2013-06-13

7 EGUN FALTA DIRA...

Euria ari du berriz!


Euri tanta berri hauekin batera, jakinarazi nahi dizuegu datorren astean kasuen aurkezpenari ekingo diogula. 

Dena den, oraindik 7 egun gehiago dituzue zuen kasuak bagabigablog@gmail.com helbidera bidaltzeko. 

Epai-mahaiaren lana izango da kasu bakoitzari dagokion puntuazioa ematea. Gainera, kasu bakoitzak sare-sozialetan (twitter eta facebook-en) duen jarraipenaren arabera ere puntuazioa emango zaio.

Bestalde, behin kasuen aurkezpena martxan dela, partaidetza sarituko duen lehiaketaren atala zabalduko dugu. 

Hala bada, guztiok parte hartzera gonbidatuta zaudete. 

Continue lendo

2013-06-04

Bandera gorri ez komunistak

Osasun arloko profesional garen heinean, fisioterapeutok paziente asko ikusten dugu jasotzen duten lehenengo arreta gisa. Gaur egun, Espainia mailako erakundeen hitzetan, fisioterapeuten %80ak egiten du lan kontsulta pribatuan. Hau da, guregana etortzen diren gaixoen gehiengoa ez da medikutik pasa, eta beraz, fisioterapia tratamendu egokia den ala ez inork ezin izan du zenbatetsi.  Hori dela eta, fisioterapeuta orok argi eduki behar genuke, paziente bat aurrean dugun momentuan, zeri eskeini behar diogun gure arreta eta zeintzuk diren gure tratamentua ematearen kontraindikazioak.
Informazio hori lortzeko, historia klinikoa eta miaketa ditugu. Baina, zer eduki behar dugu kontutan, hauetan? Argi dauzkagu zeintzuk diren gure tratamendua kontraindikatzen duten seinaleak?
Seguruenik galdera horien erantzuna, literatura anglosaxoiean erabiltzen diren Red Flags-ak  dira  (euskaraz, bandera gorri gisa izenda ditzakegu).
Ein? Bandera gorriak? Zer da hori? Niri unibertsitatean ez didate sekula horrelakorik aipatu…
Bandera gorriak, arazo mediku larri bat izan daitekeenaren aurrean gaudela ohartarazten gaituzten  seinale eta sintomak dira. Gainera, ezintasun itzulezin edo  heriotza ere  ekar dezaketen arazoak izan daitezke, ez badira behar bezala artatzen.

Nahiz eta definizioa nahiko gogorra den, bukaeran esan nahi dena honela sinplifika genezake: paziente baten aurrean mekanikoa edo neuromuskuloeskeletikoa ez den zeinuren batek gure arreta deitzen badu, hobeto ikertu dezakeen norbaitengana bidali behar genuke.


Era berean, arreta deitzen digun sintoma batek ez du zertan ezer larririk iradoki. Hau da, aurkitzen dugun sintoma arraro guztiak ez dira bandera gorriak eta hauek identifikatzea ezinbestekoa da. Adibidez, gauean jasaten den mina normalean seinale txartzat hartzen da. Baina honek ez du esan nahi gauez mina somatzen duten paziente guztiak deribatu behar ditugunik. Ezaguna baita, adibidez, mekanosensibilitate handia duen egitura neural batek, ziatika kasuetan bezala, askotan min gehiago egin dezakeela gauez, jasotzen duen oxigeno kantitatea urriagoa baita tentsio arterialaren beherakadarengatik. Bestalde, gauez min handiagoa jasaten duen pertsona batek, faktore mekaniko baten aurrean aldaketarik nabaritzen ez badu, adibidez mugitzean edo posizioz aldatzean, baliteke bandera gorri baten aurrean izatea.

Ezinbestean ezagutu beharreko zeinuak dira, baina hauen garrantzia erlatibizatu beharko genuke. Batez ere, hauen prebalentzia baxua baita guregana etortzen diren gaixoen artean. Estimazioen arabera, gerriko minen %1a bakarrik izaten da arazo larri baten ondorioz.

Halaber, ohikoenak hezur hausturak izaten dira. Hauek baloratzerakoan hainbat  arau eduki beharko genituzke kontutan. Kontsultan 70 urte baina gehiago dituen emakumea jasotzen badugu eta horri, kortikoideak hartzen dituela eta erorketa egon dela batzen badiogu, seguru asko hezur haustura baten aurrean egongo ginake eta ondorioz, paziente hori deribatu egin beharko genuke. Bestalde, ezagunak dira orkatileko okerdurak eta hausturen artean  baztertzeko erabiltzen diren Ottawa arauak.
Seinale hauek dituen paziente bat aurkituko bagenu, gure tratamendua atzeratu egingo litzateke, radiografia batek lesio larriago bat baztertzen duen arte.
Lehen aipatu bezala, historia klinikoa eta miaketa zehatza dira bandera gorriak topatzeko ditugun tresnarik onenak. Baina era berean, patologiaren eboluzioak arreta berezia merezi du. Nahiko ohikoa da, arazo mekaniko bat dirudien lesio batek espero dugun eboluzioa ez izatea.
Imajina dezagun lepoko minez datorren persona bat dugula kontsultan. Historia klinikoak eta miaketak ez digu inongo seinale larririk ematen eta arazo neuromuskuloeskeletiko bat izan daitekeela pentsatzen dugu. Beraz, gure tratamenduarekin hasteko ez legoke arazorik. Denbora pasatzen den heinean eta saio batzuen ostean, pazienteak ez du inongo hobekuntzarik nabaritzen eta gainera, sintomatologia berriak agertzen hasten dira. Buruko mina izan daiteke, bertigoa edo beste ondoezen bat. Honela, baliteke arazo muskuloeskeletiko bat zirudienak mediku azterketa behar izatea. Kasu honetan, patologiaren eboluzio ezak deitzen du arreta eta ezinbestean kontutan hartu beharreko zerbait da.

Horregatik, hasiera bortitzeko, traumatismo garrantzitsu baten ondorioz edo hasieratik gure arreta deitzen duen klinika duen pazienteak  ez badu espero den bilakaera izaten, bandera gorri baten susmoa piztu beharko liguke.

Beste adibide bat, buruko mina izan daiteke. Ez da ohikoa 50 urtetik gorako pertsona batek bere lehenengo buruko mina adin horrekin edukitzea. Gainera, sintomek okerrera egiten badute eta honi botaka aritzea gehitzen badiogu, baliteke garezurreko tumore baten aurrean izatea.

Gorputzeko zati bakoitzak baditu bere bandera gorriak izan daitezkeenaren sintoma eta zeinuak baina literatura zientifikoan sarrien agertzen direnak, hauek dira:
Arrazoirik gabeko pisu galera.
Minbizia izanaren historia.
Gaueko mina
50 urtetik gora edukitzea
Traumatismo gogorra
Sukarra
Defizit neurologiko orokorra edo/eta  progresiboa.
Esteroideekin tratamentua.
Nahiz eta ez ditugun sarritan horrelako kasuak ikusten, ezinbestekoa da bandera gorrien ezagutza gure historia kliniko eta miaketa egiterakoan. Bestalde, sintoma eta zeinu desberdinak daudenez, ezin dugu bandera gorrien gidalibururik egin.

Gure azterketa egiterakoan kontutan izatea da komenigarriena, eta gure pronostikoak betetzen ez diren momentuan, autokritika eginez gure diagnostikoa zuzena ote den hausnartzea. Argi baitago lehen mailako profesionalak izan nahi badugu, hauen ezagutza ezinbestekoa dela.

Xabat Casado.
Fisioterapeuta

Bibliografia
  1. Pepe Guillart. Red flags. Fisioterapia sin red.
  2. Chaniotis SC.2012.Clinical reasoning for a patient with neck and upper extremity symptoms: A case requiring referral. Journal of Bodywork and Movement Therapies, 16; 359-363.
  3. Ferguson F, Holdsworth L, Rafferty D. 2010. Low back pain and physiotherapy use of red flags: the evidence from Scotland. Physiotherapy. 96; 282-288
  4. Goodman, C. Snyder, T. 2001. Patología médica para fisioterapeutas. McGraw Hill-Interamericana 3ª ed.
  5. Greenhalgh S, Selfe J.2004. Margaret: a tragic case of spinal Red Flags and Red Herrings. 2004. [Full Text PDF] Physiotherapy. 95; 73-76.
  6. Greenhalgh S, Selfe J. 2006. Red Flags: A guide to indentifying Serious pathology of the Spine.  Churchill Livingstone ed. 1.
  7. Greenhalgh S, Selfe J. 2009. A qualitative investigation of Red Flags for serious spinal pathology. Physiotherapy. 95; 223-226
  8. Harding  IJ, Davies E, Buchanan E, et al. 2005. The symptom of night pain in a back pain triage clinic. Spine. 30(17); 1985-8
  9. Henschke N, Maher C, Refshauge K M,Herbert,R D et al. 2009. Prevalence of and Screening for Serious Spinal Pathology in Patients Presenting to Primary Care Settings With Acute Low Back Pain. Arthritis and Rheumatism. Vol. 60,  10; 3072–3080
  10. Leerar, P. Boissonnault W, Domholdt E et al. 2007. Documentation of red flags by Physical therapists for patients with low back pain. The Journal of Manual and Manipulative Therapy. 15(1); 42-49.
  11. Sizer J, Brismée JM, Cook C. 2007. Medical Screening for Red Flags in the Diagnosis and Management of Musculoskeletal Spine Pain. Family Pain Practice. 7(1); 53-71.
  12. Soerensen B. 2011.  Mechanical diagnosis and therapy (MDT) approach for assessment and identification of serious pathology. Manual Therapy. 16; 406-408.
Continue lendo

Fisteus

Fisioterapia ere Euskaraz izan daiteke



Blog hau, fisioterapiari buruz euskaraz hitzegiteko toki bat besterik ez da.
Blogaren helburu nagusi bezala hurrengoak aipatu ditzakegu:
  • 2.o kontzeptua oinarritzat hartuz, euskararen erabilera sustatu nahi dugu Fisioterapian. Fisteusetik euskararen erabilera Fisioterapian eskasegia dela uste baitugu. Hori dela eta, euskararen erabilera suspertzeko asmoarekin egiten dugu.
  • Gure lanbideari buruzko gogoeta eta eztabaida eraikitzaileak sortzea. Kolektibo gisa hazteko, eztabaida eta ikuspuntu desberdinen partekatzea ezinbestekotzat ikusten dugu. Fisiogogoetak atala duzu zure iritzia eman ahal izateko.
  • Gure artean, dagoen informazio zientifikoa zabaldu eta partekatzea. Gaur egun inork ez du ezbairik Fisioterapia zientifikoaren jakin-mina haundiagotuz dijoala ogibidean. Parte hartzera eta zure ezagutzak birziklatzera gonbidatzen dizugu Birziklatu zaitez atalean.
Fisioterapeuta orok nahi duen gaiari buruko iritzi edo gogoetak idatzi ditzake. Egin behar duzuen bakarra, kontaktuko formularioa betetzea edo posta elektroniko bidez gurekin harremanetan jartzea da.
Azkenik, derrigorrez bete beharreko blogeko arauak daudela esan nahi dizugu. Hasi baino lehen irakurtzea gomendatzen dizugu.
Parte hartzearen ateak zabalik dituzu.
Continue lendo

2013-05-27

Neuromuskulueskeletikoen proba diagnostikoen eskuliburua

Gaurko egun honetan liburu batekin gatozkizue, Loitzun Izaola @loifisio gure lagunak idatzi berri duena.

Gainera orrialde batzuk muxutruk eskaintzen dizkigu. Deskargatu kapitulu bat.
Egileak esan digun bezala irudi batzuk ezagunak egingo zaizkizue.

Mila esker Loitzun eta zorionak!


Liburua eskuratzeko:  
Continue lendo

2013-05-16

KASUAK BIDALTZEKO EPEA LUZATU DA

EKAINAREN 20RA 

DENBORA DUZU BERAZ ZURE KASUA BIDALTZEKO. 



Kasu Klinikoen BagaBigaBlog Lehiaketa. OINARRIAK
Continue lendo

2013-05-13

KASU KLINIKO BAT PRESTATZEKO JARRAIBIDEAK:

Kasu klinikoen Bagabigablog lehiaketa abian denez gero, zuen kasu klinikoak prestatu eta bidali ditzazuen errazteko hemen dauzkazue kasuok prestatzeko jarraibide argi eta zehatzak.

1. GAIA PENTSATU. 
Eguneroko kontsultan edo lanean zehar sortutako egoera bat aukeratzea gomendatzen da. Arrazoi batengatik deigarria egin zaizuna adibidez.

2. AURKEZPEN LABURRA IDATZI. 
Kasuaren nondik norakoak era laburrean deskribatu. Irudiak edo beste motatako material grafikoak gehitu ditzakezu. Ez ahaztu galdera batekin amaitzen.

 
3. ONDORIO EDO GARAPENA EMAN. 
Kasua edo egoera klinikoaren datu osagarriak, bilakaera edo ondorioak adierazi.



4. GUZTI HAU bagabigablog@gmail.com-ERA BIDALI.


ERREZA EZTA? 

ESKERRIK ASKO PARTE HARTZEAGAITIK!

 
Kasu Klinikoen BagaBigaBlog Lehiaketa. OINARRIAK

Kasu klinikoaren Sarrera. Adibidea.

Kasu klinikoaren Erantzuna. Adibidea


Continue lendo

2013-05-06

UDABERRIKO "ELURRA ZAPALDUZ" (II)

"Elurra zapaltzea" bezala deskribatu izan da klasikoki miaketa fisikoan eta hastapenaren bitartez LARRUAZALPEKO ENFISEMA-k ematen duen zeinua. Airea azal azpian sartzearen ondorioa da. Hau egoera ezberdinen ondorioa izan daiteke:
  • Beheko arnas bidetik etortzea, neumotorax baten ondoren, zeina bat-batekoa edo traumatismo batek eragindakoa izan daitekeen. 
  • Aurpegiko hezurren hausturarengaitik 
  • Hestegorriaren hausturaren ondorioz. 
Kasuari berriro helduz, gure mutikoari aurpegiko OTA (ordenagailu bidezko tomografia axiala, erderaz TAC) egin zitzaion. Hemen azaltzen zaizkizue hainbat irudi laburpen modura. 







Irudian eskumaldeko masailezurra eta alde bereko begi-zuloaren alboko hormaren hausturak antzematen dira. Hau da, hain zuzen ere, larruazalpeko enfisemaren jatorria.

Hurrengora arte!

Gogoratu zuen kasu klinikoen zain gaudela!
Kasu klinikoen BAGABIGABLOG Lehiaketa

 


Continue lendo

2013-04-30

Kasu Klinikoen Lehiaketan parte hartzeko deialdia... Kasu kliniko baten bitartez

Maiatza badator eta beraz hilabete duzue zuen kasu klinikoak bagabigablog@gmail helbidera bidaltzeko. Animatu zaitezte!

 
Tartean, hemen duzue kasu kliniko berri bat, ea zuen partaidetzarako gogoa pizten laguntzen duen.

UDABERRIKO "ELURRA ZAPALDUZ"

Etengabeko Arreta Gune batean egonda, lankideak bere kontsultara hurbiltzeko eskatu zidan, aldi berean pazienteak esandakoaren berri emanez. 

Pazientearen esanetan, 3 gau lehenago, taberna batetik irtetzerakoan ezagutzen ez zituen morroi batzuk kolpatzen hasi zitzaizkion. Berehala lurrera erori eta orduan hainbat ostikada jaso omen zituen gorputz eta aurpegian. Kolpeek eragindako minaz gain, aurpegi eta lepoa handituta zituelako kontsultatzea erabaki zuen azkenik. Ez zuen arnas-esturik, ez sukarrik ez eta azalean gorritasun edo berotasunik izan. 

Azterketa fisikoari dagokionez, hastapenean eskuak lepotik eta aurpegian zehar pasatzean "elurra zapaltzen" deneko sentsazioa antzematen zen. Azterketa fisikoaren beste datuak: Bihotz maiztasuna 70 taupada minutuko, tentsio arteriala 123/78 mmHg eta oxigeno-asetasun maila %98-koa.

Gauzak horrela, pazientea ospitalera bidali genuen bertan erradiografiak egin eta beharrezko tratamendua eman ziezaioten. Hemen duzue egin zitzaizkion erradiografietako lehenengoak.



Zein da diagnostikoa? Beste froga osagarririk egingo zeniokete?


Mikel Baza
Familia Medikua

Eskerrik asko Jokin!



Oharra:  Kasu klinikoen Lehiaketan izango genukeen egiturari jarraituz, aste honetan zehar zuen iritzi eta erantzunak jasoko ditugu, datorren astean zehar kasuaren bigarren zatia argitaratu aurretik.

Continue lendo

2013-04-29

PAZIENTEENTZAKO LEHENENGO FITXAK

Duela hilabete batzuk abian jarri genuen proiektua bere lehen fruituak ematen hasi da. Dagoeneko 41 fitxa zuzenduta eta enmaketaziora bidaliak daude eta horietako lehen hirurak aurkeztu nahi dizkizuegu gaurkoan:




Karpoko Tunela

Asma

Hipertentsio Arteriala


Hala bada, mila esker proiektu honetan parte hartu duzuen norbanako guztiei. Zuon guztion lanari esker burutu baita.
Oraindik fitxaren bat itzultzeko daukazunoi, hauek itzuli ahala bidaltzea eskertuko genizueke.

Eskerrak eman ere, lan honetan parte hartu duten erakunde ezberdinei: camfic (societat catalana de medicina familiar i comunitària), Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea eta Osatzen



Continue lendo

2013-04-15

OEEren 23. Osasun Biltzarra

Iruñean, maiatzaren 10 eta 11n egingo den OEEren 23. Osasun Biltzarrean izena emateko epea zabalik da. 




Info guztia: www.oeegunea.org

Izena emateko: http://www.oeegunea.org/biltzarrak/izena_eman
Continue lendo
 

BAGA BIGA BLOG! Copyright © 2011 | Template design by O Pregador | Powered by Blogger Templates