2013-01-21

ESKUZKO TERAPIA SORBALDAKO TENDINOPATIAN


Eskuzko terapiak sorbaldako tendinopatian nola lagundu dezakeen ikusteko, ezinbestekoa da tratamenduaz gain, eskuzko terapiak patologia honetan duen ikuspuntua argitzea. Horretarako, hainbat artikulu gomendatuko ditut nire iruzkinean eta hauen irakurketa kritikoa gomendatzen dizuet.
Unibertsitatetik atera ginenean, ni eta nire klasekideei gauza bat argi utzi ziguten sorbaldako tendinopatiari aurre egiterako garaian. Sorbaldako min hori, estruktura baten lesioaren ondorioa zela. Lesio hori topatzeko, oso ezagunak diren eta Loitzunek primeran argitu dituen (Sorbaldako miaketa fisikoa), test klasikoak erakutsi zizkiguten. Honela, test hauek, estruktura baten lesioa beste batengandik isolatzeko ahalmena dutela onartzen da eta beraz, sintomatologia era analitiko eta bereizgarrian azaltzen dela.
Eskuzko terapiaren ikuspuntutik ordea, premisa hau zalantzan jarri ohi da. Hausnarketa sakon bat egiten badugu, test klasiko hauetan beste hainbat estruktura tentsionatu edo uzkurtuko direla datorkigu burura. Ondorioz, test hauek sintomak isolatzeko duten ahalmena eztabaidagarria izan daiteke.
Are eta gehiago, horrelako ikerketak aintzat hartzen baditugu. Non, test hauek positibo faltsu asko sortzen dituztela ohartarazten gaituztenean. Beste metaanalisi honek ere, antzeko emaitzak iradoki dizkigu. Eta beste ikerketa batzuek ordea, diagnostiko zehatz bat emateko duten ezintasuna aurreratzen digute.
Eskuzko terapiaren ikuspuntua argitzeko, ondorengo artikulu hau hartuko dut erreferentzia gisa, eta bertatik joango naiz gaian sakontzen. Honen arabera, hiru arrazoi garrantzitsu daude test hauen bereizgarritasuna zalantzan jartzeko eta ondorioz, ez lirateke tresna diagnostiko onargarriak izango.
  • Biratzaileen mahukatxoaren morfologia: Biratzaileen tendoien uzkurtzea ezin da isolatua izan, hau da, tendoi guztiek batera egiten dute lan loturaren egonkortze dinamikoa mantentzeko. Beraz, biratzaileen mahukatxoaren tendoi baten uzkurtze isolatua, Gerber-en testean adibidez, eztabaidagarria izan daiteke.

  • Burtsa subakromialaren kokapena eta inerbazioa: Disekzioan argi ikus dezakegu, burtsa honek biratzaileen mahukatxoarekin bat egiten duela eta unitate bakar bat bezala funtzionatzen duela. Lotura estu honek, ezinbestean, biratzaileen mahukatxoaren konpresio bat aztertzerako garaian, burtsa ere zapaltzea ekarriko luke.
  • Azkenik, gaur egungo irudi bitartezko diagnostikoen eta sintomen arteko harreman eza. Kasu honetan bezala. Is supraspinatus pathology as defined by magnetic resonance imaging associated with clinical sign of shoulder impingement?
Baliteke errealitate kliniko baten aurrean izatea eta sorbaldako tendinopatia aztertzerako garaian, ebaluaketa prozesu desberdinak erabiltzera behartzen gaituen egoera batetan egotea.
Hala balitz, eskuzko terapiaren metodo bat hartuko dugu oinarritzat, arazo honi irtenbidea aurkitzeko garaian. Mulligan metodoa, hain zuzen ere. Egileak proposatzen duen bezala, momentu batez estrukturataz ahazteko eskatuko dizuet. Erabili test eta froga klasiko hauek, baina teorikoki zer frogatzen ari garen kontutan eduki gabe.
Honela, froga klasikoak pazientearen klinika errepikatzeko erabiliko ditugu. Behin, pazientearen klinika errepikatzen duen mugimendu bat daukagunean, honen aldaketa sortu dezaketen 4 prozedura desberdin (Shoulder symptom modification procedure (SSMP)) erabiliko ditugu.
  • Humeroaren buruaren kokapenean eragina eduki dezakeen prozedura. Humeroaren buruan deslizamendu batzuk eginez, edo goma malgu (theraband) bat erabiliaz. Helburua, motore kontrola aldatuko duen patroi berri bat sortzea izango da, pazientearen klinika sortzen duen mugimendua egiten dugun bitartean. Prozedura honen bitartez, pazientearen klinikan eraldaketa edo mugimenduan onura nabarmena bilatuko da beti.

  • Eskapularen kokapenean eragina eduki dezakeen prozedura. Eskuen bidez edo hesgailu funtzional (Shoulder taping) baten bidez, eskapularen motore kontrola hobetzea da helburua.
  • Zerbikaletan eragina eduki dezakeen prozedura. Kasu honetan, mina edo mugimendu kopuruan onura ekarri dezakeen zerbikaletako teknikak erabiltzen dira. Ikerketa honen emaitzak kontutan hartzen baditugu, badirudi zerbikalen azterketa ezinbestean egin behar dela sorbaldako tendinopatiari aurre egiterakoan.
  • Bukatzeko, bizkarrezur torazikoan eragina duen prozedura. Bertan, zifosi torazikoa zuzentzen saiatzen gara. Bai, eskuen bidez edo eta hesgailu bat erabiliaz. Badirudi ikerketei jaramon egiten badiegu, bizkarrezurraren postura eta sorbaldako tendinopatiaren arteko erlazioa, argia dela. Subacromial Impingement Syndrome: The Effect of Changing Posture on Shoulder Range of Movement
Amaitzeko, eskuzko terapiak metodo desberdin asko dituela esan nahi nuke. Hemengo hau, proposamen bat besterik ez da. Hainbat metodologia desberdin daudenez, ezinezkoa litzake denei erreferentzia egitea. 
 Xabat Casado. Fisioterapeuta

8 comentarios:

  1. Loitzun Izaola21/1/13 9:28 a. m.

    ZORIONAK XABAT!!!oso ondo azaldua, sorbaldako miaketan izan genuen eztabaidari buruz (iruzkinak irakurri).
    Oso onak sartutako ikerketen linkak.
    Nik Mulligan teknikaz (mirariak egiten ditu jajaja) zenbait zalantza edo arazo ditut. Minik gabeko hainbat errepikapen egiten ditut eta pazientea ondo doa etxera, baina gero teknikaren onuraren iraunkortasunarekin arazoak ditut. Agian ez dudalako ebaluaketan igartzen??ez dakit, baina batzutan efektua oso laburra da naiz eta pazienteari etxerako ariketak bihaltzea.
    Pazienteen egoera pasiboa beste egun baterako eztabaida bat da.

    Bueno OSO ONA sarrera.

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Egunon Loitzun,

      Mila esker zure hitzengatik. ;-)

      Mulligan teknikari buruz luze hitzegin genezake. Iraunkortasunaz, eskuzko terapiaren efektu neurofisiologikoetaz edo benetan teknika horren onura, arazo artikular baten zuzenketan dagoen. Baina hori, beste baterako... jeje!

      Nire esperientzian iranukortasun hori errez galtzen den zerbait da, inongo hesgailurik eta etxerako ariketak bidaltzen ez baditugu. Kontsultan 10 errepikapenetako 3 serie eginda lortu dezakegun efektua, ez dut uste egitura periferiko batetan dagoenik. Burmuinean sortzen diren aldaketak ezagunak dira orain dela gutxi min egiten zuen mugimendu batek, aldaketa txiki batekin egiten ez badu. Beraz, miraria? Ez det uste, efektu neurofisiologiko zentral ikusgarria. Iraunkortasunean ere onurak eduki nahi baditugu, efektu hau kontutan eduki beharko genuke eta baliteke minaren neuropedagogia gomendagarria izatea. Nik egin izan dudan zeozer da, eta iraunkortasunean emaitza onak lortu izan ditut komentatutako hiruekin: hesgailua + etxerako ariketak + minaren neuropedagogia.

      Bueno, asko luzatuko naizela bestela... jeje! Espero dut argitu izana.

      Besarkada bat,
      Xa1.

      Eliminar
  2. Iker Villanueva21/1/13 9:51 a. m.

    Sarrera ona Xabat! Mulligan teknikari ezer gutxi dakit, soilik "mirariak" egiten omen dituela, jejeje. Bestalde, zuk esan dozun bezala, bizkarrezurraren eragina asko izaten dot kontutan pazientea tratatzeko orduan, eta horretarako Ornoen Manipulazio Teknika erabili ohi dot. Hona hemen horri buruzko artikulu bat:
    http://www.ncbi.nlm.nih.gov/pubmed/22951537
    Pazienteen egoera pasiboen kontrako sarrera proposatuko dogu guk datorren astean Ariketa Terapeutikoarekin... baina, Loitzunek dioen bezela, sarrera berezi bat merezi du gai horrek.
    Ondo segi!!

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Egunon Iker,

      Teknika bezala, interesgarria den zerbait dela iruditzen zait Mulligan metodoa. Gehiago jakin nahi badezu, esan bildurrik gabe, bestela artikuluko link batetan, egilearen liburu osoa daukazu begirada bat bota nahi badiozu.

      Oso interesgarria ornoen manipulazioa ere kasu hauetarako. Guztiz ados.

      Pazienteen egoera pasiboari buruz ere, bat nator zuekin. Batzutan makilarekin joko nieke! jeje!

      Besarkada bat,
      Xa1.

      Eliminar
  3. SSMP, Mulligan metodoa, mirariak, pazienteen jarrera pasiboa... zenbat gauza!!!

    Egia esan, gauza berri asko dira niretzat, nahiz eta mirariak eta pazienteen jarrera pasiboak aski ezagunak ditudan. :)

    Minaren neuropedagogia. Zerbait gehiago jakin nahiko nuke honi buruz?

    Interesgarria oso. Beti gauza berriak ikasteko prest.

    Lan bikaina Xabat. Eskerrik asko.

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Gabon Mikel,

      Minaren neuropedagogiari buruz ere asko hitzegin dezakegu. Asko ez luzatze arren, ez al genuen esan martxoan "mina" izango zela gaia? Hor eztabaidatu dezakegu, ondo iruditzen bazaizue, azken aldi honetan hainbesteko arrakasta edukitzen ari den gai honi buruz. Badakit Ikerrek ere interes asko duela...

      Mila esker zuri!

      Eliminar
  4. Aupa neska-mutillak: mailla altuko biharra egitten zabizie, sorbaldiari buruzko artikuluen bilduma referentziala.

    Xabat, ohar "korporatibista" bat: hire idazki honetan "esku terapiak" behiñ eta barriro aittatzen dittuk, baiña ez dok aittatzen teknika hauek egin bihar dittuana fisioterapeuta izan bihar dala.

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Gabon Oier,

      Munduko arrazoi guztia duzu. Eskuzko terapia, fisioterapeuta baten lana dela aintzat hartu dut, agian osasun arloko bloga delako... Halare, guztiz ados zurekin.

      Ondo izan!

      Eliminar

 

BAGA BIGA BLOG! Copyright © 2011 | Template design by O Pregador | Powered by Blogger Templates