medikuei zuzenduta, ea sorbaldako tendinopatiaren aurrean zer tratamendu edo maneiua darabilten. Eman zuen erantzunak eta aste amaierarako hemen azalduko ditu zuen erantzunak. 

Galdeketara joan 
Erantzunak (11). 2013ko Urtarrilaren 23an
Lehen tratamendu aukerarari dagokionez %63ak  Atsedena + Paracetamol/Ibuprofeno (7) gomendatzen du, %27ak Atsedena+Analgesia+Ariketak (7) eta %9ak Analgesia bakarrik (1). 

Hobekuntzarik ez dagoenean 10-15 egunetan, %54ak Erradiografia + jarraitu paracetamol/AINE + IBP (6) gomendatzen du, %27ak Traumatologo/Errehabilitaziora bidali + mantendu antiinflamatorioak (3), %9ak Infiltrazioa egin (1) eta beste 9%ak fisioterapia gomendatu +AINEak mantendu (1)

8 comentarios:

  1. Oso ondo Mikel!!gustatu zait. Hau orain dela gutxi irakurritako beste sarrera bat da Red Flags-en inguruan.Fisioterapeuta batek idatzia baina oso interesgarria:
    http://www.fisioterapiasinred.com/red-flags/

    ResponderEliminar
  2. Ederto Mikel! Nik, azido hialuronikoaren inguruan artikulu batean irakurritakoa gehitu nahi nueke, hau da azido hialuroniko Infiltrazioa, naiz eta fitxan belaunerako indikazioa soilik eduki, badirudi artikulazio gleno-humeralean eta behar bada burtsan, seguru eta onuragarria izan daitekeela batez ere sorbaldako min kronikoan (literatura: Shibata Y, Midorikawa K, Emogo M "Clinical evaluation of sodium hyaluronate for the treatment of patients with rotator cuff tear" J shoulder Elbow Surg. 2001;10:209-16)

    ResponderEliminar
  3. Gorka Eskubi. Familia Medikua14/1/13 2:10 p. m.

    Primerakoa mikelo! lan ona

    ResponderEliminar
  4. Zuen iritzia ezagutzeko galdeketa prestatu dut, bibliografiaren ondoren irakurgai, Familia Medikuei zuzenduta, ea sorbaldako tendinopatiaren aurrean zer tratamendu edo maneiua darabilten.

    Eman zuen erantzunak eta aste amaierarako hemen azalduko ditu zuen erantzunak.

    ResponderEliminar
  5. Bihar nire lehenengo sorbalda infiltrazioa (gainbegiratze barik )egingo dut... Esperientzia zelan dokidan kontatuko dizuet!

    ResponderEliminar
  6. Arratsaldeon guztioi!
    Aukera paregabea dela iruditzen zait, zoritxarrez ez bait daukat medikuekin gai honi buruz hitz egiteko paradarik (kontsulta pribatuan lan egiten duen fisioterapeuta naiz).

    Nere iritziz tendinopatia tratatzen saiatzen garenean, arazo haundi bat ahazten dugu. Arazo hori, orain dela urte batzuk irakurri nuen artikulu honek primeran argitzen duela uste dut. Gomendatzen dizuet, "Tendinitisaren mitoa baztertzeko garaia": http://elpuntosobrei.files.wordpress.com/2012/09/time-to-abandon-tendinitis-myth-bmj.pdf

    Bertan, egileek tendinitis hitza baztertu eta tendinopatia erabiltzeko gomendatzen dute, patologia hauetan ez baita inflamaziorik. Hemen ikusi ditzakezue, data horretatik egileak zenbat artikulu argitaratu dituen gaiari buruz. http://scholar.google.com/citations?user=R6NFADYAAAAJ&hl=es

    Horrela izango balitz (eta froga guztiak zentru horretan dijoazela ematen du...), honek argitu lezake antiinflamatorioen ebidentzia eza. Inflamaziorik ez badago, zertarako antiinflamatorioak?

    Eta infiltrazioei buruz ere, gustatuko litzaidake iritzia ematea. Bigarren lerroko tratamentu gisa jarri duzue, baina nork ez du ezagutu edo tratatu, infiltratutako norbait? Nere ustetan gehiegi erabiltzen den teknika da. Are eta gehiago, epe luzera kalte egiten duela jakinda. Era berean, infiltrazio kopurua eta ondo eboluzionatzen ez duten pazienteen erlazioa ezaguna da. Hori ere, gehiegitan ahazten dugula deritzot. Adibidez, gaur bertan edukiko dut kontsultan 3 infiltrazio ondoren fisioterapiarekin probatzea erabaki duen emakumea. Kasu honetarako, orain dela pare bat urte Lancet-en argitaratu zen meta-analisi hau gomendatzen dizuet. Merezi du.
    http://elpuntosobrei.files.wordpress.com/2012/09/tendinopatia-corticoesteroides1.pdf

    P.D.: Mikel, azkeneko gauza bat, eta frikeatzeagatik, infiltrazioa gomendatzen duen ikerketaren erreferentziarik pasako, mesedez? Josunek jarritakoari gustora botako diot begirada bat. Mila esker.

    Besarkada bat,
    Xa1.

    ResponderEliminar
  7. Egun on berriro ere

    Nik uste dut infiltrazioen gaia interesgarria dela, eta eztabaidarako oso aproposa gainera.

    Hemen doaz, erreferentzia bi. Bata Uptodate-eko errebisio batena eta bestea sorbaldako tendinopatian infiltrazioak aztertzen dituen metaanalisi batena.

    http://www-uptodate-com.proxy1.athensams.net/contents/rotator-cuff-tendinopathy?source=preview&anchor=H23&selectedTitle=15~150#H23

    Corticosteroid injections for shoulder pain. Buchbinder R, Green S, Youd JM Cochrane Database Syst Rev. 2003; PMID12535501
    http://www-uptodate-com.proxy1.athensams.net/contents/rotator-cuff-tendinopathy/abstract/34

    Argi dago sorbaldako infiltrazioa ez dela lehen aukerako tratamendua, eta beraz ez dela orokorrean eta hasieratik burutu behar, nik uste dut puntu hotan guztiok ados egon gaitezkeela. Bestalde, ez dago oso argi zein egoeratan izan daitekeen baliagarria. Gauzak horrela izanda, eta osasun-zientzietan orokorrean egin beharko genukeen bezala, zuhurtasunez erabili beharko litzateke teknika hau. Agian, bilakaera txarra eta funtzionaltasuna galdua duan sorbaldako tendinopatia batzuetan, errehabilitazio ariketak egiten hasteko erabilgarria izan daiteke, beti ere pazienteari azalduz teknika honen arriskuak, mugak eta hobekuntza abantailak.

    Bihar, Amaia Madariaga Mediku erreabilitatzaileak prestutako testua irakurgai izango dugu blogean eta aukera ona izango da gai honi buruz, zein beste aukera terapeutikoei burtuz aritzeko.

    ResponderEliminar
  8. Mila esker Mikel! :-) Botako diet begirada bat.

    Ados gaude infiltrazioen gaia interesgarria dela. Eztabaida eraikitzaile polita sortu daiteke.

    Nahiz eta kritiko agertzen naizen teknika honekin, benetan uste dut bere balioa dutela. Agian, nere kontsultan ikusten ditudan kasu kopuruarengatik da, baina kortikoideak infiltratzeko garaian kontrol gehiago eskatuko nuke (eskatzea libre omen da, jeje). Batez ere, nik ikusten ditudan kasuak, ez bait dira patologia akutuak, non bere erabilerari zentzu gehiago ikusten diodan, (inflamazioa egotekotan, fase akutuan egongo da).

    Kontsultan behintzat, patologia kronikoetan infiltratutako pazienteak edukitzen ditut, non ematen duenez, ez dagoen inongo inflamaziorik. Inflamaziorik ez bada, zertarako hormona antiinflamatorioak? Kasu hauetan, bere erabilera zalantzan jartzeko modukoa iruditzen zait. Oraindik gehiago, epe luzera kalteak sortzen dituztela dakigunean.

    Baina ez dut post-a infiltrazioaren alde eta kontrakoen arteko gerra batetan bihurtzea nahi. Medikuen ikuspuntua, oso garrantzitsua iruditzen zait. Zuek zaretelako infiltratzen duzuenak. Baliteke ez horrela izatea, eta hauen erabilera zuen ikuspuntutik egokia izatea. Gustatuko litzaidake zer pentsatzen duzuen jakitea, asko eskatzea ez bada.

    Nik ikusten ditudan kasuen arabera, askotan Mikelek komentatzen duen zuhurtasun hori botatzen dut faltan. Besterik ez.

    Gustora irakurriko dut Amaiaren testua.

    Ondo izan!
    Xa1.

    ResponderEliminar

 

BAGA BIGA BLOG! Copyright © 2011 | Template design by O Pregador | Powered by Blogger Templates