2012-10-10

FIBRILAZIO AURIKULAR PREEXZITATUA



Elektrokardiograman ikusten dena honakoa da: delta uhina antzematen den QRS zabaleko takikardia arritmikoa, zabalera ezberdineko (aurrekitzikapen desberdineko) QRSduna.
Argi izan behar dugu edozein takikardia arritmiko ikustean, fibrilazio aurikularrean pentsatu behar dugula. Kasu honetan gorputz enborreko deribazioak soilik ikusiko bagenitu, fibrilazio aurikular arrunt baten aurrean gaudela pentsatuko genuke. Deribazio prekordialak ikusita ordea, preexitazio maila ezberdinak ikus ditzakegu, zeinak kasuaren diagnostikoa ematen digun.


WPW( Wolff- Parkinson-White) Sindromea PR laburra, delta uhina, QRS zabala eta berpolarizazio asaldurek definitzen dute. Pertsona hauek aurikulak eta bentrikuluak komunikatzen dituzten sortzetiko bide anomaloak dituzte. Sortzetiko bide anomalo honen prebalentzia %3koa da populazioan. Gaixo hauetan erritmo sinusalean bentrikuluak bi bidetatik (nodo aurikulubentrikularra eta bide gehigarritik) kitzikatzen dira. Fibrilazio aurikularrean ere estimuluak bi bideak jarraitzen ditu, aurrekitzipen gradu ezberdineko QRS-ak sortuz. Egoera honetan gaixoek fibrilazio bentrikularra paira dezakete, eta ondorioz bat-bateko heriotza.
Goiko irudian bihotza erritmo sinusalean dago eta behekoan fibrilazio aurikularrean, eta ikus daiteke bentrikuluak bi bideetatik kitzikatzen direla.


WPW pairatzen duten gaixoetan adin-tarte horretarako arrunta dena baino sarriago ikusten da fibrilazio aurikularra, zergatia argi ez dagoen arren.

Tratamenduan funtsezkoena zer EZ den jarri behar jakitea da. Guztiz debekatua daude nodo aurikulubentrikularra geldotzen duten farmakoak, hala nola, beta-blokeatzaileak, digitalikoak, adenosina eta Kaltzioaren Antagonistak . Farmako hauek estimulu guztiak bide gehigarritik joatea errezten dute eta horrek fibrilazio bentrikularra erraz dezake. Kasu hauetan egokiena, beti ere gaixoa egonkor badago, IC farmako antiarritmikoekin ( Flekainida eta Propafenona) hastea da. Hauek eraginkorrak ez badira edo gaixoa egonkor ez badago, kardiobertsio elektrikoa egin behar da.

Behin erritmo sinusalean gaixo hauek ingresatu egin behar dira, azterketa elektrofisiologikoa egin eta bide gehigarria ahalik eta azkarren erretzeko.  


German Zugazabeitia eta Larraitz Gaztañaga.
Kardiologoak

0 comentarios:

Publicar un comentario

 

BAGA BIGA BLOG! Copyright © 2011 | Template design by O Pregador | Powered by Blogger Templates