Osasun
arloko profesional garen heinean, fisioterapeutok paziente asko ikusten
dugu jasotzen duten lehenengo arreta gisa. Gaur egun, Espainia mailako
erakundeen hitzetan, fisioterapeuten %80ak egiten du lan kontsulta
pribatuan. Hau da, guregana etortzen diren gaixoen gehiengoa ez da
medikutik pasa, eta beraz, fisioterapia tratamendu egokia den ala ez
inork ezin izan du zenbatetsi. Hori dela eta, fisioterapeuta orok argi
eduki behar genuke, paziente bat aurrean dugun momentuan, zeri eskeini
behar diogun gure arreta eta zeintzuk diren gure tratamentua ematearen
kontraindikazioak.
Informazio
hori lortzeko, historia klinikoa eta miaketa ditugu. Baina, zer eduki
behar dugu kontutan, hauetan? Argi dauzkagu zeintzuk diren gure
tratamendua kontraindikatzen duten seinaleak?
Seguruenik
galdera horien erantzuna, literatura anglosaxoiean erabiltzen diren Red
Flags-ak dira (euskaraz, bandera gorri gisa izenda ditzakegu).
Ein? Bandera gorriak? Zer da hori? Niri unibertsitatean ez didate sekula horrelakorik aipatu…
Bandera
gorriak, arazo mediku larri bat izan daitekeenaren aurrean gaudela
ohartarazten gaituzten seinale eta sintomak dira. Gainera, ezintasun
itzulezin edo heriotza ere ekar dezaketen arazoak izan daitezke, ez
badira behar bezala artatzen.
Nahiz
eta definizioa nahiko gogorra den, bukaeran esan nahi dena honela
sinplifika genezake: paziente baten aurrean mekanikoa edo
neuromuskuloeskeletikoa ez den zeinuren batek gure arreta deitzen badu,
hobeto ikertu dezakeen norbaitengana bidali behar genuke.
Era
berean, arreta deitzen digun sintoma batek ez du zertan ezer larririk
iradoki. Hau da, aurkitzen dugun sintoma arraro guztiak ez dira bandera
gorriak eta hauek identifikatzea ezinbestekoa da. Adibidez, gauean
jasaten den mina normalean seinale txartzat hartzen da. Baina honek ez
du esan nahi gauez mina somatzen duten paziente guztiak deribatu behar
ditugunik. Ezaguna baita, adibidez, mekanosensibilitate handia duen
egitura neural batek, ziatika kasuetan bezala, askotan min gehiago egin
dezakeela gauez, jasotzen duen oxigeno kantitatea urriagoa baita tentsio
arterialaren beherakadarengatik. Bestalde, gauez min handiagoa jasaten
duen pertsona batek, faktore mekaniko baten aurrean aldaketarik
nabaritzen ez badu, adibidez mugitzean edo posizioz aldatzean, baliteke
bandera gorri baten aurrean izatea.
Ezinbestean
ezagutu beharreko zeinuak dira, baina hauen garrantzia erlatibizatu
beharko genuke. Batez ere, hauen prebalentzia baxua baita guregana
etortzen diren gaixoen artean. Estimazioen arabera, gerriko minen %1a
bakarrik izaten da arazo larri baten ondorioz.
Halaber,
ohikoenak hezur hausturak izaten dira. Hauek baloratzerakoan hainbat
arau eduki beharko genituzke kontutan. Kontsultan 70 urte baina gehiago
dituen emakumea jasotzen badugu eta horri, kortikoideak hartzen dituela
eta erorketa egon dela batzen badiogu, seguru asko hezur haustura baten
aurrean egongo ginake eta ondorioz, paziente hori deribatu egin beharko
genuke. Bestalde, ezagunak dira orkatileko okerdurak eta hausturen
artean baztertzeko erabiltzen diren Ottawa arauak.
Seinale
hauek dituen paziente bat aurkituko bagenu, gure tratamendua atzeratu
egingo litzateke, radiografia batek lesio larriago bat baztertzen duen
arte.
Lehen
aipatu bezala, historia klinikoa eta miaketa zehatza dira bandera
gorriak topatzeko ditugun tresnarik onenak. Baina era berean,
patologiaren eboluzioak arreta berezia merezi du. Nahiko ohikoa da,
arazo mekaniko bat dirudien lesio batek espero dugun eboluzioa ez
izatea.
Imajina
dezagun lepoko minez datorren persona bat dugula kontsultan. Historia
klinikoak eta miaketak ez digu inongo seinale larririk ematen eta arazo
neuromuskuloeskeletiko bat izan daitekeela pentsatzen dugu. Beraz, gure
tratamenduarekin hasteko ez legoke arazorik. Denbora pasatzen den
heinean eta saio batzuen ostean, pazienteak ez du inongo hobekuntzarik
nabaritzen eta gainera, sintomatologia berriak agertzen hasten dira.
Buruko mina izan daiteke, bertigoa edo beste ondoezen bat. Honela,
baliteke arazo muskuloeskeletiko bat zirudienak mediku azterketa behar
izatea. Kasu honetan, patologiaren eboluzio ezak deitzen du arreta eta
ezinbestean kontutan hartu beharreko zerbait da.
Horregatik,
hasiera bortitzeko, traumatismo garrantzitsu baten ondorioz edo
hasieratik gure arreta deitzen duen klinika duen pazienteak ez badu
espero den bilakaera izaten, bandera gorri baten susmoa piztu beharko
liguke.
Beste
adibide bat, buruko mina izan daiteke. Ez da ohikoa 50 urtetik gorako
pertsona batek bere lehenengo buruko mina adin horrekin edukitzea.
Gainera, sintomek okerrera egiten badute eta honi botaka aritzea
gehitzen badiogu, baliteke garezurreko tumore baten aurrean izatea.
Gorputzeko
zati bakoitzak baditu bere bandera gorriak izan daitezkeenaren sintoma
eta zeinuak baina literatura zientifikoan sarrien agertzen direnak,
hauek dira:
Arrazoirik gabeko pisu galera.
Minbizia izanaren historia.
Gaueko mina
50 urtetik gora edukitzea
Traumatismo gogorra
Sukarra
Defizit neurologiko orokorra edo/eta progresiboa.
Esteroideekin tratamentua.
Nahiz
eta ez ditugun sarritan horrelako kasuak ikusten, ezinbestekoa da
bandera gorrien ezagutza gure historia kliniko eta miaketa egiterakoan.
Bestalde, sintoma eta zeinu desberdinak daudenez, ezin dugu bandera
gorrien gidalibururik egin.
Gure
azterketa egiterakoan kontutan izatea da komenigarriena, eta gure
pronostikoak betetzen ez diren momentuan, autokritika eginez gure
diagnostikoa zuzena ote den hausnartzea. Argi baitago lehen mailako
profesionalak izan nahi badugu, hauen ezagutza ezinbestekoa dela.
Xabat Casado.
Fisioterapeuta
Bibliografia
- Pepe Guillart. Red flags. Fisioterapia sin red.
- Chaniotis SC.2012.Clinical reasoning for a patient with neck and upper extremity symptoms: A case requiring referral. Journal of Bodywork and Movement Therapies, 16; 359-363.
- Ferguson F, Holdsworth L, Rafferty D. 2010. Low back pain and physiotherapy use of red flags: the evidence from Scotland. Physiotherapy. 96; 282-288
- Goodman, C. Snyder, T. 2001. Patología médica para fisioterapeutas. McGraw Hill-Interamericana 3ª ed.
- Greenhalgh S, Selfe J.2004. Margaret: a tragic case of spinal Red Flags and Red Herrings. 2004. [Full Text PDF] Physiotherapy. 95; 73-76.
- Greenhalgh S, Selfe J. 2006. Red Flags: A guide to indentifying Serious pathology of the Spine. Churchill Livingstone ed. 1.
- Greenhalgh S, Selfe J. 2009. A qualitative investigation of Red Flags for serious spinal pathology. Physiotherapy. 95; 223-226
- Harding IJ, Davies E, Buchanan E, et al. 2005. The symptom of night pain in a back pain triage clinic. Spine. 30(17); 1985-8
- Henschke N, Maher C, Refshauge K M,Herbert,R D et al. 2009. Prevalence of and Screening for Serious Spinal Pathology in Patients Presenting to Primary Care Settings With Acute Low Back Pain. Arthritis and Rheumatism. Vol. 60, 10; 3072–3080
- Leerar, P. Boissonnault W, Domholdt E et al. 2007. Documentation of red flags by Physical therapists for patients with low back pain. The Journal of Manual and Manipulative Therapy. 15(1); 42-49.
- Sizer J, Brismée JM, Cook C. 2007. Medical Screening for Red Flags in the Diagnosis and Management of Musculoskeletal Spine Pain. Family Pain Practice. 7(1); 53-71.
- Soerensen B. 2011. Mechanical diagnosis and therapy (MDT) approach for assessment and identification of serious pathology. Manual Therapy. 16; 406-408.
0 comentarios:
Publicar un comentario