2014-12-02

ESKUAK / UKABILAK

Hala zioen Berri Txarrak taldearen diskoak: ESKUAK / UKABILAK (Gor, 2001). Ez pentsa zoratu garenik eta lurgorri utzi ondoren, bagabigablog horrenbeste eraldatu behar dugunik, osasun mundutik musikaren mundura salto egiteraino. Ez pentsa hausnarketa garai honek horren ondorio sakonak izan dituenik.

Baina bizitzak hainbat topaleku eskaintzen dizkigu, eta beraz, osasuna, patologia, musika eta poesia ere elkartu egiten dira hor nonbait. 

ESKUAK

Mezu hilak idazteko eskuak
elkarrekin sentitzeko eskuak
arriskua txalotzeko eskuak
ta mundu hau jorratzeko eskuak


Baina eskuak eta ukabilak muskulu, tendoi, ligamendu, odol-hodi, eta hezurrez osatuta daude. Beraz, amorru, beldur edo minak eragindako kolpeek hezurrak hautsi egiten dituzte maiz.

Ondorio edo min horiek ikusten ditugu batzutan, hona hemen adibide batzuk, X-izpien eskuetatik.










Ukabilez jo eta gero azaltzen den haustura ohikoena 5. metakarpianoarena da, eta honi boxeolariaren haustura ere esaten zaio. Orokorrean, metakarpianoaren lepoan izaten da haustura, baian diafisi, oinarri edo metakarpianoaren buruan ere azal daitezke.

Diagnosia klinikoa da, edozein hausturan bezala, eta hatz-koskorrean hantura, mina eta anatomiaren aldaketak antzeman daitezke. Dena den erradiografiak diagnosia baieztatu eta haustuaren izaeraren berri emango digu.

Tratamenduari dagokionez, angulazioa 45º baino txikiagokoa bada, ferula antebrakial baten bidez immobilizatu daiteke, bosgarren atzamarraren hedapen dortsala mantenduz.

Angulazioa 45º-tik gorakoa bada, erreduzitzea beharrezkoa izango da, eta anestesia lokalpean Jahss-en maniobra erabil daiteke.

Baina aurkeztutako erradiografiek zer erakusten dute? Boxeolariaren hausturak dira? Edo ba al dago besterik?

Zuek esan.
Bagabigablog bada hemen berriz, eta zuen partaidetza ezin bestekoa dugu.

UKABILAK

Aski dela esateko: ukabilak.



Bibliografia:
- Berri Txarrak. Eskuak/Ukabilak. Gor diskak, 2011.
- Fracturas de los metacarpianos. AMF 2009;5(10):559-598


Mikel Baza
Familia eta komunitateen medikua
@mikelbaza
Continue lendo

2014-11-04

BERTSO SAIO KLINIKOA Bilbon, azaroaren 20ean


Aurten ere Bertso saio klinikoa izango dugu Bilbon.

Goi mailako bertsolari bi izango ditugu: Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia.

Bertsolariek sintoma, gaixotasun, atal anatomiko edo beste edozein osasun gaieren inguruan kantatuko dute, eta parte hartzaileok zertan ari diren asmatu beharko dugu.
 

Non? Kalderapekon, Txakur kalea 1
Noiz? Azaroak 20, 19:00etan
Norentzat: Osasun arloko langile eta ikasleentzat

Izena emateko: meuskarabatzordea@gmail.com




Continue lendo

2014-08-05

LURGORRI UTZIKO DUGU


Azken denboraldiko “lehortearen” ondoren gure bagabigablog-a lurgorri uztea erabaki dugu. Sormen agorraldi honi aurre egiteko modua da hau, ea lurrak atseden hartu eta ideiak berriro ere loratzen zaizkigun.


Ia urte bi joan dira lehenengo sarrera argitaratu genuenetik eta asko da denbora honetan erein eta hazitakoa. Uzta oparoak izan dira eta hainbat izan zarete lur hauek ureztatu dituzuenak.


Esker mila modu batera edo bestera landa honetan parte hartu duzuen guztioi, izan ere, zuengatik izan ez balitz proiektu honek ez luke inolako zentzurik izango. 
Helburu nagusia osasun gai ezberdinen inguruan aritzea zen, nola eta euskaraz!


Hainbat izan dira argitaratutako sarrerak, baina ekimen batzuk bereziki aipagarriak izan zaizkigu: 
 


Camfic-en pazienteentzako fitxen euskaratzea burutzeko OEE, osatzen eta hainbat boluntarioen laguntza izan genuen. 



Asterik aste, ikuspuntu ezberdinak uztartzen saiatu ginen patologia honen inguruan. Fisteus-eko lagunekin elkarlan bikaina osatu genuen.
 


Hamaika kasu izan ziren eta irabaztea ez zen helburu nagusia. Azkue Fundazioa eta OEE-ren babes eskuzabala izan genuen.



Oso harro gaude ekimen interesgarri honetan parte hartu izanagatik



Mila esker berriro ere guzti hau posible egin duzuen guztioi, eta gogoratu hau ez dela agurra, gero artea baizik. 

Ateak zabalik gelditzen dira, edozein ideia zein proposamen berri ereiteko lurrak atseden hartu ostean. 

 
Continue lendo

2014-06-10

ALLTRIALS: Entsegu guztiak erregistratu | Emaitza guztien berri eman

Isilune luze baten ondoren, gaurkoan ez gatoz kontu berriekin, baina oso interesgarria eta garrantzitsua den egitasmo bat zabaldu nahi dugu.  

 
Bada garaia saiakuntza kliniko guztien emaitzak argitaratzeko. Saiakuntza klinikoen emaitzen argitaratzea mundu osoko paziente, ikertzaile, botikari, mediku zein erregulatzaileren onerako izanen da. Munduko edozein lekutan zaudelarik, mesedez sinatu eskaera:

Milaka saiakuntza klinikok ez dute beraien emaitza argitaratu; batzuk, gainera, ez dira erregistratuak izan.
 
Saiakuntza hauetan egin eta lortu denari buruzko informazioa betirako gal daiteke mediku zein ikertzaileentzat. Honen ondorioz, egokienak ez diren tratamenduak burutzen dira, kalitatezko medikuntza garatzeko aukerak galtzen dira eta aldez aurretik egindako saiakuntzak errepikatzen dira.
 
Iraganeko zein gaurko saiakuntza guztiak erregistratuak izan beharko lirateke, eta metodologia zein emaitza guztiak argitaratuak.
 
Gobernuei, erregulatzaileei eta ikerketa organismoei deia luzatzen diegu hau lortzeko neurriak har ditzaten.
 
Sinatu eta informazio gehiago eskuratzeko
Continue lendo

2014-04-07

II NAZIOARTEKO LABURMETRAI JAIALDIA ETA ARGAZKIEN I.A


    ZERTAN DATZA JAIALDIA? Laburmetrai eta argazkiak hurrengo gai/en inguruan aritu beharko dira:
    • Pazientearen Segurtasuna Medikamentuen erabileran
    • Bizitzaren Medikalizazioa
    • Desberdintasunak osasunean
    NORK PARTE HAR DEZAKE? 18 urtetik gorako edozein pertsonak parte har dezake, bere herritartasuna edozein dela ere.
    ZENBAT LABURMETRAI edo ARGAZKI AURKEZTU DAITEZKE? Nahi beste laburmetrai edo argazki aurkeztu daitezke.
    ZER EZAUGARRI BETE BEHAR DITUZTE AURKEZTUTAKO LABURMETRAIEK?
    • Laburmetraiek gehienez 6 minutuko iraupena izango dute, hasiera eta amaierako karatula ofizialak kontuan izan gabe.
    • Ez da onartuko Filmak beste jaialdi edo lehiaketa batean saritua izan den filmarik.
    • Edozein etxe komertzial, produktu edo zerbitzuren publizitate zuzena edo zeharkakoa, laburmetraia ez onartzeko arrazoia izango da.
    • Lehenengo 3 segundoetan lehiaketaren karatula ofiziala azaldu beharko da. Jarraian, laburmetraiaren izenburua eta zuzendarien izen-abizenak jasotzen dituen karatula agertuko da, eta berauek hurrengo helbidean deskarga daitezke: www.polimedicado.org
    • Azken 3 segundoetan amaierako karatula azaldu behar da eta helbide honetan deskarga daiteke: www.polimedicado.org
    ZEIN HIZKUNTZATAN AURKEZTU DAITEZKE LANAK? Laburmetraiak edozein hizkuntzatan aurkeztu daitezke. Erabilitako hizkuntza gaztelera edo ingelesa EZ den kasuetan, azpitituluak sartu behar dira aurretik aipatutako bi hizkuntzetako batean. Epaimahaiak aintzat hartuko du entzuteko desgaitasuna duten pertsonen ulermena errazteko helburuarekin gazteleraz zein ingelesezko azpitituluen erabilera.
    ZEIN DA LANAK BIDALTZEKO EPEA? Zure lanak apirilaren 15etik hasita irailaren 15eko 24 orduak arte bidal ditzakezu. Behin lanak jasotzeko epea amaituta, sistema bi astez zabalik egongo da publiko orokorrak botoa eman dezan. Jarraian, bozken zenbaketa egingo da publikoaren saria egokitzeko eta epaimahaiak lehen saria eta accesita erabakiko ditu. Sariak 2014ko azaroan banatuko dira
    SARIAK:
    • Lehen saria 1500 €
    • Publikoaren saria 1000 €
    • Hirugarren saria 500 €
    • Argazki onenaren saria 250 €
    • Argazki onenaren saria 250 € (Publikoa)






Continue lendo

2014-03-28

24. Osasun Biltzarra: Osasun Hezkuntza



2014an OEEren urteroko hitzordua Donostian izango dugu, apirilaren 4 eta 5ean egingo dugun Osasun Biltzarrean. Gaia aukeratzerakoan egon ziren aukeren artean laster atera zen aurrera Osasun Hezkuntzarena. Izan ere, osasun-arloa zabaltzeko, zaintzeko eta hobetzeko, hezkuntza gero eta gehiago lantzen den alorra dugu. Hori dela-eta, alor honetan dauden esperientziak ezagutzea oso lagungarri izango zaigu, gaia hobeto ezagutzeko eta gure zentroetan zabaltzeko.

Egitaraua 

Biltzarreko ahozko komunikazioak eta posterrak
 



 
Continue lendo

2014-03-18

Polimedikaziotik Depreskripziora (II)


DEPRESKRIPZIOA: botiken saltsan dantzan

Ez pentsa Doloresekin ahaztu garenik gero!

Duela bi aste Dolores bere etxeko sukaldean erori zen. Zorionez ez zuen hezurrik hautsi, baina harrezkero belauneko mina areagotu egin zaio eta berriz eroriko ote den beldurrez dago.  Mina kentzeko “zerbait” hartu nahi izaten du, ibuprofenoa normalean, baina azken boladan nahastu egiten da eta diazepama  edo azenokumarola hartu izan du ibuprofenoaren ordez…

Doloresen tratamenduak hainbat zalantza sortzen dizkigu. Posible al da, Doloresen egoeran, medikamentu guzti hauek ondo hartzea? Guztiak dira beharrezkoak? Mesede baino kalte gehiago egin dezakete? Nola eragiten dute bere bizitza kalitatean? Eta galdera nagusia: Doloresen tratamenduak bat datoz bere osasun eta bizitza lehentasunekin? 

 


Depreskripzioaren definizioa eta oinarriak
“Depreskripzio” hitzak ez du definizio zehatzik. Le Couteuren arabera (1) depreskripzioa medikuaren ardurapean iraupen luzeko tratamendua etetea da.  Gavilanen arabera (2), ordea, kontzeptu zabalagoa da, “preskripzioaren dekonstrukzioa, preskripzioaren elementuak azterketaren bitartez desmuntatzea, eta botikak kendu, erantsi, aldatu edo dosia gutxitzea izan dezake ondorio gisa”.
Depreskripzioaren helburua preskripzioa hasieratik berriz pentsatzea da, gaixoaren ezagupenetik abiatuta, osasun arazoen diagnostikoak, tratamendu ezberdinen indikazioak, onura eta kalteak, eta pertsonaren lehentasunak zeintzuk diren aztertu eta guztiaren jarraipena egitea. Preskripzioa eta depreskripzioa etengabeko prozesu baten bi aldeak dira, nahitaez pertsona eta egoera bakoitzari egokitu beharrekoak (3) .

Depreskripzioaren oinarriak zientifikoak eta etikoak dira (2,3).
Medikamentuen eraginkortasuna eta segurtasuna saiakuntza klinikoen bitartez bermatzen da, baina paziente oso zaharrak,  gaixotasun ugari dituztenak eta medikamentu asko hartzen dituztenak oso gutxitan parte hartzen dute ikerketa hauetan. Doloresen kasuan bezala, adibidez, Alzheimerra duten paziente asko 80 urtetik gorakoak dira, baina botiken eragina aztertzen duten ikerketak populazio gazteagoetan egiten dira (4) .
Gida klinikoek informazio zehatza ematen digute gaixotasun konkretu baten tratamenduaren inguruan, diabetesa, hipertentsioa, osteoporosia, esate baterako, baina argibide gutxi eskeintzen dizkigu osasun arazo ugari pilatzen direnean. Tentsioa  140/90 mmHgtik behera mantentzeko gehitu beharreko botikak, azukrearen kontrolak zenbatero egin, dietaren konposaketa, antidepresiboen arteko ezberdintasunak, guzti honetaz nahi beste informazio daukagu testu zientifikoetan. Baina Doloresen kezkak bestelakoak dira; bakarrik bizi da, mina dauka, erortzeko beldurra, buru nahasia eta eguneroko lanetarako autonomia galtzen ari da.  Ugariak dira ebidentzian oinarrituta tratamendu bat noiz jarri erabakitzeko lagungarri diren gida klinikoak. Ebidentzia, ostera, askoz urriagoa da tratamendu bat noiz kendu erabakitzen laguntzeko garaian.
Botika gehienek efektu kaltegarriak sortzen dituzte adineko gaixo polimedikatuetan. Diazepamek eta, orokorrean, benzodiazepinek, adibidez, erorketak eragiten dituzte (1)  eta hezur  haustura arriskua areagotzen dute.
Botika batzuk eraginkortasun urria dute populazio jakinetan. Doloresekin jarraituz, alendronatoak (eta orokorrean osteoporosiaren aurkako botikek) efikazia zalantzakorra du adineko pertsonetan  prebentzio bezala denbora luzez erabiltzen denean (5) .
Sarritan pazienteen lehentasunak ez datoz bat gomendio klinikoekin. Azenokumarolak iktus arriskua gutxitzen du fibrilazio aurikularra duten gaixoetan, baina Doloreek sarritan joan behar izaten du osasun zentrura botikaren ondorioz odoleko analisiak egitera eta alaben laguntza behar izaten du; honek bere autonomia murrizten du.
Denboran zehar pertsonaren osasun egoerak eta  ezaugarriak aldatu egiten dira. Alargundu ostean Doleresi on egin zion paroxetina hartzeak, baina depresioaren kontrako botikak, beste asko bezala, ez dira betirako.  Aldiro botika beharrezkoa den ala ez balioztatu beharra dago: onura eta kalteen arteko oreka, pertsonaren lehentasunak, funtzio fisiko eta soziala, bizitza kalitatea,  testuingurua.

Balioztatze prozesu horretan, funtsezkoa da pertsonak une jakin batean duen plangintza terapeutikoa birplanteatzea,  aztertzea, kendu, dosia gutxitu edo aldatzea, gaixoarekin adostea, jarraipena egitea.  Depreskribitzea, alegia, Doloresek atentzio zentzudunagoa izan dezan, bere beharren araberakoa.  

Nondik hasi?
Tratamenduaren egokitasuna berrikusi eta depreskripzioa aplikatzea edozein unetan egin daiteke, baina bere biziko garrantzia du ondorengo kasuetan (1,3,6) :
- Adineko gaixo polimedikatuetan. Adineko pertsonetan polifarmaziak eragin kaltegarriak ditu funtzio fisiko eta kognitiboan, eta ospitaleratze eta heriotza tasa altuagoekin lotzen da.
- Medikamentuek efektu kaltegarriak sortzen dituztenean.
- Medikamentuak eraginkorrak ez direnean.
- Bizi-itxaropen laburra, gaixotasun terminala, dementzia edo ahulezia kasuetan, helburu terapeutikoak aldatu egiten dira. Bihotzeko gaixotasunak prebenitzeko botikak,  osteoporosiaren edo dementziaren aurkakoek zentzu gutxiago izango dute egoera hauetan. Sintomak arintzekoak, ordea, garrantzitsuak izango dira.
- Errebisioa egiteko garaian zentzugabeko tratamenduak, interakzioak, bikoiztasunak edo botika desegokiak  aurkitzen ditugunean.  

Nola depreskribitu?
Bi  era nagusi daude depreskripzioa burutzeko (3):
a) Medikamentu zehatzak  aztertuz.  Medikamentu  bat egoera kliniko jakin batean ezegokia izan daitekeela dakigunean, gaixo horiek identifikatu eta banan bana aztertu ditzakegu. Esate baterako bisfosfonatoak  luzaroan hartzen dituzten emakumeetan (Dolores eta alendronatoa, adibidez). Edo interakzio arriskutsu jakinen kasuetan, hau da, Dolores bezala, “Whammy hirukoitza” (hidroklorotiazida + telmisartana + ibuprofenoa) hartzen duten gaixoetan.  Depreskribitzeko era hau errazagoa da, bereziki botika desegokiak kentzeko garaian.
b) Pertsona bakoitzaren araberakoa. Plangintza terapeutiko osoa aztertuz, alferrikako tratamenduak eten eta beharrezkoak mantendu edo areagotuaz, pertsonaren egoeraren arabera, pausoka egin beharreko prozesua da. Badira hainbat algoritmo eta galdeketa prozesu hau era antolatu batean egiten lagundu dezaketenak . Irizpide amankomunak dituzte, hala nola, medikamentuaren beharra (indikazio teorikoak eta pertsonaren behar klinikoak aurrez aurre jartzen dituena), eraginkortasunaren eta segurtasunaren arteko oreka, eta botikak bere eragina izan dezan behar duen denboraren eta bizi-itxaropenaren  bateragarritasuna.

Pertsona bakoitzaren araberako depreskripzioa burutzeko pausoak honako hauek dira (2,3) :
- Errebisioa. Botiken zerrenda osoa egitea eta pertsonaren egoera (fisikoa eta bestelakoa) aztertzea, ingurune soziala eta familiartekoa kontutan hartuz.
- Azterketa. Tratamendua betetzen ote den, efektu kaltegarriak eta interakzioak ote dituen aztertzea. Atentzioaren helburuei erreparatu, tratamenduaren helburuekin batera baloratu, bizi-itxaropenari eta botika eraginkorra izan dadin pasa beharreko denbora kontutan izan.
- Ekintza. Medikamendu desegokietatik hasi. Prebentziorako tratamendu batetik tratamendu sintomatiko batetara igarotzean edo bizi itxaropena luzatzen duen batetik zainketa aringarrietara pasatzean.
- Adostu. Pertsonaren itxaropenak, pertzepzioak, pentsamoldeak kontutan hartu, aukera errealak aztertu eta egokitu.
- Jarraipena. Lorpenak azpimarratu, lagundu. Sintomen berragertzea edo gaixotasunak okerrera egiteari erreparatu.

Zeintzuk dira depreskripzioaren ondorioak?
Medikuntzan edozein esku-hartzekin gertatzen den bezala, depreskripzioak ondorio positiboak eta negatiboak izan ditzake (1,10) .
Positiboen artean, bizitza kalitate hobea, egoera funtzionalaren hobekuntza,  botiken efektu kaltegarriak murriztea, gehiegizko medikalizazioa ekiditea edo kostuak (gaixoarenak eta gizartearenak) murriztea dira aipagarrienak.
Beste hainbatetan ez da aldaketa nabarmenik atzematen.
Beti ere, ez dugu ahaztu behar depreskripzioak ondorio kaltegarriak izan ditzakela. Hona hemen adibide batzuk:
- Abstinentzia sindromea, nerbio sistemako botikak bat-batean uzten badira.
- Errebote efektua: beta blokeatzaileak bat-batean uzten badira hipertentsioa eta takikardia gerta daiteke eta bihotzeko gutxiegitasunak okerrera jo dezake. Analgesikoak uztean buruko mina etor daiteke, edo insomnioa  kasuan.
- Interakzioak agertaraztea
- Sintomak berragertzea.
Ondorio kaltegarriak gerta ez daitezen, garrantzitsua da aldaketak pixkanaka egitea,  jarraipenarekin, eta jarrera irekia izatea, aldaketak ez bai dira itzulezinak.

Botikak ongi agintzen jakitea ez da garrantzi gutxiko artea. Arte askoz garaiagoa eta zailtasun handiagokoa da, ordea, botikak noiz kendu edo noiz ez jarri jakitea.
                   Philippe Pinelek idatzia, 1806.ean, Erokeriari Buruzko Tratatuan.



Arritxu Etxeberria
Mikel Baza


Bibliografia
1.         Le Couteur D, Banks E, Gnjidic D, McLachlan A. Deprescribing. Australian Prescriber. 2011;34(6):182-5.
2.         Gavilán-Moral, Villafaina-Barroso A, Jiménez-de Gracia L, Gómez Santana C. Ancianos frágiles polimedicados: ¿es la deprescripción de medicamentos una salida? Rev Esp Geriatr Gerontol [Internet]. 2012.
3.         Deprescripción. INFAC. 2012;20(8):46-52.
4.         Schoenmaker N, Van Gool WA. The age gap between patients in clinical studies and in the general population: a pitfall for dementia research. Lancet neurology. 2004;3(10):627-30.
5.         Inderjeeth CA, Foo AC, Lai MM, Glendenning P. Efficacy and safety of pharmacological agents in managing osteoporosis in the old old: review of the evidence. Bone. 2009;44(5):744-51. Epub 2009/01/10.
6.         Gavilán E, Villafaina A, Jimenez L. Polimedicación en personas mayores. AMF. 2012;8(8):426-33.
7.         Scott IA, Gray LC, Martin JH, Mitchell CA. Minimizing inappropriate medications in older populations: a 10-step conceptual framework. The American journal of medicine. 2012;125(6):529-37 e4.
8.         Amado Guirado E, Durán Parrondo C, Izko Gartzia N, Massot Mesquida M, Palma Morgado D, Rodríguez Palomar G, et al. Elementos básicos del abordaje de la medicación en el paciente crónico: información al paciente, conciliacion, revisión y adherencia. : SEFAP; 2012.
9.         Garfinkel D, Mangin D. Feasibility study of a systematic approach for discontinuation of multiple medications in older adults: addressing polypharmacy. Archives of internal medicine. 2010;170(18):1648-54.
10.       Gnjidic D, Le Couteur DG, Kouladjian L, Hilmer SN. Deprescribing trials: methods to reduce polypharmacy and the impact on prescribing and clinical outcomes. Clinics in geriatric medicine. 2012;28(2):237-53.




Sarrera honek #KulturaZientifikoa 1. Jaialdian parte hartzen du
Continue lendo

2014-03-17

AULKI HUTSAK

Zer gertatzen da maite dugun hori hiltzen denean? Normala da sentitzen dudana? Noiz hasi behar gara kezkatzen? Eta trabatzen bagara nora jo? Kontzeptuetatik abiatuta, mina ('dolus'), haserrea, egun "perfektuak", itxaropena eta oroimena barne hartu ditugu. Sendatzaile zaurituak eta zauritu sendatzaileak. "Historia oroimena da itxaropenaren zerbitzura".




Hurrengo emanaldiak
  • Martxoaren 18an. Bilbo. Kafe Antzokia. 19:30. (Euskaraz). 
  • Apirilaren 5ean. Donostia. Miramar jauregia. 09:00. OEEren (Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea) 24. Biltzarra. (Euskaraz).
  • Apirilaren 10ean. Bilbo. EHU Bizkaia Aretoa. 18:00. “Hil eta bizi: hor dolua” zikloa. (Euskaraz).
  • Apirilaren 14an. Zestoa. Kultura Etxea. 19:00.  (Gazteleraz).
  • Apirilaren 29an. Donostia. Okendo Kultur Etxea. 19:00. Giza Eskubideen XII. Zinemaldiaren ziklo paraleloan (Gazteleraz).
  
'Gertuko pertsona bat hiltzen zaigunean norbaiti kontatu behar diogu'



Iñaki Peña: «Heriotzaren ostean ez zara berdina izango, baina aldaketa onerako da dolua egoki eginez gero»

Continue lendo

2014-03-13

Polimedikaziotik Depreskripziora (I)


POLIMEDIKAZIOA: botikak arazo bihurtzen direnean

Doloresek 85 urte ditu, hipertentsioa eta fibrilazio aurikularra ditu, kolesterol altua eta  belauneko artrosia. Duela bost urte dementzia diagnostikatu zioten.  Hainbat botika hartzen ditu: donepezilo eta memantina dementziarentzat,  parazetamola eta ibuprofenoa minarentzat, pantoprazola urdaila babesteko, azenokumarola fibrilazio aurikularraren konplikazioak ekiditeko, hidroklorotiazida eta telmisartana hipertentsiorako, alendronatoa eta kaltzioa hezurrak babesteko. Duela zazpi urte senarra hil zitzaionetik paroxetina eta diazepama hartzen ditu. Guztira 12 botika dauzka egunero hartzeko, badu lana beraz.
Bakarrik bizi da baina astean zehar egunez zaintzaile bat du. Bere bi alabek aste bukaeratan laguntzen diote, eta baita osasun zentrora edo medikuarengana joan behar duen bakoitzean. Nahi baino sarriagotan, alegia: sintromaren kontrola, tentsio, analisiak, dieta zaindu beharra, errezetak, familia medikua, erizaina, kardiologoa, erreumatologoa, neurologoa, botikara bidaiak, zerrenda bukaezina…(1)

 938735_50336237.jpg

Gizateriaren historian zehar osasun maila hoberena eta bizi-itxaropen luzeena ditugun garai hauetan, gero eta pertsona gehiago dira prebentzio moduan edo gaixotasunak sendatzeko medikamentu ugari hartzen dituztenak. Gehiegizko medikalizazioak onurak baino ondorio txar gehiago ekar ditzake, hala nola tratamendua ez jarraitzea, medikamentuari lotutako efektu kaltegarriak edo interakzioak nozitzea, erortzeko arriskua areagotzea, pertsonaren autonomia edo bizitza kalitatea murriztea, eta diru publikoa xahutzea. Dolores abiapuntutzat hartuta, medikamentuei lotutako arazoei buruz arituko gara lerro hauetan zehar (1).

Azken hamarkadetan fenomeno berri bat sortu da, Polifarmazia edo Polimedikazioarena alegia, hainbat medikamentu ezberdin hartzen dituzten gaixoak ugaritu egin baitira. Bizi iraupenaren luzatzearekin eta urteetan zehar gaixotasun kronikoak pilatzearekin erabat lotuta dago gehienetan, eta horrek hain zuzen ere, azaltzen du egoera berri honen etengabeko gorakada.

Baina, zer da polimedikazioa?
Ez da lan erreza galdera honi laburki erantzutea, izan ere, definizio ezberdinak aurki ditzakegu literatura zientifikoan. Ikuspegi kualitatibo batetik aztertuz gero, egoera kliniko zehatz baterako behar baino medikamentu gehiago hartzea edo egokiak ez diren botikak kontsumitzea bezala definituko genuke. Bestalde, irizpide kuantitaboetan oinarrituz gero, nahiz eta ez dagoen erabateko akordiorik, 5 farmako edo gehiago hartzea da gehien onartzen den zenbakia polimedikazioa definitzeko. Definizio biak, kualitatiboa eta kuantitatiboa bateragarriak dira (2,3,4).

Zein da arazo honen tamaina?
Polimedikazioaren fenomenoa zahartzearekin eta hainbat gaixotasun pairatzearekin lotzen da, beraz gero eta arazo arruntuagoa da gure inguruan. Datuak aldakorrak dira, baina gure inguruan 65 urtetik gorakoen artean egunero 7-13 medikamentu hartzen dira bataz-bestean, eta polimedikazioaren prebalentzia %30-50 bitartean egongo litzateke (2,5).

Polimedikatuaren bi profil nagusi daude. Bata, gaixotasun edo osasun arazo bakarra izanda, hainbat farmako hartzen dituena, GIB infekzioa duten gaixoen kasua adibidez. Bestea, gaixo pluripatologikoaren eredua izango litzateke, zeinak osasun arazo ezberdin eta anitzak dituen, horietako asko kronikoak, eta bakoitzarentzat farmako bat edo gehiago hartzen dituen (2,3). Azken hau da sarrien ematen dena, eta gure Dolores bere hainbat osasun arazo eta hamaika botikarekin, bigarren perfil honetako etsenplua izango litzateke.
Laburbilduz, bi egoera nagusi eman daitezke hainbat botika hartzen dituztenen artean.
-    Polimedikazio egokia: hainbat farmako hartu, baina guztiek indikazio klinikoa dutenean.
-   Polimedikazio ezegokia: egoera klinikoari dagozkion behar baino farmako gehiago hartzen direnean.
Lehenengoan, osasun profesionalen helburua botika guzti hauek pazienteari era egokian hartzen laguntzea izango da. Aldiz, polimedikazio ezegokia da gehien kezkatzen gaituena, honen ondorioak larriak izaten baitira (2-4).

Zeintzuk dira polimedikazioaren ondorioak?
Alde batetik, zenbat eta botika gehiago hartu eta hauen posologia edo hartzeko modua zenbat eta konplexuagoa izan, orduan eta hauek era egokian hartzeko zenbat eta zailtasun handiagoak agertzen dira. Gainera medikamentuen efektu kaltegarriak ere, era esponentzialean hasten dira kontsumitzen den medikamentu kopuruarekin batera.

Paziente polimedikatu adinduen %35ek medikamentuek eragindako efektu kaltegarriren bat azalduko dute, eta gehienetan behar ez diren botika edo kontraindikatutakoek, eta medikamentuen arteko interakzioek eragindakoak izango dira (3). Argi dago beraz, zenbat eta farmako gehiago hartu, nahiz eta hauek era egokian aginduak izan, hauen artean behar ez den botikaren bat izateko edo aurre hartu daitekeen kontrako eraginen bat sortarazteko aukera handiagoa dela.

Ez dago efektu kaltegarririk sortarazi ezin duen botikarik. Dena den, alboko efektu guztiak ez dira nabarmenak izaten baina hainbatetan oso larriak izan daitezke. AEB-etan egindako ikerketa batek balioetsi zuen urtero medikamentuen alboko ondorioek eragindako 265.802 kontsulta ematen zirela larrialdi zerbitzuetan eta hauetatik %37,5ek ospitaleratzea behar zutela. Botiken alboko ondorioek eragindako ospitaleratzeen ia erdiak 80 urtetik gorako gaixoetan gertatzen ziren (6). Hala bada, edadetuetan larrialdietako kontsulta eta ospitaleratzeen %10-20ak medikamentuek eragindako kalteekin lotuta egon daitezkeela kalkulatzen da (3).

Askotan gainera, medikamentu batek eragindako alboko ondorioak tratatzeko beste botika batzuk ematen dira “prescribing cascade” edo “preskripzio-jauzia” izeneko fenomenoari ateak zabalduz. Honek, polimedikazioaren arazoa okertu baino ez du egiten, zerrendari botika berriak gehitzearekin batera.

Normala denez, zenbat eta farmako gehiago kontsumitu, hauen artean interakzioak izateko aukerak handiagoak dira. Gauzak horrela, kalkulatzen da 8 botika edo gehiago aldi berean hartzerakoan halabeharrez interakzioren bat sortzen dela.
Azkenik, gogoratu behar da polimedikazioa, edadetuen bereziki, ospitaleratze, erorketa, gaixotasun eta hilkortasun tasa altuagoekin lotzen dela (2,3).

Zer faktore lotzen dira polimedikazioarekin?
Hainbat faktore lotzen dira polimedikaziorekin. Ez dauka soilik gaixoak berak edo honek pairatzen dituen egoera klinikoekin zerikusirik. Osasun-sistemaren ezaugarriek, jasotzen den arreta motak, gaixoaren iguruak eta gizarteak berak eragina izango dute polimedikazioaren sorreran (3). Jarraian polimedikazio ezegokiarekin harreman zuzena duten hainbat faktore aipatzen dira:
  • 75 urte baino gehiago edo emakumezkoa izatea.
  • Farmako konkretu batzuk hartzea: lasaigarriak, antsiolitikoak, antidepresiboak, analgesikoak…
  • Hainbat gaixotasun kroniko izatea: hipertentsio arteriala, diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak…
  • Faktore psikologikoak: Depresioa edo norbere osasunaren pertzepzio eskasa izatea.
  • Egoera ekonomiko kaxkarra, ikasketa maila baxua, bakartasuna, mendekotasun fisikoa, landa eremuetan bizi izatea
  • Azken 3 hilabeteetan osasun sistemarekin harremana, ospitaleratzea, mediku ezberdinen arreta jaso, hainbat farmazietara joatea.

Zer egin daiteke polimedikazioaren arrean?
Medikazio ezegokia detektatzeko erabiltzen diren irizpideak biltzen dituzten baliabide ezberdinak badaude. Literatura medikoan gehien erabili izan deiren “Beers”-en irizpideak eta azken urtetan balioztatu diren “STOPP/START” irizpideak (7) aipatu behar dira. Doloresen kasuan esaterako, denbora luzez (hilabete bat baino gehiago) erdi-bizi luzeko benzodiazepinak edo akzio luzeko metabolitoak dituzten benzodiazepinak (diazepama kasu) ez erabiltzeko gomendioa jasotzen dute “STOPP/START” irizpideek, erorketak edo konfusio eragin baitezakete. Gainera irizpide hauek, medikazio ezegokia detektatzeaz gain pazienteak hartzen ez dituen eta klinikoki onuragarriak diren botikarik dagoen argitzen laguntzen du (8). Badaude baliabide konplexuagoak ere, Medication Appropriateness Index edo MAI indizea esaterako. Honek medikazioak eragindako ondorio kaltegarri larriak aurreikusteko baliagarria dela erakutsi du, baina denbora gehiago eskatzen du (10 minutu farmako bakoitzeko) eta berau erabiltzeko entrenamendu berezia behar da (3). Dena den, paziente polimedikatuaren azterketa bere osotasunean burutu behar da. Ez dira irizpide biomedikoak soilik kontuan izan behar, izan ere ezaugarri psikologiko, funtzional eta sozialek ere berebiziko garrantzia dute aurrean aipatu den bezala.

Polimedikazioa bera arazo larria dela argi dago eta beraz honi nola aurre egin asmatu behar dugu. Horretarako berebizikoa da preskripzio-arau orokor batzuk betetzea, hala nola, ahal den botika gutxien preskribatzea, beste tratamendu aukera ez-farmakologikoak aztertzea, eraginkorra den dosi txikienarekin hastea eta botiken eraginkortasuna berrikustea (3,4,9). Aipamen berezia behar du 2011ean Schiff eta lagunek argitaratutako artikulua, zeinetan Preskripzio zentzudun edo zuhur baterako oinarriak aldarrikatzen zituzten (10). Artikulu honetatik abiatuta http://prescripcionprudente.wordpress.com/ ekimena abiatu zen eta jarraian honek biltzen dituen ideia nagusiak azpimarratzen dira:
  • Medikamentuetatik haratago pentsatu, aukera ez-farmakologikoak erabiliz adibidez.
  • Preskripzio estrategikoago bat egin. Premiazkoak ez diren tratamenduen hasiera atzeratuz, botika bakarrarekin hasiz, arrazoi sendorik egon ezean farmakoen aldaketak ekidinez esaterako.
  • Medikamentuen ondorio kaltegarrien aurrean begira egon eta zaintza berezia izan.
  • Eseptizimoa eta arreta berezia mantendu botika berrien aurrean.
  • Tratamenduen inguruko erabakiak pazientearekin batera hartu eta adostu.
  • Kontuan izan garrantzizkoak diren eragin edo helburuak eta epe-luzera.
Neurri guzti hauek polimedikazioaren sorreran prebentzio neurriak izango lirateke, hau aurreikusi eta azaldu aurretik esku hartzeko, fenomeno honen gorakada ekiditeko asmoarekin.

Behin polimedikazioa ezarri dela badira beste estrategia batzuk honi aurre egiteko Depreskripzioa hain zuzen ere. Honi buruz, sakonago arituko gara hurrengo sarreran eta medikamentuz osatutako dorrea nola ez erori asmatzen saiatuko gara.

"POLIMEDICACIÓN" Tamara Sancho. I Festival de cortos "polimedicación y salud" 

Mikel Baza
Arritxu Etxeberria
Bibliografia:
1.      Etxeberria A. Depreskripzioa. Hitzaldia. 22. Osasun Jardunaldia.  2012-05-18, Bilboko Medikuen Elkargoan. http://www.oeegunea.org/agiriak/ikusi/hitz/5
2.      Gavilán E, Villafaina A. Curso Polimedicación y Salud: Estrategias para el abordaje integral de los pacientes polimedicados. Fundesalud. Polimedilab. http://www.polimedicado.com/
3.      Villafaina A, Gavilán E. Pacientes polimedicados frágiles, un reto para el sistema sanitario. Inf Ter Sist Nac Salud 2011; 35:114-123 http://www.msssi.gob.es/biblioPublic/publicaciones/recursos_propios/infMedic/docs/PolimedicadosVol35n4.pdf
5.      Molina T, Caraballo M, Palma D, López S, Domínguez, JC, Morales JC. Prevalencia de polimedicación y riesgo vascular en la población mayor de 65 años. Aten Primaria. 2012;44(4):216—222
6.      Budnitz D, Lovegrove MC, Shehab N, Richards CL. Emergency Hospitalizations for Adverse Drug Events in Older Americans. N Engl J Med 2011; 365:2002-2012 http://www.nejm.org/doi/full/10.1056/NEJMsa1103053#t=articleTop
7.      Gabilondo I, Maiz G, Arechabaleta JC, Martín I, Mendibil LI, Mota A. Zeharren preskripzio agindu desegokiak eta beroriek aldatzeko STOPP/START irizpideen pontentzialtasuna. 21. Osasun Jardunaldia. 2011-06-06, Gasteiz. http://www.oeegunea.org/agiriak/ikusi/kom/143
8.      GUÍA FARMACOTERAPÉUTICA PARA LOS PACIENTES GERIÁTRICOS. Centros Gerontológicos Gipuzkoa. 2012. Eusko Jaurlaritza. Osasun eta kontsumo saila. http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-ckpubl01/eu/contenidos/informacion/publicaciones_informes_estudio/eu_pub/adjuntos/guia_pacientes_geriatricos.pdf
10.  Schiff G et al. Principles of Conservative Prescribing Arch Intern Med. Published online June 13 2011. doi:10.1001/archinternmed.2011.256




Sarrera honek #KulturaZientifikoa 1. Jaialdian parte hartzen du
Continue lendo
 

BAGA BIGA BLOG! Copyright © 2011 | Template design by O Pregador | Powered by Blogger Templates