2012-11-02

UKONDOKO EPIKONDILITISA


Paziente bat ukondoko minarekin etortzen denean, ohikoena da Ukondoko Epikondilitisa izatea. Baina Ukondoko Epikondilitisaren minaren agerpen eremua ezberdina izaten da eta jatorri ezberdinak izan ditzake.



Lehenik eta behin, nik galdetzen dudana honakoa izaten da, “non duzu mina?”
Erantzunak, bi hauek izaten ohi dira:
  1. Ukondoaren puntatxo hontan (Humeroaren kanpoko epikondileoan, tendoien lotunean) edo,
  2. Ukondoko epikondilora heldu aurreko tendoi edo muskuluetan (Hatzen m. hedatzailea, Karpoko m. Hedatzaile kubitala, Karpoko m. Hedatzaile Erradial Luzea)


Nire ustez, bi min hauek ez dute tratamendu berdina izan behar.

  1. Mina Epikondiloan bertan kokatua dagoenean
Baliteke tendoien hantura bat izatea, min hau giltzadura erradio-humerala ondo ez mugitzeagatik erator daitekeelarik. Horrela ba, fisioterapian egin ohi dena, giltzadura honen mugimendua hobetzen saiatzea da. Kasu hauetan erabil daitekeen teknikarik onenetarikoa Mulliganen MWM da, (Mobilization with Movement), ukondoaren kanpo mugimendua, hain zuzen ere.
Beste aukera batzuk dira betiko zeharka sakoneko masaia (Cyriax-en masaia) eta muskulu epikondileoen luzaketak.


  1. Mina ukondoko epikondilora heldu aurreko tendoi edo muskuluetan dagoenean
Pazienteak bigarren erantzuna emanez gero, tratamendua bestelakoa izan ohi da. Alde batetik, epikondiloan lotunea duten muskuluen tonua, begiratu behar dena , eta hau arindu edo jaitsi beharko da. Horretarako begiratu beharko litzateke muskulu hauetan katu punturik dagoen (punto gatillo / Trigger Points).




Irudiak: SIMEON NIEL-ASHER: El libro conciso de los puntos gatillo, Editorial Paidotribo, Bartzelona, Espainia, 2008.
Katu puntuek, tentsio sentsazioa eragiten dute, izan ere, puntu hauek eskumuturreko muskulu hedatzaileen lotunetik tira egiten du, mina sortaraziz.
Tentsio hau arintzeko, katu puntua aurkitu eta akupunturazko orratz batekin ziztatu egiten da. Puntuan gaudela jakiteko, muskuluaren nahi gabeko uzkurketa gogor bat ikusiko dugu. Eskumuturreko muskulu hedatzaileen masajea eta hauen luzaketa pasiboa ere egin daitezke tratamendu bezela

Badaude kontuan izateko beste zenbait alderdi:

-         Nerbio Erradialaren konpresioa Froshe arkadan:
Kontuan izan behar dugu N. Erradialaren pasarte hau, honek eragin baitezake mina ukondoko epikondiloan.


-         Z5-Z6 ornoen arteko mugimendu egokia.
Orno hauen artetik N. Erradiala jaiotzen da, zeinaren miotoma, eskumuturreko muskulu hedatzaileen multzoa da. Horregatik begiratu behar dugu, orno tarte hau ondo mugitzen den. Mugimendurik egokienak ornoen albo mugimenduak (B. Vicenzino) dira, nerbioaren irteera handitzeko.

UKONDOKO EPIKONDILITISAREN FROGA DIAGNOSTIKOAK
EPIKONDILITISARENTZAKO FROGA AKTIBOA
-         Helburua → Epikondiloko muskuluetako tendoien hantura agerian jartzea.
-         Pazientearen posizioa → Jesarrita, besaurrea pronaturik eta ohetxoaren gainean.
-         Aztertzailearen posizioa → Pertsonaren aurrean jesarrita, esku batekin pazientearen ukondoa finkatzen du.
-         Ekimena → Libre dagoen eskuak eutsi egiten du hedapena eta eskumuturraren desbideratze erradiala, indar oposaketa 3. metakarpiano (bigarren erradiala) eta 3. atzamarreko hurbileko falangean (atzamarren hedatzaile komuna) ezartzen da.
-         Aurkikuntza positiboa → Min mugatua epikondilo aldean, bigarren erradialaren edo atzamarren hedatzaile komunaren tendinitisa adierazten du.
Atzamarren erlaxazioa, 3. metakarpianoaren hedapen eutsi bat egiten denean, bigarren erradiala isola daiteke atzamarren hedatzaile komunarekiko.
Beste alde batetik, supinazio kontraeutsi batean mina agertuz gero, supinatzaile laburraren arazoa agerian jartzen du.
Patologia muskulutendinosoa, desberdindu egin behar da, erasankeri erradikularrez, harrapaketa neuropatikotaz edo endekapenezko artropatiaz eragindako epikondilalgiagatik.


Badaude froga gehiago, esaterako, Cozen Froga, Millsen Froga, eta abar, baina hau da ohikoena.

NERBIO ERRADIALAREN FROGA NEURODINAMIKOA (ULNT 2B)
-         Helburua → Tentsioa jartzea nerbio erradialean, sintomak nerbio honen ibilbidean direnean eta Z6 nerbio sustraiean. Mina sorbaldaren atzean, ukondoko albo mina, besaurrearen min dortsala, tunel supinatzailearen mina eta DeQuervain sindromea izaten dugunean erabiliko dugu froga hau.
-         Pazientearen posizioa → Dekubito supinoko etzakeran, diagonalki jarria esku ohearen gainean, aztertu beharreko sorbalda esku ohearen gainetik ateraz,burkorik gabe.
-         Aztertzailearen posizioa → Kaudal zentzurantz begira, zutik oinak aldendurik, hurbileko hanka aurreraturik eta aztertzailearen hurbileko aldaka pazientaren sorbaldaren kontra, baina presiorik egin gabe.
Hurruneko eskuak pazientearen ukondoa hartzen du. Beste eskuak, hurbileko eskuak, pazientearen eskuaren alde dortsala hartzen du.
Pazientearen besoak gorputzetik luze daude, ukondoa 90º-tako tolesturan eta eskumuturrak zein hatzamarrak jarrera neutroan.
-         Mugimenduak
§         Eskapularen beheraldia
§         Ukondoaren hedapena
§         Giltzadura glenohumeralaren barne errotazioa / besaurrearen pronazioa
§         Eskumuturraren eta hatzamarren tolestura
§         Glenohumeralaren abdukzioa
-         Ezberdintze estrukturala
§         Hurbileko sintomak: eskumuturraren tolestura askatu
§         Urruneko sintomak: eskapularen beheraldiaren presioa pixka bat askatu
-         Erantzun normalak → Tiraldi sintomak izatea ukondoaren albo aldean, hauek besaurreraino heldu daitezkelarik. Batzuetan luzaketa eragiten da eskumuturraren atzeko aldean. Ukondoaren sintomak gutxitu ohi dira eskapularen beheraldia askatzean eta zenbaitetan eskumuturreko sintomak ere.
Mugimenduaren anplitudea izaten ohi da giltzadura glenohumeralaren abdukzioa 0º eta 50º bitartean.
Sentsibilizazio mugimendua buruko kontrako albo inklinazioa da.
Froga hau bideo honetan oso ondo ikusten da:


Lotura hau, Bill Vicenzinok aspaldi egindako ikerketa famatu bati buruzkoa da, oso interesgarria:
Besterik gabe, espero dut lagungarria izatea,

Loitzun Izaola (loitzunia@hotmail.com)
Fisioterapeuta
                                         

3 comentarios:

  1. Muy bueno...parece porque no lo entiendo mucho...una traducción al catalán Loichu! Saludos!

    ResponderEliminar
  2. Loitzun Izaola9/11/12 11:16 a. m.

    Blog-a irakurtzen duzuen guztioi esan nahi dizuet, gairen bat jorratzea nahi baduzue esaidazue mesedez, ta landuko dut.
    Eskerrik asko!!
    Loitzun (loitzunia@hotmail.com

    ResponderEliminar
  3. Kaixo Loitzun,

    Lehenik eta behin, zorionak! Asko gustatu zait. Egia esaten badizut, hitz teknikoak euskaraz jartzean pittin bat galdu naiz, baina primeran iruditzen zait. Fisioterapia euskaraz ere, posible baita. Beraz, ekin gogotsu, jarraitzaile bat (behintzat) irabazi duzu eta.

    Horrez gain, kalitate haundiko artikulua iruditu zait. Ikusten dudanez, ez naiz eskuzko terapia maitatzen duen euskaldun bakarra. :)

    Agur bat,
    Xabat

    ResponderEliminar

 

BAGA BIGA BLOG! Copyright © 2011 | Template design by O Pregador | Powered by Blogger Templates