2013-04-30

Kasu Klinikoen Lehiaketan parte hartzeko deialdia... Kasu kliniko baten bitartez

Maiatza badator eta beraz hilabete duzue zuen kasu klinikoak bagabigablog@gmail helbidera bidaltzeko. Animatu zaitezte!

 
Tartean, hemen duzue kasu kliniko berri bat, ea zuen partaidetzarako gogoa pizten laguntzen duen.

UDABERRIKO "ELURRA ZAPALDUZ"

Etengabeko Arreta Gune batean egonda, lankideak bere kontsultara hurbiltzeko eskatu zidan, aldi berean pazienteak esandakoaren berri emanez. 

Pazientearen esanetan, 3 gau lehenago, taberna batetik irtetzerakoan ezagutzen ez zituen morroi batzuk kolpatzen hasi zitzaizkion. Berehala lurrera erori eta orduan hainbat ostikada jaso omen zituen gorputz eta aurpegian. Kolpeek eragindako minaz gain, aurpegi eta lepoa handituta zituelako kontsultatzea erabaki zuen azkenik. Ez zuen arnas-esturik, ez sukarrik ez eta azalean gorritasun edo berotasunik izan. 

Azterketa fisikoari dagokionez, hastapenean eskuak lepotik eta aurpegian zehar pasatzean "elurra zapaltzen" deneko sentsazioa antzematen zen. Azterketa fisikoaren beste datuak: Bihotz maiztasuna 70 taupada minutuko, tentsio arteriala 123/78 mmHg eta oxigeno-asetasun maila %98-koa.

Gauzak horrela, pazientea ospitalera bidali genuen bertan erradiografiak egin eta beharrezko tratamendua eman ziezaioten. Hemen duzue egin zitzaizkion erradiografietako lehenengoak.



Zein da diagnostikoa? Beste froga osagarririk egingo zeniokete?


Mikel Baza
Familia Medikua

Eskerrik asko Jokin!



Oharra:  Kasu klinikoen Lehiaketan izango genukeen egiturari jarraituz, aste honetan zehar zuen iritzi eta erantzunak jasoko ditugu, datorren astean zehar kasuaren bigarren zatia argitaratu aurretik.

Continue lendo

2013-04-29

PAZIENTEENTZAKO LEHENENGO FITXAK

Duela hilabete batzuk abian jarri genuen proiektua bere lehen fruituak ematen hasi da. Dagoeneko 41 fitxa zuzenduta eta enmaketaziora bidaliak daude eta horietako lehen hirurak aurkeztu nahi dizkizuegu gaurkoan:




Karpoko Tunela

Asma

Hipertentsio Arteriala


Hala bada, mila esker proiektu honetan parte hartu duzuen norbanako guztiei. Zuon guztion lanari esker burutu baita.
Oraindik fitxaren bat itzultzeko daukazunoi, hauek itzuli ahala bidaltzea eskertuko genizueke.

Eskerrak eman ere, lan honetan parte hartu duten erakunde ezberdinei: camfic (societat catalana de medicina familiar i comunitària), Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea eta Osatzen



Continue lendo

2013-04-15

OEEren 23. Osasun Biltzarra

Iruñean, maiatzaren 10 eta 11n egingo den OEEren 23. Osasun Biltzarrean izena emateko epea zabalik da. 




Info guztia: www.oeegunea.org

Izena emateko: http://www.oeegunea.org/biltzarrak/izena_eman
Continue lendo

2013-03-31

MELATONINA ETA ORDUTEGI ALDAKETA


Ordutegi aldaketa gure bizi-ohituren barne hartzen dugu, baina zeinek ez du inoiz zalantzan jarri bere erabilgarritasuna? Egunak "luzatu" bai, baina aldi berean ordutegi aldaketa honetara ohituratu behar da gure gorputza, edo burua hobe esanda, eta sarritan hau ez da lan erreza izaten. 
Udaberria datorrela, adi egon behar izaten dugu, erlojuari buelta oso bat eman eta ordu biak direnean hirurak direla jakiteko. Hala ere, ordutegi aldaketa kontu modernoa dugu, izan ere, Lehen Mundu Gerran ezarri zen lehenengo aldiz. Ordutegi Aldaketa. 2001/10/26 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Baina zer eragin dauka gure bizitzan ordutegi aldaketak?

Galdera honi erantzuteko ezinbestekoa da Melatonina aipatzea. Melatonina. Wikipedia.
Melatonina guruin pinealak jariatzen duen neurohormona bat dugu. Guruin pineala edo epifisia dientzefaloan kokatzen da eta argirik ez dagoenean aktibatu eta serotoninatik eratorria den melatonina jariatzen du. Hala bada, epifisiak gorputzaren "erloju-biologikoa"-ren funtzioa betetzen du, eta lan honetan hipotalamoan dagoen gune suprakiasmatikoak eta erretinak emandako informazioaz baliatzen da. Argitasun edo iluntasunaren arabera epifisiak melatonina gehiago edo gutxiago jariatuko du. Irudi honetan ikus daitekeenez, Melatoninaren jariaketa mailarik altuena gaueko orduetan ematen da, iluntasun orduetan.

Irudia hemendik hartuta dago. .
Melatoninaren propiatate hauek kontuan izanda, aplikazio mediko ezberdinak proposatu zaizkio eta hauen artean aipatzekoa da ordutegi-eremu ezberdinetan zeharreko hegazkin-bidaiak egin osteko "jet-lag"-a tratatzea adibidez. Melatonina para la prevención y tratamiento de la desadaptación horaria ("jet lag") (Revisión Cochrane traducida)
Gainera loezina edo insomnioa bera tratatzeko ere aukera ematen omen du. Circadin. EMA
 

Hauetaz gain, badira miokardioko infartu akutuan ere erabilgarria izan daitekeela aipatzen duten artikuluak ere. Melatonina y enfermedad cardiovascular: ¿mito o realidad?Revista Española de Cardiología 
Zerrenda luze bat dago, bere eragin terapeutiko ezberdinak aipatzen dituena, nahiz eta hauetako gehienak erakusteke dauden. Melatoninaren eragin terapeutikoak. MedlinePlus

Hala eta guztiz ere, guri gehienoi askotan loa kentzen diguna ordutegi-aldaketa bera da, ordu bietan hirurak direlako eta datorren goizean esnatzean oraindik gaua, eta ez eguna, izango delako.

Beraz, melatoninak bere maila egokia har dezan arte ondo lo egin!


Mikel Baza 
Familia eta Komunitateen Medikua
Continue lendo

2013-03-18

KASU KLINIKOEN BAGABIGABLOG LEHIAKETA

Continue lendo

2013-02-21

ANTIKOAGULATZAILEEK EZ DUTE HILKORTASUNA GUTXITZEN MINBIZIA DAUKATEN GAIXOETAN



·  Galdera: Antikoagulatzaileek minbizia duten gaixoetan hilkortasuna gutxitzen al dute?


Gaixoak
Interbentzioa
Alderaketa
Emaitzetako aldagaia
Minbizia daukatenak,  ez badaukate zain sakoneko tronbosia
Antikoagulatzaileak
Plazebo
-Hilkortasuna.
-Biriketako enbolia.
-Odoljario larria.
-Odoljario arina.

Ikerketa mota egokiena: Entsegu klinikoak/azterketa sistematikoak.

Bilaketa:

Trip database –n aurkitu dugu erantzuna. Badago Cochrane azterketa bat gai hau jorratzen duena (1).

Ebidentziaren laburpena.

Kalitatezko azterketa honetan ondorioztatzen da koagulazioaren aurkako botikek ez dutela hilkortasuna gutxitzen eta aldiz odoljarioak eragiten dituztela. Ikerketa batean bakarrik aztertu dute enboliaren emaitza eta enbolia kasu bat egon da talde bakoitzean. Azpitaldeak aztertzen badira, hilkortasuna zelula txikien biriketako minbizian bakarrik gutxitzen da.

HILKORTASUNA
RR 0.94 (0.87 to 1.03)
ODOLJARIO LARRIAK
RR 4.24 (1.85 to 9.68)
ODOLJARIO ARINAK
RR 3.34 (1.66 to 6.74)


Erantzuna
Ez dira gomendatzen koagulazioaren aurkako botikak minbizia daukaten gaixoetan ez baldin badaukate zain sakoneko tronbosia.
Ebidentzia maila
GRADE: Gomendio indartsua aurka.



Egilea: Mikel Moreno               



Erreferentziak:

1-Akl EA, Vasireddi SR, Gunukula S, Yosuico VED, Barba M, Terrenato I, Sperati F, Schünemann H. Oral anticoagulation in patients with cancer who have no therapeutic or prophylactic indication for anticoagulation. Cochrane Database of Systematic Reviews 2011, Issue 6. Art. No.: CD006466. DOI: 10.1002/14651858.CD006466.pub3.
Continue lendo

2013-02-17

KASU KLINIKOEN BAGA BIGA BLOG LEHIAKETA



Kasu Klinikoen
BAGA BIGA BLOG! Lehiaketa.
Bagabigablog-ek eta Azkue Fundazioak Kasu klinikoen BagaBigaBlog lehiaketaren I. edizioa antolatu dute, osasun munduan lan egiten duten profesional guztiei zuzenduta: mediku, erizain, fisioterapeuta, farmazialari, psikologo, odontologo, podologo  eta  borondatea duen beste edozeini zuzenduta. Nahiz eta ikasketak amaituta ez izan, arlo hauetako ikasleek ere parte hartzeko aukera izango dute.
1. SARRERA
2. LEHIAKETAREN ARAUAK
2.1. HELBURUA
2.2. PARTEHARTZEA
2.3. IZEN-EMATEA: Nola parte hartu Kasu klinikoen Lehiaketan
2.4. BALORAZIO BATZORDEA ETA IRIZPIDEAK
2.5.SARIAK
2.6. EPEAK
3. BALIABIDE INTERESGARRIAK
4. KASU KLINIKOEN EZAUGARRIAK. ADIBIDEA.
5. SARITUAK

1. SARRERA
Lehiaketaren  helburuak:
1. Kasu klinikoen sorkuntza eta komunikazioa euskaraz.
2. Osasun-zientziak sarean euskaraz sustatzea.
3. Teknologia berrietan euskararen eta osasunaren inguruko parte hartzea bultzatzea.
Nola aukeratuko dira irabazleak?
Web formatuan eta euskaraz egindako kasu klinikorik onenak sarituko dira. Sarituak aukeratzeko orduan honako alderdiak baloratuko dira: 
• Edukia bera
• Euskararen txukuntasuna
• Multimedia baliabideak (bideoak, audioak, …)
• Lortutako parte hartzea.
Kasu klinikoak egiterakoan erabilitako ideiak, irudimena eta abilezia baloratuko dira. Zenbat eta parte hartzea gehiago bultzatu orduan eta hobeto. Izan ere, kasu klinikoaren diagnostikoa asmatu beharko dute parte hartzaileek.  

2. LEHIAKETAREN ARAUAK
2.1 HELBURUA
Lehiaketaren helburua, aurkezten diren kasu klinikoak bere sail ezberdinetan saritzea da. 

2.2 PARTEHARTZEA
Lehiaketan nahi duen orok  parte hartu dezake eta doakoa izango da.
Kasu klinikoak osasun-arloko edozein arazo jorra dezake: klinika, patologia, kirurgia, fisioterapia, farmakologia, zaintza bereziak, lehen mailako arreta, psikologia, familiarra, gizarte arazoena... Mila modu eta mila gai dituzue, baldintza bakarra euskaraz egitea da.

2.3 IZEN-EMATEA: Nola parte hartu EGILE bezala Kasu Klinikoen Lehiaketan
Izena emateko epea 2013ko martxoaren 11tik 2013ko maiatzaren 31ra bitartean egongo da irekita, honako prozedura erabili beharko delarik: 
·         Kasu klinikoak bi atal izango ditu: Sarrera eta Erantzuna.
·         Izenburuarekin hasiko da. Sarreran egoera klinikoaren deskribapena egingo da, eta diagnostikoa asmatzeko informazioa eskainiko da.
·         Erantzunean, aldiz, diagnostikoa bera, arrazonamendu klinikoa eta emandako diagnostikoari buruzko informazio gehigarria (tratamendu, etiologia, patogenia, eragin desiragaitzak farmakoen kasuan...) eman daiteke. Erantzunaren atala librea izango da.
·         Sarreraren amaieran, deskribatutako egoera klinikoaren inguruan, bi galdera prestatuko dira. Hauen erantzuna irekia zein itxia izan daiteke. 
·         Word formatuko bi artxibo bereizietan bidali behar da lana bagabigablog@gmail.com helbidera. Irudiak, bideoak edo gainontzekoak aurkeztu daitezke. Adibidez, youtube-ko bideoa bada, esteka argi adieraziz. Irudiak aparteko artxibo batean bidali, euren kokapena zein izan behar duen argi azalduz.   
·         Izen-emateko eskatzen diren datuak: izen-abizenak, jaioterria, ikasketak edo lanpostua, lan-tokia. Hauek, igorritako posta-elektronikoetan bertan adieraziko dira.
·         Kasu kliniko bakoitzak 3 egile izan ditzake gehienez. Egile guztien datuak eman beharko dira. Oharra: saria bakarra izango da kasu kliniko irabazlearentzat.
·         Kasu kliniko bakoitzean bere egileen izen-abizenak eta ikasketa-lanpostua baino ez dira adieraziko, gainontzekoak kontakturako gordez.


Aldiz, PARTE-HARTZAILE bezala Kasu klinikoen lehiaketan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango aurretiko izen ematerik. Horretarako, blog-ean azaltzen diren kasu klinikoen sarrera bakoitzean parte hartzea besterik ez dago, bertan azalduko diren galderei erantzunez. Gainera, modu librean kasuaren inguruko galdera irekiak egin daitezke.

Lehiaketan zehar, astero kasu kliniko bat azalduko da blog-ean. Kasuen aurkezpen eguna asteartea izango da eta aste bereko igandera arte erantzunak emateko aukera egongo da. Kasu kliniko bakoitzaren erantzunak, sarrera argitaratu eta hurrengo astelehenean emango dira. Hortik aurrera beste aste batean zehar iruzkinak idatzi ahal izango dira erantzunaren inguruan. 

Oharra: Parte-hartzaileen artean sari bakarra emango da. Hau emateko irizpideak zeinek diagnostiko zuzen edo galdera gehien asmatu eta diagnostikoen zailtasuna izango dira.

  
2.4 BALORAZIO BATZORDEA ETA IRIZPIDEAK
Batzorde bat lanen balorazioaz arduratuko da. Batzorde honetan osasun alorreko profesional ezberdinek parte hartuko dute: Mikel Baza eta Ainara Salazar (Medikuak). Loitzun Izaola eta Xabat Casado (Fisioterapeutak). Latxe Uranga (Erizaina).  Esti Tamayo (Farmazialaria)
Kasu kliniko bakoitzari puntuazioa emango zaio jasotako bisiten eta sare sozialetan sortutako elkarrekintzen arabera: blog-ean jasotako bisitak eta parte hartzea, twitter-en bertxioketak edota facebook-en atsegin dut (%40a) eta epai-mahiaren balorazioa (%60a).
Kasu kliniko bat saritua izateko honako irizpide hauek baloratuko ditu epai-mahi batzordeak: euskararen maila, kalitate literarioa edo narratiboa, diseinua, argazkiak edota beste infografia, lortutako parte-hartze maila eta originaltasuna. Bestalde, kasu klinikoen asmatzaileen artean ere saria banatuko da.

2.5 SARIAK

Aurkeztutako 4 lanik onenak sarituko dira lehiaketan, sari bat alor bakoitzeko. Lehiaketak 4 alor izango ditu:
·         Medikuntza. Atal honetan egile moduan medikuntzako ikasleak, edozein espezialitateko mediku edo mediku egoiliarrek parte har dezakete.
·         Erizaintza. Erizaintza ikasle zein erizainek parte har dezakete.
·         Fisioterapia  
·         Osasunaren beste alorrekoak. Atal hau aurreko alorren barnean ez dauden osasun-zientzien beste arloei zuzenduta dago: Farmazia, Psikologia, Podologia, Odontologia.


Atal guztietako sariak berdinak izango dira. Sari hauek Azkue Fundazioa-k banatuko ditu. 

o    100 eurotako txekea FNAC dendan gastatzeko.

Parte-hartzaileen artean sari bakarra emango da. Sari honen arduraduna, berriz, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea (OEE) izango da.


o     100 eurotako txekea Elkar Megadendan gastatzeko.

Balorazio batzordearen erabakia ezin izango da ukatu. Parte hartzaile guztiek onartzen dituzte azaldutako arauak.

  
2.6 EPEAK

Kasu klinikoak bidaltzeko epea 2013ko martxoaren 11an hasiko da eta 2013ko maiatzaren 31an, gaueko 24:00etan, amaituko da. Lehiaketa honetan parte hartzeak lehiaketaren beraren oinarriak onartzea dakar. 

Sarien banaketa 2013ko irailaren erdialdean izango da.

  
KASU KLINIKOEN BAGABIGABLOG-AZKUE FUNDAZIOA LEHIAKETA
KRONOGRAMA


Promozioa
Bidaltzeko epea
Kasuen aurkezpena
Sari banaketa
OTSAILA
●



MARTXOA
●
●


APIRILA

●
●

MAIATZA

●
●

EKAINA


●

UZTAILA


●

ABUZTUA


(●)

IRAILA



●




Baliabide interesgarriak
Lehiaketan parte hartu nahi baduzu, honako baliabide hauek interesgarriak izan litezke: 




Antolatzaile eta babesleak.
-       Bagabigablog http://bagabigablog.blogspot.com.es/
-       Azkue Fundazioa
-       Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea


Continue lendo
 

BAGA BIGA BLOG! Copyright © 2011 | Template design by O Pregador | Powered by Blogger Templates