2013-02-21

ANTIKOAGULATZAILEEK EZ DUTE HILKORTASUNA GUTXITZEN MINBIZIA DAUKATEN GAIXOETAN



·  Galdera: Antikoagulatzaileek minbizia duten gaixoetan hilkortasuna gutxitzen al dute?


Gaixoak
Interbentzioa
Alderaketa
Emaitzetako aldagaia
Minbizia daukatenak,  ez badaukate zain sakoneko tronbosia
Antikoagulatzaileak
Plazebo
-Hilkortasuna.
-Biriketako enbolia.
-Odoljario larria.
-Odoljario arina.

Ikerketa mota egokiena: Entsegu klinikoak/azterketa sistematikoak.

Bilaketa:

Trip database –n aurkitu dugu erantzuna. Badago Cochrane azterketa bat gai hau jorratzen duena (1).

Ebidentziaren laburpena.

Kalitatezko azterketa honetan ondorioztatzen da koagulazioaren aurkako botikek ez dutela hilkortasuna gutxitzen eta aldiz odoljarioak eragiten dituztela. Ikerketa batean bakarrik aztertu dute enboliaren emaitza eta enbolia kasu bat egon da talde bakoitzean. Azpitaldeak aztertzen badira, hilkortasuna zelula txikien biriketako minbizian bakarrik gutxitzen da.

HILKORTASUNA
RR 0.94 (0.87 to 1.03)
ODOLJARIO LARRIAK
RR 4.24 (1.85 to 9.68)
ODOLJARIO ARINAK
RR 3.34 (1.66 to 6.74)


Erantzuna
Ez dira gomendatzen koagulazioaren aurkako botikak minbizia daukaten gaixoetan ez baldin badaukate zain sakoneko tronbosia.
Ebidentzia maila
GRADE: Gomendio indartsua aurka.



Egilea: Mikel Moreno               



Erreferentziak:

1-Akl EA, Vasireddi SR, Gunukula S, Yosuico VED, Barba M, Terrenato I, Sperati F, Schünemann H. Oral anticoagulation in patients with cancer who have no therapeutic or prophylactic indication for anticoagulation. Cochrane Database of Systematic Reviews 2011, Issue 6. Art. No.: CD006466. DOI: 10.1002/14651858.CD006466.pub3.
Continue lendo

2013-02-17

KASU KLINIKOEN BAGA BIGA BLOG LEHIAKETA



Kasu Klinikoen
BAGA BIGA BLOG! Lehiaketa.
Bagabigablog-ek eta Azkue Fundazioak Kasu klinikoen BagaBigaBlog lehiaketaren I. edizioa antolatu dute, osasun munduan lan egiten duten profesional guztiei zuzenduta: mediku, erizain, fisioterapeuta, farmazialari, psikologo, odontologo, podologo  eta  borondatea duen beste edozeini zuzenduta. Nahiz eta ikasketak amaituta ez izan, arlo hauetako ikasleek ere parte hartzeko aukera izango dute.
1. SARRERA
2. LEHIAKETAREN ARAUAK
2.1. HELBURUA
2.2. PARTEHARTZEA
2.3. IZEN-EMATEA: Nola parte hartu Kasu klinikoen Lehiaketan
2.4. BALORAZIO BATZORDEA ETA IRIZPIDEAK
2.5.SARIAK
2.6. EPEAK
3. BALIABIDE INTERESGARRIAK
4. KASU KLINIKOEN EZAUGARRIAK. ADIBIDEA.
5. SARITUAK

1. SARRERA
Lehiaketaren  helburuak:
1. Kasu klinikoen sorkuntza eta komunikazioa euskaraz.
2. Osasun-zientziak sarean euskaraz sustatzea.
3. Teknologia berrietan euskararen eta osasunaren inguruko parte hartzea bultzatzea.
Nola aukeratuko dira irabazleak?
Web formatuan eta euskaraz egindako kasu klinikorik onenak sarituko dira. Sarituak aukeratzeko orduan honako alderdiak baloratuko dira: 
• Edukia bera
• Euskararen txukuntasuna
• Multimedia baliabideak (bideoak, audioak, …)
• Lortutako parte hartzea.
Kasu klinikoak egiterakoan erabilitako ideiak, irudimena eta abilezia baloratuko dira. Zenbat eta parte hartzea gehiago bultzatu orduan eta hobeto. Izan ere, kasu klinikoaren diagnostikoa asmatu beharko dute parte hartzaileek.  

2. LEHIAKETAREN ARAUAK
2.1 HELBURUA
Lehiaketaren helburua, aurkezten diren kasu klinikoak bere sail ezberdinetan saritzea da. 

2.2 PARTEHARTZEA
Lehiaketan nahi duen orok  parte hartu dezake eta doakoa izango da.
Kasu klinikoak osasun-arloko edozein arazo jorra dezake: klinika, patologia, kirurgia, fisioterapia, farmakologia, zaintza bereziak, lehen mailako arreta, psikologia, familiarra, gizarte arazoena... Mila modu eta mila gai dituzue, baldintza bakarra euskaraz egitea da.

2.3 IZEN-EMATEA: Nola parte hartu EGILE bezala Kasu Klinikoen Lehiaketan
Izena emateko epea 2013ko martxoaren 11tik 2013ko maiatzaren 31ra bitartean egongo da irekita, honako prozedura erabili beharko delarik: 
·         Kasu klinikoak bi atal izango ditu: Sarrera eta Erantzuna.
·         Izenburuarekin hasiko da. Sarreran egoera klinikoaren deskribapena egingo da, eta diagnostikoa asmatzeko informazioa eskainiko da.
·         Erantzunean, aldiz, diagnostikoa bera, arrazonamendu klinikoa eta emandako diagnostikoari buruzko informazio gehigarria (tratamendu, etiologia, patogenia, eragin desiragaitzak farmakoen kasuan...) eman daiteke. Erantzunaren atala librea izango da.
·         Sarreraren amaieran, deskribatutako egoera klinikoaren inguruan, bi galdera prestatuko dira. Hauen erantzuna irekia zein itxia izan daiteke. 
·         Word formatuko bi artxibo bereizietan bidali behar da lana bagabigablog@gmail.com helbidera. Irudiak, bideoak edo gainontzekoak aurkeztu daitezke. Adibidez, youtube-ko bideoa bada, esteka argi adieraziz. Irudiak aparteko artxibo batean bidali, euren kokapena zein izan behar duen argi azalduz.   
·         Izen-emateko eskatzen diren datuak: izen-abizenak, jaioterria, ikasketak edo lanpostua, lan-tokia. Hauek, igorritako posta-elektronikoetan bertan adieraziko dira.
·         Kasu kliniko bakoitzak 3 egile izan ditzake gehienez. Egile guztien datuak eman beharko dira. Oharra: saria bakarra izango da kasu kliniko irabazlearentzat.
·         Kasu kliniko bakoitzean bere egileen izen-abizenak eta ikasketa-lanpostua baino ez dira adieraziko, gainontzekoak kontakturako gordez.


Aldiz, PARTE-HARTZAILE bezala Kasu klinikoen lehiaketan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango aurretiko izen ematerik. Horretarako, blog-ean azaltzen diren kasu klinikoen sarrera bakoitzean parte hartzea besterik ez dago, bertan azalduko diren galderei erantzunez. Gainera, modu librean kasuaren inguruko galdera irekiak egin daitezke.

Lehiaketan zehar, astero kasu kliniko bat azalduko da blog-ean. Kasuen aurkezpen eguna asteartea izango da eta aste bereko igandera arte erantzunak emateko aukera egongo da. Kasu kliniko bakoitzaren erantzunak, sarrera argitaratu eta hurrengo astelehenean emango dira. Hortik aurrera beste aste batean zehar iruzkinak idatzi ahal izango dira erantzunaren inguruan. 

Oharra: Parte-hartzaileen artean sari bakarra emango da. Hau emateko irizpideak zeinek diagnostiko zuzen edo galdera gehien asmatu eta diagnostikoen zailtasuna izango dira.

  
2.4 BALORAZIO BATZORDEA ETA IRIZPIDEAK
Batzorde bat lanen balorazioaz arduratuko da. Batzorde honetan osasun alorreko profesional ezberdinek parte hartuko dute: Mikel Baza eta Ainara Salazar (Medikuak). Loitzun Izaola eta Xabat Casado (Fisioterapeutak). Latxe Uranga (Erizaina).  Esti Tamayo (Farmazialaria)
Kasu kliniko bakoitzari puntuazioa emango zaio jasotako bisiten eta sare sozialetan sortutako elkarrekintzen arabera: blog-ean jasotako bisitak eta parte hartzea, twitter-en bertxioketak edota facebook-en atsegin dut (%40a) eta epai-mahiaren balorazioa (%60a).
Kasu kliniko bat saritua izateko honako irizpide hauek baloratuko ditu epai-mahi batzordeak: euskararen maila, kalitate literarioa edo narratiboa, diseinua, argazkiak edota beste infografia, lortutako parte-hartze maila eta originaltasuna. Bestalde, kasu klinikoen asmatzaileen artean ere saria banatuko da.

2.5 SARIAK

Aurkeztutako 4 lanik onenak sarituko dira lehiaketan, sari bat alor bakoitzeko. Lehiaketak 4 alor izango ditu:
·         Medikuntza. Atal honetan egile moduan medikuntzako ikasleak, edozein espezialitateko mediku edo mediku egoiliarrek parte har dezakete.
·         Erizaintza. Erizaintza ikasle zein erizainek parte har dezakete.
·         Fisioterapia  
·         Osasunaren beste alorrekoak. Atal hau aurreko alorren barnean ez dauden osasun-zientzien beste arloei zuzenduta dago: Farmazia, Psikologia, Podologia, Odontologia.


Atal guztietako sariak berdinak izango dira. Sari hauek Azkue Fundazioa-k banatuko ditu. 

o    100 eurotako txekea FNAC dendan gastatzeko.

Parte-hartzaileen artean sari bakarra emango da. Sari honen arduraduna, berriz, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea (OEE) izango da.


o     100 eurotako txekea Elkar Megadendan gastatzeko.

Balorazio batzordearen erabakia ezin izango da ukatu. Parte hartzaile guztiek onartzen dituzte azaldutako arauak.

  
2.6 EPEAK

Kasu klinikoak bidaltzeko epea 2013ko martxoaren 11an hasiko da eta 2013ko maiatzaren 31an, gaueko 24:00etan, amaituko da. Lehiaketa honetan parte hartzeak lehiaketaren beraren oinarriak onartzea dakar. 

Sarien banaketa 2013ko irailaren erdialdean izango da.

  
KASU KLINIKOEN BAGABIGABLOG-AZKUE FUNDAZIOA LEHIAKETA
KRONOGRAMA


Promozioa
Bidaltzeko epea
Kasuen aurkezpena
Sari banaketa
OTSAILA
●



MARTXOA
●
●


APIRILA

●
●

MAIATZA

●
●

EKAINA


●

UZTAILA


●

ABUZTUA


(●)

IRAILA



●




Baliabide interesgarriak
Lehiaketan parte hartu nahi baduzu, honako baliabide hauek interesgarriak izan litezke: 




Antolatzaile eta babesleak.
-       Bagabigablog http://bagabigablog.blogspot.com.es/
-       Azkue Fundazioa
-       Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea


Continue lendo

2013-02-04

BOLONIAKO ERAGINA MEDIKUEN IKASKETETAN



MAHAI INGURUAN IZAN ZENAREN BERRI JAKITEKO 


Otsailak 7, Osteguna. Arratsaldeko 6etan. 

Bizkaiko Sendagile Elkargoan, Lersundi kalea 9-1. solairua. Bilbo. 

Hizlariak:
- Joseba Pineda, Kalitate eta Berrikuntza dekanorde
- Miren Basaras, Mikrobiologiako irakaslea
- Felix Zubia, Donostiako unitateko irakaslea eta koordinatzailea
- Adrian Hugo Llorente, 6. Mailako ikasle kontseiluko kidea
- Nerea Mora, 3. Mailako ikaslea.
Continue lendo

2013-01-31

SORBALDAKO TENDINOPATIA

Urtarrileko Baga Biga Blog Gaia. 

Lehenik eta behin eskerrak eman proiektu honetan parte hartu duzuen guztioi.

Baten batek aipatu izan duenez, sorbaldako tendinopatiari buruzko monografikoa egin dugu.


Hemen dituzue atal guztiak laburpen modura.

Sorbaldako Anatomia. 

Sorbaldaren Miaketa Fisikoa. 

Sorbalda Mindua Lehen Mailako Arretan. 

Sorbaldako Tendinopatiaren Errehabilitazioa. 

Eskuzko Terapia Sorbaldako Tendinopatian.

Ariketa Terapeutikoak Sorbaldako Tendinopatian.  

Sorbaldako Tendinopatiaren Tratamendu Kirurgikoa.

Eskerrik asko Loitzun, Mikel, Xabat, Amaia, Unai, Mikel, Iker, Ibai eta Iker.
Lan bikaina benetan!

Hurrengoak...

  • Martxoan Baga Biga Blog Gaia  MINA izango da. 

  • Kasu Klinikoen Baga Biga Blog Lehiaketa abian jarriko dugu Azkue Fundazioaren Babesarekin. Arlo ezberdinak izango dira: Mediku, Erizain, Fisioterapeuta eta Beste osasun profesionalentzat. Adi egon!

Parte hartu nahi?

Continue lendo

2013-01-28

SORBALDAKO TENDINOPATIA. TRATAMENDU KIRURGIKOA. Noiz? Nola? Teknikak. Emaitzak. Indikazioak.

Birakatzaileen mahukatxoaren patologia baten aurrean lehendabizi tratamendu kontserbadore egoki bat hastea gomendatzen da. Ikerketa ezberdinek erakutsi digute pazienteen ia %50ek mina gutxitzen dutela, mugikortasuna hobetu eta pozik daudela emaitzekin. Salbuespen bakarra dago tratamendu kirurgikoa gomendatzeko hasieratik: haustura traumatikoa izan duen paziente gaztea funtzio galera inportantea edukiz gero.


Tratamendu kirurgikoa planteatu baino lehen oso garrantzitsua da pazientearen balorazio orokor bat egitea eta kontutan izatea: adina, behar funtzionalak, sintomen iraupena, mina, lesio mota eta ezintasun maila.

Hauek izango lirateke indikazio orokorrak:

  1. Tendinitis kronikoa (sindrome subakromiala) tendoien hausturarik gabe:
  • Min edo ahultasun inportantea (lana, kirol ekintzak edo eguneroko aktibitateak zailtzen dituena) eta tratamendu kontserbadore egoki baten aurrean hobekuntzarik ez (6-12 hilabete).

  1. Tendoien haustura osoa:
  • Haustura traumatiko akutua.
  • Haustura kronikoetan tratamendu kontserbadorearen aurrean erantzunik ez dagoenean, batez ere tendoi bat baino gehiago apurtuta dagoenean, paziente gaztea bada, aktiboa eta etorkizunerako expektatiba handiekin.


Zirugia

Birakatzaileen mahukatxoaren zirugia irekia edo artroskopia bidezkoa izan daiteke. Badago bi moduen arteko erdiko bide bat “mini-open“ deitzen dena, zeinetan abordaje txikia egiten den eta artroskopiarekin batera egin ahal den.


 Sorbaldako artroskopiak azkenengo urtetan sekulako gorakada izan du eta nahiz eta hasieran bakarrik erabiltzen zen operazio errazak burutzeko, gaur egun ia edozein patologia konpondu daiteke. Teknika konplexua da eta urteetako esperientzia beharrezkoa da emaitza onak lortzeko, baina pazientearenganako erasoa askoz txikiagoa da eta zirugia irekiaren emaitzak berdindu edota hobetzen ditu. Sorbaldaren beste patologiarik dagoen ikusteko balio du ere.


Anestesia orokorra eta plexoaren blokeo baten laguntzarekin egiten den zirugia izaten da , “erdi-eserita“ edo alboz etzanda.

Zirugia hasi baino lehen hezur erreliebeak eta kamara eta instrumentala sartzeko erabiliko diren portalak margotzen dira

Teknikak

Tendinitis/ impingement subakromiala

Gaur egun erabili ohi den teknika akromioplastia artroskopikoa da.
Honen helburua akromion azpiko espazioa zabaltzea da, gehiegizko hezurra deseginez. Honekin batera akromion azpiko burtsa kentzen da eta batzutan ligamento korakoakromiala moztu daiteke.
Kasu batzutan klabikularen azpian, akromionarekin lotzen den puntuan, osteofito bat egon daiteke eta kendu ohi da. Era berean, artrosi akromioklabikularra badago, eta minaren jatorria dela uste badugu, klabikularen bukaera kendu ahal da (pausu honetarako inzisio txiki bat egin ohi da).



Tendinitis kaltzifikatua

Tratamendu kontserbadore baten ostean ,mina eta mugimenduen limitazioa gertatzen bada pazientearen eguneroko aktibitateetan, artroskopia bat proposatu ahal da. Kamara bidez lokalizatu behar da kaltzio depositoa eta kanpora atera. Batzutan tendoia apurtu daiteke hau egiterakoan, beraz aldi berean erreparatu beharko litzateke.


Bizeps-aren tendinopatia

Bizeps proximalaren tendoi luzea sorbaldaren artikulazio barrutik pasatzen da eta bere patologia sorbaldako minaren jatorria izan daiteke. Frekuenteena bere inflamazioa, haustura edota subluxazioa izaten da.
Adineko pazienteetan, tendoia moztu daiteke zuzenean (tenotomia) eta gazteetan moztu eta hezurrean finkatu (tenodesis).


Tendoien haustura partziala

Lesio hauen tratamendu egokia erabakitzea zaila gertatzen da.
Modu orokor batean, % 50eko lodiera baino gutxiagoko hausturetan deskonpresio subakromial artroskopikoa egiten da eta %50tik gorakoetan tendoiaren erreparazioa egiten da.

Tendoien haustura osoa

Haustura osoen sailkapen asko daude, tamaina, erretrakzio edo formaren araberakoak.


Normalean akromioplastia eta bursektomia batekin hasten da tendoiak ondo ikusteko eta leku gehiago uzteko. Garrantzitsua den beste pausu bat erreparatu behar diren tendoien erretrakzioa hobetzea da, hauek itsatsi egiten bait dira apurtu eta dego denbora pasa ahala.

Helburu nagusia, apurtu den tendoia bere jatorrira eramatea da (“foot-print”). Honetarako tendoia hari baten bidez hartzen da eta hezurrera lotzen da anklaje berezi batzuk erabiliz.
Era berean, tendoien haustura punto normalen bidez itxi daiteke irudian ikusten den moduan.


Lerro bakar bat edo bikoitza sortu daiteke hezurrean. Teorikoki bigarrenarekin biomekanika hobea eta anatomia “normalagoa” lortzen da.


Hurrengo bideoan ikus daiteke erreparazio sinple baten adibidea:


Tendoien haustura masiboa (erreparatu ezina)

Haustura hauetan erabili daitezkeen teknikak hurrengoak dira: ordezkari sintetikoak edo aloinjertoak, tendoien transferentziak (muskulu dorsal zabala adibidez), eta artikulazioaren artrosia agertzen denean alderantzizko protesia.


Emaitzak

Birakatzaileen mahukatxoaren hausturen erreparazioak %75 - 95 arteko emaitza onak lortu ditzake epe luzera. Emaitzak pazientearen adina, hausturaren tamainua (faktore inportanteena) eta hasierako funtzioaren araberakoak dira.

Artroskopia bidez lorturiko emaitzek berdindu edo hobetzen dituzte zirugia irekiaren emaitzak. Artroskopia bidez deltoides muskulua errespetatzen da eta hausturaren bi aldeak ikus daitezke. Errekuperazioa arinagoa da, operazio osteko min gutxiago sortzen du, eta konplikazio gutxiago dauzka. Desabantaila nagusia zailtasun teknikoa da.



Iker Uriarte.
Traumatologoa.


Bibliografia
  • Hombro. Aplicación para Iphone y Android. Alberto Sánchez. http://artrohombro.blogspot.com.es/
  • Lesiones en el hombro. Revista Trauma. Fundación Mapfre. Vol 23 Supl 1 2012.
  • Tratamiento artroscópico de las lesiones del manguito de los rotadores. Técnicas quirúrgicas en ortopedia y traumatología (EMC).
  • Síndrome subacromial. Manual del residente de COT. Tomo 1.
  • Surgical treatment of the intact rotator cuff and repairable cuff defect: Arthroscopic and open techniques. Orthopaedic knowledge update. Shoulder and Elbow. AAOS.
  • Stephen S. Burkhart, Ian K. Y. Lo. Arthroscopic rotator cuff repair. J am Acad Orthop Surg 2006; 14:333-346.

Continue lendo
 

BAGA BIGA BLOG! Copyright © 2011 | Template design by O Pregador | Powered by Blogger Templates