2013-09-23

Euskaratik urdura, gauero hazkura! (II میں ہر رات کھجلی کے طور پ ر اردو باسکی،

Lehenengo susmo kliniko gisa hazteria izan genuen. Hori dela eta permetrina %5ean duen krema eman genien etxeko sei bizilagunei. Lepotik behera gorputz guztian zehar emateko azaldu genien eta Shamerren kasuan, bular-haurra izanik baita buruan ere. Aste betera berriz errepikatu zuten tratametua eta honez gain antihistaminikoak eman genizkien hazkura baretzeko. Azal lesioak desagertzea lortu zen, hazkurak ordea ohikoa den bezala aste pare bat gehiago iraun zuen, pixkanaka desagertzen joan arte.

Hazteria sarcoptes scabei deituriko akaro baten ondoriozko azaleko gaixotasun oso kutsakor bat da. Parasito txiki hau gizakietan baino ez da bizi, hau da, kutsadura inoiz ez dator animalietatik, beti pertsonen arteko kontaktu zuzenaren ondorioz ematen da. Edozein arraza edo klase sozialetako pertsonek paira dezakete, higienearekin erlaziorik izan gabe. Baina egia da gehiago ematen dela jende pilaketa handia dagoenean bizitokietan, kontaktua handiagoa baita.

Sintoma esanguratsuena hazkura da eta batez ere gauean, ume txikietan sarritan suminkortasun nabaria eraginez. Azalean papula eritematosoak agertzen dira. Lesio hauek gorputz guztian zehar hedatu daitezke, gehienetan lepotik behera egoten dira, baina bular-haurretan buzu-azal, esku-ahur eta oinazpietan ere antzeman ditzakegu. Kasu batzutan “ildo akarinoak” agertzen dira, akaroak azal azpian egindako tunelak hain zuzen eta milimetro gutxiko lerro gorri edo gris gisa ikusten dira. 

 
Diagnostikoa klinikoa da eta tratamentua permetrina topikoa da, %5eko krema edo lozioan. Gorputz guztian eman behar da, lepoan hasi eta behatzetaraino eta bular-haurretan baita buru-azalean ere. Gauean ematen da eta 8-10 ordu ondoren ura eta xaboiarekin kendu. Aste bete ostean berriz errepikatzen da prozesu berdina. Etxeko bizilagun guztiak tratatzen dira, baita asintomatikoak ere eta guztiak egun berean. Tratamemendu honek ez du hazkura bat-batean baretuko, izan ere, infekzioa sendatu arren, hazkurak bi-hiru aste gehiago iraun dezake, horregatik, garrantzitsua da antihistaminikoak erabiltzea. Tratamentua egiten denetik 12-24 ordutara iada gaixoak kutsakorra izateari uzten dio. Beraz, has daiteke eguneroko bizi modu normala egiten.

Hazteriaren hedapena ekiditeko arropak, izarak… ur berotan garbitu behar dira. Eta garbigailuan sartu ezin diren objektuak (jostailuak…) plastikozko poltsa itxi batean gorde behar dira aste batean, izan ere, akaro hau giza azaletik kanpo ez da gai 3-4 egun baino gehiago bizitzeko.


  1. Scabies and Pediculosis Pubis: an Update of Treatment Regimens and General Review. Clinical Infectious Diseases.
  2. Sarna. Escabiosis. AEPap.
  3. Guia de practica clínica: Escabiosis. Cenetec.
  4. Sarna. Dermapixel.



Irati Bizkarra. Natxitxu (Ea).
Pediatra. Elgoibarko Osasun Zentrua.

0 comentarios:

Publicar un comentario

 

BAGA BIGA BLOG! Copyright © 2011 | Template design by O Pregador | Powered by Blogger Templates