2013-09-23

Euskaratik urdura, gauero hazkura! (II میں ہر رات کھجلی کے طور پ ر اردو باسکی،

Lehenengo susmo kliniko gisa hazteria izan genuen. Hori dela eta permetrina %5ean duen krema eman genien etxeko sei bizilagunei. Lepotik behera gorputz guztian zehar emateko azaldu genien eta Shamerren kasuan, bular-haurra izanik baita buruan ere. Aste betera berriz errepikatu zuten tratametua eta honez gain antihistaminikoak eman genizkien hazkura baretzeko. Azal lesioak desagertzea lortu zen, hazkurak ordea ohikoa den bezala aste pare bat gehiago iraun zuen, pixkanaka desagertzen joan arte.

Hazteria sarcoptes scabei deituriko akaro baten ondoriozko azaleko gaixotasun oso kutsakor bat da. Parasito txiki hau gizakietan baino ez da bizi, hau da, kutsadura inoiz ez dator animalietatik, beti pertsonen arteko kontaktu zuzenaren ondorioz ematen da. Edozein arraza edo klase sozialetako pertsonek paira dezakete, higienearekin erlaziorik izan gabe. Baina egia da gehiago ematen dela jende pilaketa handia dagoenean bizitokietan, kontaktua handiagoa baita.

Sintoma esanguratsuena hazkura da eta batez ere gauean, ume txikietan sarritan suminkortasun nabaria eraginez. Azalean papula eritematosoak agertzen dira. Lesio hauek gorputz guztian zehar hedatu daitezke, gehienetan lepotik behera egoten dira, baina bular-haurretan buzu-azal, esku-ahur eta oinazpietan ere antzeman ditzakegu. Kasu batzutan “ildo akarinoak” agertzen dira, akaroak azal azpian egindako tunelak hain zuzen eta milimetro gutxiko lerro gorri edo gris gisa ikusten dira. 

 
Diagnostikoa klinikoa da eta tratamentua permetrina topikoa da, %5eko krema edo lozioan. Gorputz guztian eman behar da, lepoan hasi eta behatzetaraino eta bular-haurretan baita buru-azalean ere. Gauean ematen da eta 8-10 ordu ondoren ura eta xaboiarekin kendu. Aste bete ostean berriz errepikatzen da prozesu berdina. Etxeko bizilagun guztiak tratatzen dira, baita asintomatikoak ere eta guztiak egun berean. Tratamemendu honek ez du hazkura bat-batean baretuko, izan ere, infekzioa sendatu arren, hazkurak bi-hiru aste gehiago iraun dezake, horregatik, garrantzitsua da antihistaminikoak erabiltzea. Tratamentua egiten denetik 12-24 ordutara iada gaixoak kutsakorra izateari uzten dio. Beraz, has daiteke eguneroko bizi modu normala egiten.

Hazteriaren hedapena ekiditeko arropak, izarak… ur berotan garbitu behar dira. Eta garbigailuan sartu ezin diren objektuak (jostailuak…) plastikozko poltsa itxi batean gorde behar dira aste batean, izan ere, akaro hau giza azaletik kanpo ez da gai 3-4 egun baino gehiago bizitzeko.


  1. Scabies and Pediculosis Pubis: an Update of Treatment Regimens and General Review. Clinical Infectious Diseases.
  2. Sarna. Escabiosis. AEPap.
  3. Guia de practica clínica: Escabiosis. Cenetec.
  4. Sarna. Dermapixel.



Irati Bizkarra. Natxitxu (Ea).
Pediatra. Elgoibarko Osasun Zentrua.
Continue lendo

2013-09-19

PATROI INTERSTIZIALA, USTEZ INOLAKO KAUSA BARIK (II)

55 urteko gizon honek bi hile daramatza arnasestua eta eztul lehorrarekin. Krepitante bilateralak ditu eta miaketa funtzionalean, alterazio errestriktibo eta difusioaren jaitsiera moderatua nabarmen daitezke. Gainera, toraxeko TCan patroi interstiziala dauka, abaraska guneekin eta bronkiektasiekin fibrosia ematen duelarik.

Lehenengo eta behin, patroi interstizialaren diagnostiko diferentziala egin beharko litzateke. Lehenengo posibilatetea biriketako fibrosi idiopatikoa izango litzateke baina hala ere, beste gaixotasun batzuk deskartatu behar dira; ehun konektiboko gaixotasunak, neumokonosiak, beriliosia edo sarkoidosia, granulomatosiak (Wegener…) eta beste eratako baskulitisak. Horretarako analitika eskatuko genioke inmunitateko markadoreekin. Behin markadore danak normalak direla ikustean, bronkoskopia eskatu beharko genioke garbiketa bronkoalbeolarra edo biopsia transbronkialarekin.

Eta hona hemen hurrengo pista…

Gure pazientearen kasuan, bronkoskopia egin genion eta zelularitatean linfozitosi (%25) nabarmena aurkitu genuen. Gainera CD4/CD8 kozientea 1 baino gutxiago zen.

Zein izango litzateke orduan gaixotasunik probableena?

Gure pazientearen ustezko diagnostikoa hipersentsibilitateko neumonitisa (HN) edo albeolitis alergiko estrinsekoa da. Jakingo duzuenez HN agente organikoen inhalazioen ondorioz ematen da eta gehienetan laneko gaixotasuna izaten da. Hala ere, kasu gutxi batzuetan, produktu inorganikoek sortarazten dute.

Orain artekoa jakinda, ziuraski zeuen buruari galdetzen hasi zarete ze arraio inhalatu ote duen gizon honek…

Lan aurrekariak kontuan hartuta, ez du ematen txoriak dituenik edo baserri baten lan egiten duenik. Pazientea margolaria da eta erabiltzen dituzten margoetan isozianatoak aurkitzen dira. Isozianatoak pisu molekular baxuko agente inorganikoak dira eta industria desberdinetan asko erabiltzen dira hainbateko aplikazioak dituztelako. Batez ere, sustantzien polimerizaziorako erabiltzen dira eta erabilienak MDI izena dauka, izatez antigenizitate gutxienekoa delako. Leku desberdinetan topa ditzakegu, hala nola, kotxeak margozteko erabiltzen diren produktuetan, plastikoetan, laketan, insektizidetan etab.

Isozianatoak asma okupazionala sortzen duen arrazoi nagusia da baina HNeko oso kasu gutxi deskribatu dira hauen ondorioz. Diagnostikoa baieztatzeko probokazio bronkial espezifikoko froga egin behar da. Pazientea kabina berezi batean sartu eta makina berezi bat behar da isozianatoen dosia airean kontrolatzeko. Egunero kabinan sartzen da era kontrolatuan isozianatoak inhalatzeko aste oso batean zehar eta dosia igotzen egunez egun. Froga positiboa izango da FVCren jaitsiera %15 baino handiagoa denean, difusioa %20 jaisten denean edo FVCren jaitsiera %10 eta %15 bitartean dagoenen eta tenperatura 0.5º igotzen denean. Hala ere, zalantza dagoenean, biopsia transbronkiala zein kriobiopsia egin daitezke.


Ane Uranga Etxebarria. 
Neumologoa.


Continue lendo

2013-09-17

Euskaratik urdura, gauero hazkura! میں ہر رات کھجلی کے طور پ ر اردو باس

Shameer, aurrera” esan eta sei lagun hurreratu dira kontsultara: aita, ama, azken honen besotan gure sei hilabetetako pazientea eta bere hiru anai-arreba nagusiak (lau, sei eta zortzi urtetakoak).

Jatorri pakistaniarra duen familia da, baina iada badira bi urte Elgoibarrera etorri zirela bizitzera eta ez dute inora bidaiatu. Amak ez du ulertzen gaztelaniarik, aitak hitz gutxi batzuk eta nik ez dut sekula urdua ikasi. Aitak esan dit “todo noche mucho llorido”. Gau guztia negarrez egongo ote zen? orain behintzat Shameerrek ez dauka min izatearen itxurarik, irriparre galantak egiten bait ditu ama begiratzen duen bakoitzean. Aitak keinu bidez gainontzekoek ere hazkura dutela esan nahi didala uste dut. Zazpi gaude kontsultan, hiru heldu elkar ulertu nahian, hiru ume euren artean urduz hizketan eta oraindik hitzegiten ez duen bularreko haurra. Egia esan oso ondo portatzen dira umeak, baina iada hasi naiz izerdi patsetan. Eta bat-batean zortzigarren bat sartu da kontsultara, Lurdes, pediatriako erizaina, munduko erizain jator eta onena. Elgoibarko ume guztiak ezagutzen ditu eta nola ez baita hauek ere. “Ene, egunon familia, zer moduz?” esan du halakoan eta hiru umeek elkarren atzetik “ondo”, erantzun dute. Hasi da eurekin hizketan elgoibartarrez eta hortxe nire sorpresa! primeran ulertzen dute hirurak, baita hitzegin ere. Nire buru hauste erdiak bat-batean konponduta! Zortzi urteko Husnain itzultzaile lanetan jarrita, hasi gara euskaratik urdura saltoka eta ondoko historia klinikoa egitea lortu dugu:

6 hilabeteko bular-haurra duela bi hilabete azaleko garau txiki hauekin hasi zen, pixkanaka gero eta gehiago agertzen joan dira gorputz guztian zehar sakabanatu arte. Hazkura handia eragiten diote, batez ere gauean. Garauak txikiak (2-5 mm ingurukoak) eta eritematosoak dira. Toki batzutan hazka egitearen ondoriozko lesioak nabari dira. Etxeko gainontzeko beste bost bizilagunek ere garau berdinak dituzte, baina Shameerrek gainontzekoek ez bezala buru-azal, oinazpi eta esku-ahurretan ere badauzka. Hona hemen irudiak:




Zein da zure iritzi diagnostikoa?


Irati Bizkarra. Natxitu (Ea).
Pediatra. Elgoibarko Osasun Zentrua.


Continue lendo

2013-09-16

BARKATU ERAGOZPENAK


Gaur PATROI INTERSTIZIALA, USTEZ INOLAKO KAUSA BARIK kasuren erantzuna argitaratu behar genuen, baina arazo teknikoak izan ditugu, hala bada, barkatu eragozpenak.

Nire akatsak atsegin ditut, okertzearen askatasun gozoa ez dut galdu nahi.
Charles Chaplin
Continue lendo

2013-09-10

PATROI INTERSTIZIALA, USTEZ INOLAKO KAUSA BARIK

55 urteko gizon batek arnesestuagatik Urgentzietara joan zen.

AURREKARI PERTSONALAK
Erretzaile aktiboa da, 45 pakete/urte erre dituelarik.
Ez du inoiz biriketako zein bihotzeko gaixotasunik izan.
Margolaria da eta astebururo mendira doa.


GAUR EGUNGO GAIXOTASUNA
2 hile darama arnasestua somatzen aldapa-gora eta azkenengo hilean, lautadetan ere somatzen du. Gainera, eztul lehorra pairatzen ari da, sukarra eta toraxeko mina izan barik. Gernu kantitatea ez da gutxiegitu eta hankak ez dira handitu.

MIAKETA FISIKOA
TA 120/60, BF 67, AF 18, SatO2 91%.
Bihotzeko auskultazioa normala da.
Biriketako auskultazioan krepitante bibasalak ditu.
Gorputzeko beste atal guztietako miaketa normala da.

FROGA OSAGARRIAK

PLETISMOGRAFIA ETA DIFUSIO TESTA:

FVC 4.39 (67%)
FEV1 3.58 (73%)
FEV1% 81%
TLC 68%
DLCO 7.41 (54%)
DLCO/VA 1.28 (74%)

BRONKODILATAZIO FROGA:
Negatiboa.

PROBOKAZIO BRONKIAL INESPEZIFIKOKO FROGA (METAKOLINAREKIN): Negatiboa.

TORAXEKO TC:



Zein uste duzu dela diagnostikoa?
Zein izango litzateke eskatuko zenuken hurrengo froga?
Ze frogarekin konfirmatuko genuke diagnostikoa?


Ane Uranga Etxebarria. 
Neumologoa. 
Continue lendo

2013-09-08

KASU BERRIAK BADATOZ. LEHIAKETAREN JARRAIPENA.



Orain arte aurkeztutakoak:

EGUTEGIA.
- Irailaren 10an: PATROI INTERSTIZIALA. 
- Irailaren 18an: EUSKARATIK URDURA.
- Irailaren 24ean: GRIPEA EZ BADA
- Urriaren 1an: EZTUL KRONIKOA
- Urriaren 8an: ASMATIKOA BETIDANIK.

Urriaren 21-25 bitartean irabazleen izenak emango ditugu.
Continue lendo

2013-09-06

ESKOLARA BERRIZ


Udako beroekin batera egindako etenaldia joan egin zaigu eta bada garaia berriro ere eskolara hurbiltzeko. Klaseak beraz, datorrean astean hasi behar ditugu, eta kasu klinikoen lehiaketa egiteke daukagun ikasgaia.



Ondo izan asteburuan eta datorren astera arte. 
Continue lendo

2013-07-19

BAGOAZ OPORRETAN.


Udako beroak heldu zaizkigu eta garai hauek hondartza zein mendian zehar ibiltzeko ezin hobeak dira.

Bidean etenalditxo bat egiteko ordua heldu da, ondoren Osasuna 2.0-arekin indarrez jarraitzeko.

Kasu klinikoen lehiaketa ez da amaitu, eta oporretatik bueltan beste 5 kasu berri izango ditugu.

Mila esker era ezberdinetan parte hartu duzuen guztioi. 

Beraz, BagaBigaBlog!-etik udaz goza dezazuen opa dizuego.

Ondo izan eta irailera arte.
Continue lendo

2013-07-15

SUKARRA ETA INFILTRATU BILATERALAK EMAKUME GAZTE BATEAN (II)


Lehenengo eta behin, klinika kontutan izanda, infekzio baten aurrean gaudela pentsatuko genuke. Hala ere, klinika ez du neumonia tipiko batekin bat egiten eta analitika nahiko inespezifikoa da. Gainera, erradiografía ikusita diagnostiko diferentziala zabala da eta hiru zatitan bana dezakegu:

1. Neumonia
2. Gaixotasun inmunologikoak: Wegener, BONO…
3. Minbizia.
Erradiografian infiltratu albeolar bilateralak ikusten dira, nahiko biribilak eta ondo mugatuak.
Neumonia batean pentsatzekotan, alde batetik, serología eskatu beharko genuke, izan ere, neumonía atipiko bat deskartatu behar dugu. Gainera, prokaltzitonina eskatuz, bakteria tipiko eta atipiko artean ezberdindu genezake. Azkenik, bronkoskopia egitea dago, kateter teleskopatua hain zuzen ere. Dena dela, garrantzitsuena mikroorganismo atipikoak akabatzeko antibiotikoa aukeratzea da.
Beste alde batetik, infiltratu hain biribilak, wegener gaixotasunean ere ikus ditzakegu, baina gure pazienteak ez dauka goi-arnas aparatuko ezta giltzurruneko afektaziorik eta gainera, kondentsazioetan ez dira kabitaziorik ikusi. Hala ere, asmo handia izango bagenu, ANCAk eska genezake analitikan.
Azkenik, minbizi bat denoi datorkigu burura, batez ere, mbiriketako metastasi modura. Kasu honetan, SCANNERa eskatu beharko genuke eta emaitzaren arabera beste froga inbasiboagoetan pentsatu.
Gure kasuan, SCANNERa eta neumonien serología eskatu genituen. Egia esan, TCan infiltratu bilateralen presentzia konfirmatu zen baina diagnostiko definitiboa serologiaren bidez lortu zen. Coxiella Burnettiren IgGren mailak altuak izan ziren eta hortik hile batera, lau bider handitu ziren, hau da, serokonbertsioa eman zen.

Q sukarra distibuzio mundiala daukan zoonosi bat da eta oso klinika desberdinarekin aurkeztu daiteke (gripe antzeko kasua, meningoentzefalitisa, endokarditisa, neumonía...) Printzipioz, animaliekin kontaktua duten pertsonetan ematen da, ardiak, ahuntzak eta behiekin batez ere. Beste animalia batzuk ere infektatuak egon daitezke, hala nola, txakurrak, katuak edo txerriak eta honek hirietako kasu esporadikoak azaltzen ditu. Normalean, animaliak gernua, kaka zein esnearen bidez botatzen dute mikroorganismoa, baina batez ere, erditzean ematen dira bakteria kontzentrazio altuenak.
Historian zehar, Euskadin, kasu asko deskribatu dira eta animaliekin lan egiten duten gune asko daudelako izaten da. Hala ere, coxiella burnetti oso infektagarria izan daiteke eta trasmisioa inhalazio bidez ematen denez, kasuak eman daitezke kontaktutik urrun. Gure pazientearen kasuan, ez zegoen zuzenezko kontakturik.
Tratamenduaren aldetik, printzipioz doxiziklina da aukerarik onena. Hala ere, praktika klinikoan, fluorokinolonak izaten dira erabilenak.

Ane Uranga Etxebarria. 
Neumologoa
Continue lendo

2013-07-09

SUKARRA ETA INFILTRATU BILATERALAK EMAKUME GAZTE BATEAN


36 urteko neska bat sukarra zuela-eta Urgentzietako Zerbitzuetara hurbildu zen.

AURREKARI PERTSONALAK:
  • Erretzailea da, 20 pakete/urte erre ditu.
  • 2001ean ingresatuta egon zen haurdunaldian zehar pairatutatko pielonefritis batengatik.
  • Aurrekari laboralak: Kosmetikoen denda batean lan egiten du.
  • Aurrekari anbientalak: Ez ditu animaliarik. Lumazko edredoiarekin lo egiten du.

GAUR EGUNGO GAIXOTASUNA:
10 egun daramatza erabat txarto sentitzen, eztul lehorra eta sukarrarekin, azkenengo egunetan 39º Ckoa delarik. Ez du arnasesturik ezta toraxeko minik somatu.


MIAKETA FISIKOA
TA 105/60, BF 75, SatO2 %98, AF 18x.
Ondo perfundituta eta hidratatuta. Kolorazio normala
Bihotz eta biriketako auskultazioa normala.
Beheko gorputz adarretan ez zeukan hanketako edemarik, ezta zainetako tronbosi sakonen zeinurik.

FROGA OSAGARRIAK
- EKG: Sinusala, 100x. Blokeorik ez. Errepolarizazioa normala.
- Odol azterketa:  Glucosa 105 mg/dL, Urea 26 mg/dL, Creatinina 0.83 mg/dL, LDH 291 U/L, IONES, Calcio total 8.79 mg/dL, Sodio 132 mEq/L, Potasio 3.58 mEq/L, P. REUMATICAS, Proteina C Reactiva 171.9 mg/L, HEMOGRAMA, Leucocitos 7.5 miles/mm3, Hematies 4.49 mill/mm3, Hemoglobina 13.5 g/dL, Hematocrito 40 %, V.C.M. 88.2 fL, H.C.M. 30.1 pg, C.H.C.M. 34.2 g/dL, RDW 14.3, Plaquetas 198 miles/mm3, V.P.M. 7.5 fL, Fórmula Leucocitaria, Basófilos 0.1 %, Eosinofilos 0.2 %, Segmentados 80.6 %, Linfocitos 10.8 %, Monocitos 8.3 %, COAGULACION, T. Protrombina 84 %, INR 1.17, T.P.T.A. 28 segundos, Dimero D 1061 ng/mL
- Ag neumokoko eta legionella negatiboak. 

- Toraxeko erradiografia: 






• Zein izango litzateke diagnostiko diferentziala?
• Ze frogak eskatuko zenituzke diagnostikora hurbiltzeko?


Ane Uranga Etxebarria. 
Neumologoa
 
Continue lendo
 

BAGA BIGA BLOG! Copyright © 2011 | Template design by O Pregador | Powered by Blogger Templates