2013-04-30

Kasu Klinikoen Lehiaketan parte hartzeko deialdia... Kasu kliniko baten bitartez

Maiatza badator eta beraz hilabete duzue zuen kasu klinikoak bagabigablog@gmail helbidera bidaltzeko. Animatu zaitezte!

 
Tartean, hemen duzue kasu kliniko berri bat, ea zuen partaidetzarako gogoa pizten laguntzen duen.

UDABERRIKO "ELURRA ZAPALDUZ"

Etengabeko Arreta Gune batean egonda, lankideak bere kontsultara hurbiltzeko eskatu zidan, aldi berean pazienteak esandakoaren berri emanez. 

Pazientearen esanetan, 3 gau lehenago, taberna batetik irtetzerakoan ezagutzen ez zituen morroi batzuk kolpatzen hasi zitzaizkion. Berehala lurrera erori eta orduan hainbat ostikada jaso omen zituen gorputz eta aurpegian. Kolpeek eragindako minaz gain, aurpegi eta lepoa handituta zituelako kontsultatzea erabaki zuen azkenik. Ez zuen arnas-esturik, ez sukarrik ez eta azalean gorritasun edo berotasunik izan. 

Azterketa fisikoari dagokionez, hastapenean eskuak lepotik eta aurpegian zehar pasatzean "elurra zapaltzen" deneko sentsazioa antzematen zen. Azterketa fisikoaren beste datuak: Bihotz maiztasuna 70 taupada minutuko, tentsio arteriala 123/78 mmHg eta oxigeno-asetasun maila %98-koa.

Gauzak horrela, pazientea ospitalera bidali genuen bertan erradiografiak egin eta beharrezko tratamendua eman ziezaioten. Hemen duzue egin zitzaizkion erradiografietako lehenengoak.



Zein da diagnostikoa? Beste froga osagarririk egingo zeniokete?


Mikel Baza
Familia Medikua

Eskerrik asko Jokin!



OharraKasu klinikoen Lehiaketan izango genukeen egiturari jarraituz, aste honetan zehar zuen iritzi eta erantzunak jasoko ditugu, datorren astean zehar kasuaren bigarren zatia argitaratu aurretik.

3 comentarios:

  1. Gorka Eskubi. Familia Medikua30/4/13 6:21 p. m.

    Arrasti on, supozatzen dut kasu hau leiaketan parte hartzeko adibide moduan ipini duzuela, baina hala ere kasu polita da eta erantzuteko irrika sartu zait. Printzipioz nahiko garbi antzematen da zein den diagnostikoa, azal azpiko enfisema litzateke, bai miaketako fisikoan nabaritzen den krepitazioagaitik zein erradiografian ikusten den samako atal bigunen (partes blandas)nabaritasunagaitik.
    Beste frogarik egitekotan espirazio bortxatuan egindako toraxeko RX bat eta bipedestazioan abdomeneko beste erradiografia egingo nituzke, neumotoraxa edo neumoperitoneorik badagoen deskartatzeko. Ondo izan

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Egun on Gorka! Mila esker parte hartzeko horren prestu ibiltzearren. Hala da bai, hau lehiaketatik kanpo dagoen kasua da, eta zu bezalako irrikalariak Lehiaketa ofizialean parte hartzen animatzeko diseinatua hain zuzen ere ;)

      Kasuari dagokionez, arrazoi duzu LARRUAZALPEKO ENFISEMA dela zeinu nagusia, miaketa fisikoan "elurra zapaltzea" bezala deskribatzen dena klasikoki.
      Baina kasuan sakondu nahi izanez gero, nondik eta nola sortu da hau? Zer froga diagnostikoren bitartez jakin daiteke? Eta zein tratamendu beharko luke?
      Esan duzunez, neumotoraxa edo neumoperitoneorik dagoen baztertu behar dugu, hala da bai, baina lesioaren mekanismo-eragileari erreparatuz, ze beste jatorri anatomiko izan dezake aireak?

      Besarkada bat Gorka.

      Eliminar
  2. Gorka Eskubi. Familia Medikua3/5/13 1:25 p. m.

    Kaixo berriro mikel. Kasua sakonduz eta lesioaren mekanismo-eragileari erreparatuta, gorputz eta aurpegian jasotako ostikadak izanik aire sartzearen/sortzearen jatorria: kanpokoa aire sartzea aurpegi edo ahotik, hezur, azal edo hagin haustura baten bidez; eta bigarren aukera barneko organoren baten zulatzearen ondorioz, torax edo abdomenekoa.
    Froga diagnostikoari dagokionez, aurpegi-torax-abdomeneko TACa egitea ondo legoke eta behin aire sartze horren jatorria zein den ikusita eta pazientearen egoera klinikoa kontutan hartuta; tratamendu kontserbadorea edo inbasiboa aukeratu.
    Aupa Athletic beti

    ResponderEliminar

 

BAGA BIGA BLOG! Copyright © 2011 | Template design by O Pregador | Powered by Blogger Templates