2012-09-21

HATZ TXIKIA HANDITU ZAIT (2)

Artritis psoriasikoa psoriasiarekin batera azaltzen den hanturak eragindako artritisa da. Hasiera batean, artritis erreumatoidearen aldaera bezala hartu bazen ere, egun entitate kliniko bereizia dela onartzen da. 

Azaleko psoriasia pairatzen duten %10-30-ei eragiten die, eta kasu batzuetan (%15) artritisa bera azala erasan baino lehenago ager daiteke. Bizitzaren laugarren eta bosgarren hamarkadetan agertzen da maiztasun handiagoz, eta lotura familiar indartsua du. Eskuetako giltzadura txikietan azaltzen da gehien bat, eta hurbileko zein urruneko giltzadura interfalangikoei eragiten die. Aurkezpen ohikoena oligoartritis asimetrikoa da baina era ezberdinetan azaldu daiteke:  
- Urruneko giltzadura interfalangikoei eraginez.
- Oligoartritis asimetrikoa
- Poliartritis simetrikoa
- Artritis suntsitzailea
- Bizkar-hezurreko artritisa edo espondiloartritisa

Artritis psoriasikoak eragin aldakorra izaten du, hala bada gaixoetako gutxi batzuek garatzen dute larriena den aldaera suntsitzailea. Prognosia baldintzatzen duten faktoreak honako hauek dira: zenbat eta erasandako giltzadura gehiago egotea, Globuluen Jalkiera-Abiadura (GJA) altua, aurretik jasandako tratamendu saiakeren arrakasta eza eta giltzaduren suntsidura handia, funtzio galera eta bizi-kalitatearen murrizketa.

Orokorrean, antiinflamatorio ez esteroideoak izaten dira tratamenduaren lehenengo urratsa, eta hauekin hobekuntzarik suertatzen ez bada edo larriagoak diren kasuetan Methotrexate, Leflunomide edo Sulfasalazine bezalako farmakoak erabiltzen dira. Azeken hauekin nahikoa ez bada, TNFaren inhibitzaileak diren botikak saiatzen dira, hala nola etanercept, adalimumab edo infliximab.


Mikel Baza Bueno. Familia Medikua.



Treatment of psoriatic arthritis. Uptodate

0 comentarios:

Publicar un comentario

 

BAGA BIGA BLOG! Copyright © 2011 | Template design by O Pregador | Powered by Blogger Templates