2014-03-13

Polimedikaziotik Depreskripziora (I)


POLIMEDIKAZIOA: botikak arazo bihurtzen direnean

Doloresek 85 urte ditu, hipertentsioa eta fibrilazio aurikularra ditu, kolesterol altua eta  belauneko artrosia. Duela bost urte dementzia diagnostikatu zioten.  Hainbat botika hartzen ditu: donepezilo eta memantina dementziarentzat,  parazetamola eta ibuprofenoa minarentzat, pantoprazola urdaila babesteko, azenokumarola fibrilazio aurikularraren konplikazioak ekiditeko, hidroklorotiazida eta telmisartana hipertentsiorako, alendronatoa eta kaltzioa hezurrak babesteko. Duela zazpi urte senarra hil zitzaionetik paroxetina eta diazepama hartzen ditu. Guztira 12 botika dauzka egunero hartzeko, badu lana beraz.
Bakarrik bizi da baina astean zehar egunez zaintzaile bat du. Bere bi alabek aste bukaeratan laguntzen diote, eta baita osasun zentrora edo medikuarengana joan behar duen bakoitzean. Nahi baino sarriagotan, alegia: sintromaren kontrola, tentsio, analisiak, dieta zaindu beharra, errezetak, familia medikua, erizaina, kardiologoa, erreumatologoa, neurologoa, botikara bidaiak, zerrenda bukaezina…(1)

 938735_50336237.jpg

Gizateriaren historian zehar osasun maila hoberena eta bizi-itxaropen luzeena ditugun garai hauetan, gero eta pertsona gehiago dira prebentzio moduan edo gaixotasunak sendatzeko medikamentu ugari hartzen dituztenak. Gehiegizko medikalizazioak onurak baino ondorio txar gehiago ekar ditzake, hala nola tratamendua ez jarraitzea, medikamentuari lotutako efektu kaltegarriak edo interakzioak nozitzea, erortzeko arriskua areagotzea, pertsonaren autonomia edo bizitza kalitatea murriztea, eta diru publikoa xahutzea. Dolores abiapuntutzat hartuta, medikamentuei lotutako arazoei buruz arituko gara lerro hauetan zehar (1).

Azken hamarkadetan fenomeno berri bat sortu da, Polifarmazia edo Polimedikazioarena alegia, hainbat medikamentu ezberdin hartzen dituzten gaixoak ugaritu egin baitira. Bizi iraupenaren luzatzearekin eta urteetan zehar gaixotasun kronikoak pilatzearekin erabat lotuta dago gehienetan, eta horrek hain zuzen ere, azaltzen du egoera berri honen etengabeko gorakada.

Baina, zer da polimedikazioa?
Ez da lan erreza galdera honi laburki erantzutea, izan ere, definizio ezberdinak aurki ditzakegu literatura zientifikoan. Ikuspegi kualitatibo batetik aztertuz gero, egoera kliniko zehatz baterako behar baino medikamentu gehiago hartzea edo egokiak ez diren botikak kontsumitzea bezala definituko genuke. Bestalde, irizpide kuantitaboetan oinarrituz gero, nahiz eta ez dagoen erabateko akordiorik, 5 farmako edo gehiago hartzea da gehien onartzen den zenbakia polimedikazioa definitzeko. Definizio biak, kualitatiboa eta kuantitatiboa bateragarriak dira (2,3,4).

Zein da arazo honen tamaina?
Polimedikazioaren fenomenoa zahartzearekin eta hainbat gaixotasun pairatzearekin lotzen da, beraz gero eta arazo arruntuagoa da gure inguruan. Datuak aldakorrak dira, baina gure inguruan 65 urtetik gorakoen artean egunero 7-13 medikamentu hartzen dira bataz-bestean, eta polimedikazioaren prebalentzia %30-50 bitartean egongo litzateke (2,5).

Polimedikatuaren bi profil nagusi daude. Bata, gaixotasun edo osasun arazo bakarra izanda, hainbat farmako hartzen dituena, GIB infekzioa duten gaixoen kasua adibidez. Bestea, gaixo pluripatologikoaren eredua izango litzateke, zeinak osasun arazo ezberdin eta anitzak dituen, horietako asko kronikoak, eta bakoitzarentzat farmako bat edo gehiago hartzen dituen (2,3). Azken hau da sarrien ematen dena, eta gure Dolores bere hainbat osasun arazo eta hamaika botikarekin, bigarren perfil honetako etsenplua izango litzateke.
Laburbilduz, bi egoera nagusi eman daitezke hainbat botika hartzen dituztenen artean.
-    Polimedikazio egokia: hainbat farmako hartu, baina guztiek indikazio klinikoa dutenean.
-   Polimedikazio ezegokia: egoera klinikoari dagozkion behar baino farmako gehiago hartzen direnean.
Lehenengoan, osasun profesionalen helburua botika guzti hauek pazienteari era egokian hartzen laguntzea izango da. Aldiz, polimedikazio ezegokia da gehien kezkatzen gaituena, honen ondorioak larriak izaten baitira (2-4).

Zeintzuk dira polimedikazioaren ondorioak?
Alde batetik, zenbat eta botika gehiago hartu eta hauen posologia edo hartzeko modua zenbat eta konplexuagoa izan, orduan eta hauek era egokian hartzeko zenbat eta zailtasun handiagoak agertzen dira. Gainera medikamentuen efektu kaltegarriak ere, era esponentzialean hasten dira kontsumitzen den medikamentu kopuruarekin batera.

Paziente polimedikatu adinduen %35ek medikamentuek eragindako efektu kaltegarriren bat azalduko dute, eta gehienetan behar ez diren botika edo kontraindikatutakoek, eta medikamentuen arteko interakzioek eragindakoak izango dira (3). Argi dago beraz, zenbat eta farmako gehiago hartu, nahiz eta hauek era egokian aginduak izan, hauen artean behar ez den botikaren bat izateko edo aurre hartu daitekeen kontrako eraginen bat sortarazteko aukera handiagoa dela.

Ez dago efektu kaltegarririk sortarazi ezin duen botikarik. Dena den, alboko efektu guztiak ez dira nabarmenak izaten baina hainbatetan oso larriak izan daitezke. AEB-etan egindako ikerketa batek balioetsi zuen urtero medikamentuen alboko ondorioek eragindako 265.802 kontsulta ematen zirela larrialdi zerbitzuetan eta hauetatik %37,5ek ospitaleratzea behar zutela. Botiken alboko ondorioek eragindako ospitaleratzeen ia erdiak 80 urtetik gorako gaixoetan gertatzen ziren (6). Hala bada, edadetuetan larrialdietako kontsulta eta ospitaleratzeen %10-20ak medikamentuek eragindako kalteekin lotuta egon daitezkeela kalkulatzen da (3).

Askotan gainera, medikamentu batek eragindako alboko ondorioak tratatzeko beste botika batzuk ematen dira “prescribing cascade” edo “preskripzio-jauzia” izeneko fenomenoari ateak zabalduz. Honek, polimedikazioaren arazoa okertu baino ez du egiten, zerrendari botika berriak gehitzearekin batera.

Normala denez, zenbat eta farmako gehiago kontsumitu, hauen artean interakzioak izateko aukerak handiagoak dira. Gauzak horrela, kalkulatzen da 8 botika edo gehiago aldi berean hartzerakoan halabeharrez interakzioren bat sortzen dela.
Azkenik, gogoratu behar da polimedikazioa, edadetuen bereziki, ospitaleratze, erorketa, gaixotasun eta hilkortasun tasa altuagoekin lotzen dela (2,3).

Zer faktore lotzen dira polimedikazioarekin?
Hainbat faktore lotzen dira polimedikaziorekin. Ez dauka soilik gaixoak berak edo honek pairatzen dituen egoera klinikoekin zerikusirik. Osasun-sistemaren ezaugarriek, jasotzen den arreta motak, gaixoaren iguruak eta gizarteak berak eragina izango dute polimedikazioaren sorreran (3). Jarraian polimedikazio ezegokiarekin harreman zuzena duten hainbat faktore aipatzen dira:
  • 75 urte baino gehiago edo emakumezkoa izatea.
  • Farmako konkretu batzuk hartzea: lasaigarriak, antsiolitikoak, antidepresiboak, analgesikoak…
  • Hainbat gaixotasun kroniko izatea: hipertentsio arteriala, diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak…
  • Faktore psikologikoak: Depresioa edo norbere osasunaren pertzepzio eskasa izatea.
  • Egoera ekonomiko kaxkarra, ikasketa maila baxua, bakartasuna, mendekotasun fisikoa, landa eremuetan bizi izatea
  • Azken 3 hilabeteetan osasun sistemarekin harremana, ospitaleratzea, mediku ezberdinen arreta jaso, hainbat farmazietara joatea.

Zer egin daiteke polimedikazioaren arrean?
Medikazio ezegokia detektatzeko erabiltzen diren irizpideak biltzen dituzten baliabide ezberdinak badaude. Literatura medikoan gehien erabili izan deiren “Beers”-en irizpideak eta azken urtetan balioztatu diren “STOPP/START” irizpideak (7) aipatu behar dira. Doloresen kasuan esaterako, denbora luzez (hilabete bat baino gehiago) erdi-bizi luzeko benzodiazepinak edo akzio luzeko metabolitoak dituzten benzodiazepinak (diazepama kasu) ez erabiltzeko gomendioa jasotzen dute “STOPP/START” irizpideek, erorketak edo konfusio eragin baitezakete. Gainera irizpide hauek, medikazio ezegokia detektatzeaz gain pazienteak hartzen ez dituen eta klinikoki onuragarriak diren botikarik dagoen argitzen laguntzen du (8). Badaude baliabide konplexuagoak ere, Medication Appropriateness Index edo MAI indizea esaterako. Honek medikazioak eragindako ondorio kaltegarri larriak aurreikusteko baliagarria dela erakutsi du, baina denbora gehiago eskatzen du (10 minutu farmako bakoitzeko) eta berau erabiltzeko entrenamendu berezia behar da (3). Dena den, paziente polimedikatuaren azterketa bere osotasunean burutu behar da. Ez dira irizpide biomedikoak soilik kontuan izan behar, izan ere ezaugarri psikologiko, funtzional eta sozialek ere berebiziko garrantzia dute aurrean aipatu den bezala.

Polimedikazioa bera arazo larria dela argi dago eta beraz honi nola aurre egin asmatu behar dugu. Horretarako berebizikoa da preskripzio-arau orokor batzuk betetzea, hala nola, ahal den botika gutxien preskribatzea, beste tratamendu aukera ez-farmakologikoak aztertzea, eraginkorra den dosi txikienarekin hastea eta botiken eraginkortasuna berrikustea (3,4,9). Aipamen berezia behar du 2011ean Schiff eta lagunek argitaratutako artikulua, zeinetan Preskripzio zentzudun edo zuhur baterako oinarriak aldarrikatzen zituzten (10). Artikulu honetatik abiatuta http://prescripcionprudente.wordpress.com/ ekimena abiatu zen eta jarraian honek biltzen dituen ideia nagusiak azpimarratzen dira:
  • Medikamentuetatik haratago pentsatu, aukera ez-farmakologikoak erabiliz adibidez.
  • Preskripzio estrategikoago bat egin. Premiazkoak ez diren tratamenduen hasiera atzeratuz, botika bakarrarekin hasiz, arrazoi sendorik egon ezean farmakoen aldaketak ekidinez esaterako.
  • Medikamentuen ondorio kaltegarrien aurrean begira egon eta zaintza berezia izan.
  • Eseptizimoa eta arreta berezia mantendu botika berrien aurrean.
  • Tratamenduen inguruko erabakiak pazientearekin batera hartu eta adostu.
  • Kontuan izan garrantzizkoak diren eragin edo helburuak eta epe-luzera.
Neurri guzti hauek polimedikazioaren sorreran prebentzio neurriak izango lirateke, hau aurreikusi eta azaldu aurretik esku hartzeko, fenomeno honen gorakada ekiditeko asmoarekin.

Behin polimedikazioa ezarri dela badira beste estrategia batzuk honi aurre egiteko Depreskripzioa hain zuzen ere. Honi buruz, sakonago arituko gara hurrengo sarreran eta medikamentuz osatutako dorrea nola ez erori asmatzen saiatuko gara.

"POLIMEDICACIÓN" Tamara Sancho. I Festival de cortos "polimedicación y salud" 

Mikel Baza
Arritxu Etxeberria
Bibliografia:
1.      Etxeberria A. Depreskripzioa. Hitzaldia. 22. Osasun Jardunaldia.  2012-05-18, Bilboko Medikuen Elkargoan. http://www.oeegunea.org/agiriak/ikusi/hitz/5
2.      Gavilán E, Villafaina A. Curso Polimedicación y Salud: Estrategias para el abordaje integral de los pacientes polimedicados. Fundesalud. Polimedilab. http://www.polimedicado.com/
3.      Villafaina A, Gavilán E. Pacientes polimedicados frágiles, un reto para el sistema sanitario. Inf Ter Sist Nac Salud 2011; 35:114-123 http://www.msssi.gob.es/biblioPublic/publicaciones/recursos_propios/infMedic/docs/PolimedicadosVol35n4.pdf
5.      Molina T, Caraballo M, Palma D, López S, Domínguez, JC, Morales JC. Prevalencia de polimedicación y riesgo vascular en la población mayor de 65 años. Aten Primaria. 2012;44(4):216—222
6.      Budnitz D, Lovegrove MC, Shehab N, Richards CL. Emergency Hospitalizations for Adverse Drug Events in Older Americans. N Engl J Med 2011; 365:2002-2012 http://www.nejm.org/doi/full/10.1056/NEJMsa1103053#t=articleTop
7.      Gabilondo I, Maiz G, Arechabaleta JC, Martín I, Mendibil LI, Mota A. Zeharren preskripzio agindu desegokiak eta beroriek aldatzeko STOPP/START irizpideen pontentzialtasuna. 21. Osasun Jardunaldia. 2011-06-06, Gasteiz. http://www.oeegunea.org/agiriak/ikusi/kom/143
8.      GUÍA FARMACOTERAPÉUTICA PARA LOS PACIENTES GERIÁTRICOS. Centros Gerontológicos Gipuzkoa. 2012. Eusko Jaurlaritza. Osasun eta kontsumo saila. http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-ckpubl01/eu/contenidos/informacion/publicaciones_informes_estudio/eu_pub/adjuntos/guia_pacientes_geriatricos.pdf
10.  Schiff G et al. Principles of Conservative Prescribing Arch Intern Med. Published online June 13 2011. doi:10.1001/archinternmed.2011.256




Sarrera honek #KulturaZientifikoa 1. Jaialdian parte hartzen du
Continue lendo

2014-01-13

LASTERKARI OHIA

Iker Villanueva @ikerfisio
FISTEUS-etik jasoa.

Orain lau aste lagun batek telefonoz deitu zidan, eskiatzen zegoela erori egin zala eta belauna minduta zeukala esanez. Han bertan miaketa fisikoa egin zioten eta itxura txarra zeukala esan zuten: zirudienez, belauneko Aurreko Lotailu Gurutzatua apurtuta zegoen. Hala ere, etxera heltzean erresonantzia magnetiko bat egitea gomendatu zioten, diagnostiko zehatza jakiteko.
 
Hala egin zuen Jonek eta handik bi astera berri on bat jaso zuen: bi urte lehenagoko ebakuntzan jarri zioten lotailua ez zegoen apurtuta. Hala ere, erresonantzian beste arazo bat azaleratu zen, belaunean artrosia zegoela alegia. Traumatologoak korrika egiteari uzteko gomendatu zion, belauneko kartilagoen higadura bizkortu egiten zuelako.

Conclusion


Jon azkenaldian  korrikalari sutsua zan. Bi urte lehenago egin zioten ebakuntzaren ondoren eta apustu bat zela medio, korrika egiten hasi eta kirolaren onurak sentitu bezain laister korrika egitearen mendera erori zen. Bere eguneroko bizitzari unetxoak lapurtzen zizkion kalera irten eta lasterkan egiteko, eta bapatean, berak aitortu zidan bezala, exrunner bilakatu zan.

exrunner

Nire kontsultan egunero ikusten dut lesio batek pazientearen zaletasuna mehatxatu egiten duela eta horrek pazientean sortzen duen beldurra. Normala da, poztasuna ematen diguten egoerak lortzea ez da erreza eta baten bat aurkitzen dogunean eta galtzeko arriskua antzematen dogunean beldurra sentitzen dugu. Tamalez, nahi baino gehiagotan lesioak ez du sendabiderik eta bildurrak egi bihurtzen dira.
Nik normalean ez dut Jonen medikuaren bidea jarraitzen, guztiz kontrakoa baizik. Pazienteei oso gutxitan gomendatzen diet geldirik egoteko, ariketa fisikoa euren belauna/aldaka/bizkarrezurrerako onena ez bada ere, euren gorputzaren osasun orokorra hobetzeko baliagarria bait da. Baina Jonek galdetu zidanean medikuari kasu egiteko esan nion, atseden hartzeko alegia.
Bi egun geroago, interneten murgilduta nengoela, ni bezalako friki batek honako hau eskegi zuen twitter-en (ez dut gogoratzen nor izan zen, baina ikaragarri eskertzen diot):

 american college

Ameriketako Erreumatologia Elkarteak 2012ko txostenean belauneko artrosiaren tratamenduari buruzko gomendien artean, ebidentzia zientifiko altuena dutenak hiru hauek dira1:
  • Ingurune lurtarrean ariketa aerobiko edo erresistentziakoa egitea.
  • Ingurune urtarreko ariketa fisikoa egitea.
  • Gehiegizko pisua duten pertsonek pisua galtzea.
Bestalde, Condroitin Sulfatoa, Glucosamina eta Capsaicina topikoak ez dute plazeboa baino emaitza hobeagorik lortu2.
Egia esan, ez dakit honen arrazoia kartilagoaren inbibizio-prozesu3 bitarteko elikaduran aurkitu daiteken edota minaren agerpenean parte hartzen duten prozesuek argitu dezaketen. Baina gauza bat argi daukat:

MUGITU ZAITEZTE!!

Cuando por los años

BIBLIOGRAFiA
  1. Hochberg MC, Altman RD, April KT, Benkhalti M, Guyatt G, McGowan J, Towheed T, Welch V, Wells G, Tugwell P; American College of Rheumatology. American College of Rheumatology 2012 recommendations for the use of nonpharmacologic and pharmacologic therapies in osteoarthritis of the hand, hip, and knee. Arthritis Care Res (Hoboken). 2012 Apr;64(4):465-74. Review.
  2. Fransen M, Agaliotis M, Nairn L, Votrubec M, Bridgett L, Su S, Jan S, March L, Edmonds J, Norton R, Woodward M, Day R. Glucosamine and chondroitin for knee osteoarthritis: a double-blind randomised placebo-controlled clinical trial evaluating single and combination regimens. Ann Rheum Dis. 2014 Jan 6.
  3. Smith-Agreda V, Ferres-Torres E. Fascias. Principios de anatomo – fisio – patología. Paidotribo: 2004.
Sarrera honek #KulturaZientifikoa 1. Jaialdian parte hartzen du.KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_banner 


SYSADOA: preskripzio okerraren adibidea

Continue lendo

2013-12-16

#EzEbidentziarikGabe

Joan den astean sarea astindu zuen mugimendua izan zen #EzEbidentziarikGabe eta guk ere honekin bat egin nahi dugu. 

#EzEbidentziarikGabe

Ebidentzia medikuntza modernoaren zutabeetako bat da. Ez da beti horrela izan: urtetan, aurretik eraginkortasuna eta segurtasuna ziurtatu gabe eman izan dira tratamenduak. Batzuk eraginkorrak izan ziren arren, beste askok ondorio kaltegarriak eragin zituzten.
Alabaina, gizakiaren historian ezaguera zientifiko gehien metatu den garaian, badira, oraindik, inolako eraginkortasunik eta segurtasunik frogatu gabe diziplina mediko gisa jardun eta pazienteengana hurbildu nahi duten sasizientzia ugari.
Adierazpen honen sinatzaileok, guztiak osasungintzako edo zientziatako beste arloetako profesionalak, kazetariak eta bestelakoak garenok, badakigu gure ardura legal eta etikoa dela pazienteei tratamendurik onena eskaintzea, eta haien osasuna zaintzea. Horregatik, osasun-langile, zientzialari eta herritar gisa, kezkatu egiten gaitu komunikabideetan agertutako berriak, esanez sendagai homeopatikoak arautzeko eta onartzeko prozesu bat ireki dela, eta iruditzen zaigu zerbait egin behar dugula horren aurrean.
Espainiako Medikamentuen eta Osasun Produktuen Agentziako (AEMPS) zuzendariaren adierazpenek, ziurtatuz “botika homeopatiko guztiek ez dutela zertan frogatu eraginkortasuna” eta “segurtasuna ez dela frogatu behar berariazko entsegu klinikoen bidez”, gure kezka areagotu besterik ez dute egiten.
Honengatik guztiagatik, hau eskatzen dugu:
  1. Entsegu kliniko bidez gutxienez plazeboak baino eraginkortasun- eta segurtasun-maila handiagoak frogatu ez dituen tratamendurik ez onartzea. Indikazio teraupeutikorik gabeko ustezko sendagai homeopatikoak arautzea kontraesan hutsa da, eta arbuiatu egin behar da. Indikaziorik ez badu, zertarako eman?
  2. AEMPSek merkatutik ken ditzala, lehenago onartuak izan diren arren, plazeboa baino eraginkorragoak direla frogatu ez duten edota neurriz kanpoko ondorio kaltegarriak dituzten mota guztietako sendagaiak.
  3. Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak, eta osasungintzaren alorreko gainerako agintariek, jazar ditzatela bere produktuek sendatzeko gaitasuna edo osasunerako onurak dituztela zientifikoki frogatu gabe aldarrikatzen duten ekoizleak.
  4. Espainiako Mediku Elkargoen Kontseilu Orokorrak / Mediku Elkargoen Erakundeak, Kode Deontologikoaren 26. artikuluan oinarrituz, gaitzets dezala ebidentzia zientifikorik gabeko tratamenduak agintzen dituzten medikuen jarduna.

Bide batez eta gaiarekin lotuta, elhuyar aldizkarian azaldutako elkarrizketa interesgarri baten lotura uzten dizuegu.

 http://aldizkaria.elhuyar.org/elkarrizketak/edzard-ernst-zientziaren-eta-pseudozientziaren-art/
Continue lendo

2013-12-11

#KulturaZientifikoa I. Jaialdia

Gaurkoan #sarean #zientzia eta #euskaraz burutu behar den proposamen interesgarrienetako batekin gatorkizue: #KulturaZientifikoa I. Jaialdia



Egitasmoa hau Kultura Zientifikoa osatzen duten arloen inguruko ekarpenak biltzeko ekimena da zeina 2014ko urtarrilaren 8tik - martxoaren 31a arte burutuko da.
 
Jakintza-arlo desberdinen inguruko post, mezu edo artikuluak tarte jakin baten idatzi, editatu, sareratu eta biltzeko ekimena da. Norberak lantzen, garatzen, aztertzen, interesa duen arloaren gaineko mezua idatzi eta sarean partekatzera gonbitea da honako egitasmoa. Zertarako? Kultura Zientifikoaren gaineko ezagutza, onespena eta interesa zabaltzeko Internet bidez. Aurkezten dugun ekimen hau zabala da, interesa duen ororentzat irekita dago. Animatu eta parte hartu!

@bagabigablog-etik gure atxikimendua adierazi nahi diogu ekimen honi.

Informazio gehiago aurkituko duzue bertan: #KulturaZientifikoa I. Jaialdia 

Bide batez burutazio honen arduradunak gidatzen duen blog paregabe honen berri eman nahi dizuegu:

@TxoniMatxain

 
Continue lendo

2013-12-03

EUSKALOSASUNA, HAINBAT BALIABIDE IÑAKI UGARTEBURUEN ESKUTIK

Gaur, Euskararen Nazioarteko Eguna den heinean, osasun arloan euskaraz aritu nahi duten profesional guztiei omenaldi txiki bat egin nahi diegu hemendik.


Asko gara testu tekniko edo zientifiko bat euskaraz prestatzen dugunean zailtasunak izaten ditugunak. Zailtasun handienetako bat terminologian datza, izan ere, hitz-tekniko asko ingeles edo gaztelaniatik jaso edo artikulu ezberdinetan hizkuntza hauetan irakurri ohi baititugu. Zailtasun edo oztopo hauek gainditu daitezkeela gogorazi nahi dizuegu hemendik, bide horretan bakarrik ez zaudetenaren mezua ekarriz.

Hala bada, ezinbestekoa iruditzen zaigu Iñaki Ugarteburuk egindako lana eta berak utzitako hainbat baliabide eta tresna aipatzea. Horretaz gain, beste ohiko baliabide batzuk ere gogoratzen dizkizuegu.

EUSKALOSASUNA

BANKU-TERMINOLOGIKOA (PDF)


EUSKALTERM

ELHUYAR HIZTEGIA

ITZULTZAILE AUTOMATIKOA

XUXEN zuzentzailea

Erabilgarriak izango zaizkizuelakoan 
Continue lendo

2013-11-26

PAZIENTEENTZAKO FITXAK

Blog honetatik abiatu, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea, Camfic eta Osatzen-enekin batera eta hainbat boluntarioren laguntzarekin burututako proiektuaren lehenengo fruituak aurkezten dizkizuegu.

Mila esker benetan lan honetan parte hartu duzuen guztioi.

Gaixotasun edo osasun arazo ezberdinei buruzko informazio orrialdeak euskaraz eskaintzen dizkizuegu.

Eguneroko jardunean euskaraz aritzen zareten guztiontzat eta zuen pazienteentzat erabilgarriak izango direlakoan.

Jarraian hainbat Pazienteentzako Fitxa uzten dizkizuegu, baina pantailaren eskuin aldean guztiak eskuragarri izango dituzue egun batzuetan.











































Continue lendo

2013-11-20

FIBRILAZIO AURIKULARRA ETA RENINA-ANGIOTENSINA SISTEMAKO INHIBITZAILEAK

Renina-angiotensina sistemako inhibitzaileek fibrilazio aurikularraren errepikapena saihestu dezaketela antzematen da baina ikerketa gehiago behar dira.
Erreferentzia: Li TJ, Zang WD, Chen YL, Geng N, Ma SM, Li XD. Renin-angiotensin system inhibitors for prevention of recurrent atrial fibrillation: a meta-analysis. Int J Clin Pract. 2013 Jun;67(6):536-43. doi: 10.1111/ijcp.12063. Epub 2013 Apr 5.PubMed PMID: 23557493.
 
Egile nagusiaren posta elektronikoa: litiejun@medmail.com.cn
Galdera hiru osagaiez: Renina-angiotensina sistemako inhibitzaileek fibrilazio aurikular iraunkorra saihestu al dezakete?
Gaixoak:57-68 adin tarteko fibrilazio aurikular paroxistika edo fibrilazio aurikular iraunkorra kardiobertitua dutenak. Gehienek sistoliko funtzio ona daukate. Batazbesteko eiekzioko frakzioa = %51-66. Bakarrik Ausazko saiakuntza klinikoak (ASK) bat 2. eta 3. mailako bihotzeko gutxiegitasunarekin egin dute.
Interbentzioa: AEBren inhibitzaileak edo ARA2ak (Olmesartán, Losartan, Candesartan,Valsartan,Irbesartan, Ramipril, perindopril, enalapril, perindopril) vs. Plazebo.
Emaitzako aldagaia: Fibrilazio aurikularraren errepikapena.


BerrazterketaREN EZAUGARRIAK:
Bibliografia iturriak : MEDLINE, Cochrane Library,Web of Science. Bakarrik ingelesez zeuden ikerlanak eta testu osoa zeukatenak bilatu dituzte.
Azterlanen hautaketa: Ausazko saiakuntza klinikoak (ASK).
Sartutako datuen ezaugarriak:
Kalitatea JADAD eskalarekin neurtzen dute. Ikerketa bat izan ezik 2 puntu baino gehiago dauzkate. Sentsibilitateko azterketa egiten dute eta JADAD eskalan 3 puntu baino gutxiago dutenak kentzen dituzte eta emaitzak ez dira aldatzen. Berrazterle bereiziak daude. Heterogenotasuneko azterketa egiten dute.
Emaitzak:
15  ASK, 3972 gaixo.
6 ikerketa fibrilazio aurikular paroxistikoarekin egiten dira eta  9 fibrilazio aurikular iraunkorrarekin.
Jarraipena: 1.5-47 hilabete. Gehienek 12 hilabete.
-Errepikapena:  OR 0.5 ( 0.37-0.69) NNT 4(3-6) Heterogeneitatea I2 %69
-Biziraupena: Ez esanguratsua OR 1.17 (0.65-2.10) I2=%0
-Kontrako eraginak: Ez esanguratsuak  OR 0.94(0.65-1.35) I2 = %19
Iruzkinak:
Entseguaren emaitzetan oinarrituta, badirudi  renina-angiotensina sistemako inhibitzaileek fibrilazio aurikularraren errepikapena  saihestu  dezaketela plazeboarekin alderatuta, baina metodologikoki, argibiderik eman ez dioten heterogenotasuna handiegia da emaitza bateratua eman ahal izateko. Honez gain, pazienteek, ikertutako botikaz gain besteren bat hartzen zuten edo ez, ez dute aipatu ere egiten .
Pazienteak ez dira oso adintsuak eta, gehienek, bihotza osasuntsua dute; ondorioz, jarraipena motzegia dela iruditzen zaigu biziraupenean ezberdintasunak antzeman ahal izateko
        
Jorratzaileak: Mikel Moreno (mmorenob@cfnavarra.es) eta Ina Idarreta.
Data: 2013-09-11




EBIDENTZIAN OINARRITUTAKO OSASUNGINTZA-tik jasoa.
Continue lendo

2013-11-18

BERTSO SAIO KLINIKO MUNDIALA BILBON, AZAROAREN 21EAN. ORAINDIK SARRERAK ESKURAGARRI

Aurtengo Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko Finalerako sarrerak joan den astean amaitu egin ziren.


Gogora ezazu, ostegun honetan Bilbon BERTSO SAIO KLINIKO MUNDIALA izango dugula, eta oraindik sarrerak eskuragarri dituzula. 

Bertsolariak: Arkaitz Estiballes, Felix Zubia eta Nahikari Gabilondo

Zeren zain zaude? 
Izena emateko: meuskarabatzordea@gmail.com

Non? Kalderapekon, Txakur kalea 1
Noiz? Azaroak 21, 19:00etan 
Norentzat: Osasun arloko langile eta ikasleentzat









Continue lendo

2013-11-11

KOLTXIZINAK GAIXOTASUN KARDIOBASKULARRAK GUTXITZEN DITU.


SARRERA.


Egunero argitaratzen diren artikuluen alertak jasotzen ditut. Koltxizina betidanik erabili izan da gota tratatzeko. Artikulu honetan beste erabilera bat ematen diote.Interesgarria iruditu zaidanez bere irakurketa kritikoa egin dut.





Erreferentzia : Nidorf SM, Eikelboom JW, Budgeon CA, Thompson PL. Low-dose colchicine for secondary prevention of cardiovascular disease. J Am Coll Cardiol. 2013 Jan 29;61(4):404-10. doi: 10.1016/j.jacc.2012.10.027. Epub 2012 Dec 19. PubMed PMID: 23265346.




Galdera bere hiru osagaiekin:



Gaixoak: Gaixotasun koronarioa daukatenak.

Interbentzioa: koltxizina 0.5 mg egunean vs ez koltxizina.

Emaitzako aldagaiak: koronario sindrome akutua, ospitaletik kanpoko bihotz-gelditzea eta garuneko hodietako istripu ez enbolikoa.



IKERKETA:

JADAD eskalako 3 puntu. Ez da itsua (emaitzak aztertzen dituen pertsona itsua da). Jarraipenean koltxizinako taldean %24 gaixo galtzen dituzte,gehienak kontrako eraginengatik.Tratatzeko intentzioarekin egiten dute azterketa.Aldagaia konbinatua da baina bere osagaiak aztertuz ikus dezakegu koronario sindrome akutua gutxitzen dela modu esanguratsuan.
Gaixoak :

Kontrol taldea (N = 250 ; 250 aztertuak):

Esperimental taldea (N =282 ;282 aztertuak):

Emaitzak:


Jarraipena
CER
EER
OR
NNT
P
Gaixotasun kardiobaskularrak (aldagai konbinatua)
2,36 urte
0.16
0.053
0.33
11
<0,001
%95 Konfidantza tartea
0.18-0.59
6-19




Ondorioak:

Nahiz eta emaitzak estatistikoki esanguratsuak izan ikerketa txikia da. Gure eguneroko praktikan sartu aurretik komenigarria izango litzateke emaitza hauek saiakuntza kliniko handi eta sendo batean baieztatzea.



Egilea: Mikel Moreno (mmorenob@cfnavarra.es)

2013-04-26
Continue lendo

2013-11-04

WEB LIBURUAK.

Euri egunetarako aproposa izaten da aldamenean irakurketa interesgarriak izatea. 

Atertzen ez duen bitartean bertan dauzkazue Xabier Zupiriak helarazi dizkigun hainbat liburu. 


Mila esker Xabier.


Denak web liburuak dira, euskaraz eta doan:

Psikologiako gaiak osasun-profesionalentzat. Xabier Zupiria. Agote saria 2004.

Osasun-profesionalaren eta gaixoaren arteko harremana. Xabier Zupiria. EHUko Campus Birtuala 2000. 

Zientzia Psikosozialak. Xabier Zupiria 2002. ISBN 978-84-692-6330-3 


Bioestatistika eta demografia. Xabier Zupiria 2010. ISBN 978-84-692-6329-7
Continue lendo
 

BAGA BIGA BLOG! Copyright © 2011 | Template design by O Pregador | Powered by Blogger Templates